Dendetan, tabernetan, eraikin publikoetan… Eskoriatzako eta Aretxabaletako ehun establezimendu baino gehiagotan Guria erabili zeinke leloa daramaten pegatina berdeak jarri dituzte. Bi herrietako kidez osatuta dagoen Altxa Burua taldearen ekimenez egin dute, Gipuzkoako beste hainbat txokotan abiatutakoari jarraipena emanaz.
"Ideia da familiei, umeei eta nerabeei esatea arazoren bat tarteko telefonoa erabili beharra badute, pegatina daramaten establezimenduetako telefonoa erabili dezaketela", dio Altxa Burua taldeko Eneritz Pagaldaik, eta gaineratu: "Seme-alabei mugikorra erosteko arrazoiak hainbat dira, baina zenbait familiaren ardura izaten da umeei zerbait gertatu ezkero harremanetan jarri ahal izatea. Ekimen honekin zabaldu nahi dugun mezua da ez dela derrigorrezkoa umeei mugikorra erostea behar horri erantzuteko". Modu horretan, gainera, "zaintza komunitarioa" ere indartu gura dute.
Pagaldaik dio, era berean, euren proposamena oso ondo hartu dutela bi herrietan: “Bi Udalen partetik jarrera oso ona izan dute hasieratik; Aretxarte eta Axtroki merkatarien elkartekoekin ere jarri ginen harremanetan, baita elkarte barruan ez dauden komertzioekin ere, eta gehienek jarri dute pegatina. Askok esan digute, gainera, aurretik utzi izan dutela telefonoa modu natural batean”. UDA bezalako beste eragile batzuk ere batu dira ekimenera eta Altxa Burua taldekoek gaineratu dute interesa duen beste edozein establezimendu zein eragilek ere egin dezakeela gauza bera.
Eraikin publikoei dagokienez, Aretxabaleta zein Eskoriatzako kiroldegietan eta kultura etxeetan zein ludoteketan jarri dituzte pegatinak.
Altxa Burua guraso taldea
Pantailek, eta bereziki, mugikorren erabilera goiztiar eta desegokiaren inguruko kezkak sortutako guraso mugimendua da Altxa Burua eta haur zein helduen artean pantailen erabilera "kontziente, egoki eta osasuntsu" bat sustatzeko du helburua.