Arizmendi ikastolak Arberoa ikastolari babesa eman dio

Sara Lanz 2024ko abe. 14a, 13:29

Iparraldeko Arberoa ikastolaren aldeko elkartasun ekimenak egin ditu Arizmendi ikastolak, Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Sua itxungi, elkartasuna ixotu lelopean txistorra eta edari salmenta, elkartasun tanta dinamika, otzara zozketa, musika eta abarrek girotu dituzte herrietako hainbat txoko.

Atzo, abenduaren 13an, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako hainbat guneetan Arizmendi ikastolak ekintzak antolatu zituen, Sua itxungi, elkartasuna ixotu lelopean, 17:00etatik aurrera. Txistorra eta edariak saldu zituzten hainbat herrietan, eta zozketak ere egin zituzten: Aretxabaletan, Mitarte kalean izan zen; Arrasaten, Arimazubi plazan, San Andresen, Biteri plazan eta San Isidro ermitaren ondoan; eta Eskoriatzan, Herriko Plazan.

Sute batek Donamartiriko (Nafarroa Beherea) Arberoa ikastolako hiru eraikinetako zaharrena erre zuen urriaren 28an, "kalte handiak" eraginez bulegoetan eta ikasgela batzuetan; hala, hari babesa emateko asmoz, egin ditu ekintzan Arizmendik. Iñaki Gonzalezek, Arizmendi ikastolako ordezkariak, horrelako gertakariak "minkorrak" direla adierazi du: "Ikastola guztien artean sare bat osatzen dugu, amaraun erraldoi bat Euskal Herrian. Bai euskara eta Euskal Herria hauspotzen duena, hauen bizirautea bermatzeko eta etorkizun bat eraikitzeko asmoarekin. Baina, horrelako gertari batek bidea zailtzen du".

Arberoa ikastolak erronka handi bati aurre egin behar dio, suteak eragindako kalte guztiak konpondu arte. Horregatik, ekonomikoki laguntzea ezinbestekoa da. Hori lortzeko asmoarekin, Arizmendi Ikastolak herrigintzaren bitartez lagundu nahi du Nafarroa Behereko ikastola. Gonzalezek, herrigintzaren indarra nabarmendu nahi izan du: "Niri asko pozten nau, familiak, lankideak eta ikasleak, ekimenean nola parte hartzen duten ikustea". 

Guztira, hiru herrietan, sei postu desberdin jarri zituzten. Guztiek ardatz bera jarraitu dutela azaldu Gonzalezek: "Denek oinarri bera izan dute txistorra eta edari salmentari dagokionez. Baina, sorkuntzan sinesten badugu, postu bakoitzak ere autonomiarako lekua izan du". Hori horrela, tonbola, txokolate salmenta, gazta baten pisua asmatzeko apustuak ikusi ahal izan ziren.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak