Kondairen magiak hartu du Ibarraundi museoa

Jone Arruabarrena 2024ko abe. 14a, 19:10

Dorleta Kortazarrek Eskoriatzako eta Gatzagako ipuiñek liburuan oinarritutako ipuin kontaketa egin du Eskoriatzako Ibarraundi museoan. Zahar eta gazteek adi-adi entzun dituzte kondaira eta ipuinak.

Abenduaren 3an, euskararen egunean, aurkeztu zuten Eskoriatzako eta Gatzagako ipuiñek liburua. Gaur, berriz, lehen aldiz kontatu ditu Dorleta Kortazar ipuin kontalari eskoriatzarrak bertan kontatzen diren ipuin eta kondairak jende aurrean. Ibarraundi Museoko areto nagusia bete da, eta adin guztietako jendea hurreratu da bertako ipuinak entzutera; txikienak lehen lerroan, eta helduenak atzealdean.

Euskal mitologiarekin daukate lotura liburuan biltzen diren ipuin askok, eta Gabonetako sasoian Ibarraundin jartzen duten euskal mitologiari buruzko erakusketarekin lotu nahi izan dute ipuin kontakizuna. Bertan, Gabonekin lotutako mitologiako pertsonaiak ez ezik, kondaira eta kontuetako bestelako pertsonaiak ere ageri dira.

Bere herrian bertako ipuinak kontatzea "berezia" izan da Kortazarrentzat, esan duenez: "Tximeletak sentitzen dituzu sabelean ezagutzen duzun jendea publikoan ikustean. Daukan zailtasuna da normalean nik batuan kontatzen ditudala ipuinak, eta arrotza egiten zait ezagutzen dudan jendearen aurrean batuaz egitea. Beraz, pixka bat moldatu dut kontatzeko modua".

Harrera ona liburuari

Liburua aurkeztu zutenetik bi aste inguru igarota, atera zuten 300 liburuko lehen tiradatik dezente saldu dituzte dagoeneko. Izan ere, Kortazarrek azaldu du, "balio folkloriko bat" daukatela liburuan bildutako ipuinek: "Eskoriatzako gure nagusiek kontatutako ipuinak dira, ipuin tradizionalak, eta ipuin tradizionalak guztionak dira. Eskoriatzan kontatu dira, baina horietako batzuk baita Euskal Herriko beste txoko batzuetan ere".

Miren Diaz de Gereñu eskoriatzarrak abiatutako proiektua da Eskoriatzako eta Gatzagako betiko ipuiñek liburua, eta zenbait herritarrek elkarlanean egindako lana da. Ahozkotasuna errekuperatzeko, bertako kondaira eta istorioak mantentzeko, Eskoriatzako euskara gordeta geratzeko eta haurrei kontakizunak egiteko, bertako ipuinen kontakizun-sorta egin dute.

Hamalau ipuinek osatzen dute, guztira, liburua: Zuluen trabaute, Gaba gabekuendako, Atxorroxko kondairie, Gatzagarren promesie, Eulixek, Urkuluko zubixe, Mari, Irulie eta katu baltza, Ni neu naz, Txerrenen edadie, Lamiñaren potzue, Metal-ure, Leteko karegillie eta Olentzero. Gainera, kontakizun bakoitza euskara batuan zein euskalkian dago idatzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak