Hain zuzen, 933 kultur produktu berri izango dira salgai; horietatik 38, Debagoienari lotutakoak – joan den urtean baino zortzi gehiago–. Guztira, 153 partaide izango ditu Landako guneak, eta 274 erakusmahai jarriko dituzte, iaz baino hamazazpi gehiago. 639 liburu, musikari lotutako 216 lan, 47 aldizkari eta bestelako 31 argitalpen, zehazki.
Landako gunetik hara go ere eskaintza zabala prestatu du Gerediaga elkarteak: Talaia, Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara eta Szenatokia guneak egongo dira. Horietan ez dira faltako kultur ekitaldiak: 200 baino gehiago izango dira lau egunean.
Musika barra-barra
Aurten ere uzta oparoa eraman dute Debagoieneko musika sortzaileek Durangora. 23 disko aurkeztuko dituzte, hain zuzen, baita Alosia disko-fanzinea ere. Azken hori Perlata taldeak ateratakoa da, eta hainbat tatuatzaileren marrazkiekin, taldearen hitzekin eta hausnarketekin osatu dute fanzinea. Diskoa liburuxkaren barruan egongo da.
Bestalde, Orhi taldeak ere azokan bertan aurkeztuko du bere lehen diskoa: Izarrik ez. Bergarako, Azpeitiko eta Antzuolako sei lagunek osatzen dute, eta pop-rock estiloa darabilte. Abenduaren 7an egingo dute aurkezpen-kontzertua, Ahotsenean, 11:00etan.
Bailara, orri artean
Literatura aldetik ere ugari dira Debagoienean ekoitzi eta Durangon salduko diren lanak. Esaterako, Intxorta 1936 Kultur Elkarteak hiru liburu eraman-go ditu: Tortura Arrasaten: genero ikuspegitik, 2000 del Winnipeg: Diario de a bordo eta Orratz begia: 1936 Gipuzkoako gerra haurrak. Talaia gunean aurkeztuko dituzte guztiak: abenduaren 8an 12:30ean lehena eta abenduaren 6an 18:00etan azken biak.
Nabarmentzekoa da Joannes Jauregik euskarara itzuli duen Trilogia liburua ere. Jon Fosse Literaturako Nobel saridunaren liburua itzuli du Jauregik, AEDko eta Arrasateko Udalak antolatutako Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketako bekaren bidez. Oñatiko Algaraz Ikuskizun Elkarteak, berriz, Alaia Martinek eta Mirari Sagarzazuk sortutako Zapatekin arnas liburua aurkez-tuko du, Potx eta Lotxen Lagunekin topa! diskoaz gain.
Ikus-entzunezko berezia
Ines Osinagak Bat, bi, hiru kanta. Igual lau. (#itsasoadabidebakarra sessions) lana aurkeztuko du abenduaren 6an, 12:00etan, Irudienean. Hala ere, ez da ohiko ikus-entzunezko lan bat. "Bideo-audizio kolektiboa" da, Osinagak sortu eta Xerra estudioak zuzendu duena. Hogei minutuko iraupena du lanak, eta bertan hainbat performance aurkeztuko ditu artista arrasatearrak, "artea normalean kontsumitzen ez den lekuetara" eramateko helburuarekin, eta guztiak dokumental musikal batean bilduta.