Puntua aldizkariaren 435. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Zortzi urterekin hasi zen Euskal Herri mailan lehenengoa izan zen Almeneko bertso-eskolan, eta, era batera edo bestera, haren bizitza mundu horretara lotuta egon da ordutik: bertsolari, epaimahai, gai-jartzaile, ikerlari, bertsozale…
Ia bost hamarkada bertso munduari lotuta; Almeneko bertso-eskolan hasi zen Arantzazu Loidik zer pentsatuko luke horretaz?
Ez luke horrelakorik izango buruan! Gurasoek animatuta, libre geneuzkan zapatuetan Almenera joatea goizak pasatzeko modu bat zen, urrunago begiratu gabe. Eta, seguru asko, zer eskaintzen ziguten oso ondo jakin barik jarraitu banuen, gustura joango nintzelako izango zen, baina ez dut horren oroitzapenik. Bertsolaritza ume-umetatik etxean eroan dudan zaletasun bat izan da, eta Almeneko taldean egoteak, bertsolaritza lantzeak eta gozatzeko eman didan aukerak mantendu nau bertsolaritzara lotuta.
Zein da Almeneko bertso-eskolaz pentsatzean burura datorkizun lehen oroitzapena?
Almenekoa baino gehiago, gerora, handik kanpo, Apotzagan, lagun artean mahaiaren bueltan borobilean jarrita izaten genuen umore giroa, elkarrekin aritzea... hori guztia datorkit. Gerora etorri ziren plazak, txapelketak...
Esan izan duzu, baina, hain gazte hasita, ez zenuela beste ume batzuen haurtzaro berbera izan.
Haurtzaroa bera bai, hasieran zelako lehenengo zapatu goizetako eta gero egubakoitz iluntzetako ekintza bat. Baina nerabezaroan, herriz herri eta txapelketak txapelketaz hasi ginenean, asteburuetan lagunekin ibiltzetik, kuadrilla girotik aldendu ninduen zerbait izan zen. Halabeharrez izan zen hori; gaur egun, kirolean, lehiaketetan dabilen gazte bati gertatzen zaionaren moduan irudikatzen dut: lagunekin jolasteko edo kalean gora begira egoteko denbora gutxitu eta denbora hori kirolari eskaintzea. Gure kasuan, bertsolaritzari eskaintzen genion.
Bertsolaritzak zure adin bereko beste gazte batzuek landuko ez zituzten gaiak lantzera edo horien inguruan hausnartzera ere eroango zintuen.
Hori ere bai. Baina uste dut berez ere banuela hausnarketarako zaletasuna. Beti izan naiz irakurzalea, gogoeta-zalea, sentimenduan landu eta adieraztekoa. Oso bat zetorren nirekin. Era berean, jarduera kultural batekin oso konprometitua egoteko eta Euskal Herria osoa ezagutzeko ematen zuen aukera ere oso ezberdina zen; gure bailaran bertatik irten barik bizi ziren, edo bizi ginen, gazteak ginelako. Hori ere aldaketa bat zen.
Eta egindako lanaren fruituetako bat 1985ko Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa irabaztea izan zen; nola gogoratzen duzu momentu hura?
Egia esan, txapelketa bera ez dut bereziki gogoratzen. Gogoratzen ditut anekdota batzuk: nola hurbildu zitzaizkidan kazetariak aurretik; irudietan askotan ikusi dudalako, nortzuk ibili ginen lehian... Hurrengo eguna ere gogoratzen dut, ikasturte amaiera zelako eta orduko COU ikasten nenbilenez azken azterketak edo selektibitatea nituelako, horrek zekarren presioarekin. Eta oroitzen dut sorpresaz bizi izan nuen zerbait izan zela: "Niretzat egun garrantzitsua izan da, baina badirudi handia dela!".
"BETI IZAN NAIZ IRAKUR-ZALEA, GOGOETA-ZALEA, SENTIMENDUAK LANDU ETA ADIERAZTEKOA"
Gaur egun, Arrasateko finalaurrekoan bezala, ohituta gaude harmailak beteta ikustera, gazteak ere egoten dira... Bertsolaritzaren mundua horrelakoa zen garai haietan?
Eskolarteko txapelketetan bai; azken finean, Gipuzkoa osoko ikastola eta ikastetxeetatik joandako gaztetxoak elkartzen ginen, eta gurasoak ere joaten ziren. Baina ez dut oroitzen guk geuk ere bagenekienik Txapelketa Nagusirik jarraitzen genuenik. Beste antolaketa mota bat zen, Bertsozale Elkarterik ez zegoen, eta, ondorioz, ez zegoen egun dagoen mugimendurik, ekimenik, boluntario pilarik, bertsozalerik. Gehien baloratzen dudana da gure bertso-eskolak eta beste askok bertsozaleak sortu zituztela bertsolariak adina edo gehiago. Horri guztiari esker, bertsolaritza prestigioa izatera heldu da, baita modan dagoen zerbait izatera ere: finaletara, esaterako, urte osoan bertsorik ez duen jendea ere joaten da. Gauza asko aldatu dira, eta ez Gipuzkoan bakarrik, Euskal Herri mailan baizik.
1991n, 24 urteko etenaren ostean, Gipuzkoako Txapelketa itzuli zen; 50 partaidetik gora bertan eta emakumezko bakarra: zu zeu!
Hasieran oso modu kontzientean bizi izan ez nuen zerbait izatetik gerora horretaz jabetu eta bere horretan bizi izan nuen zerbait izatera pasatu zen. Gizonezkoen munduan emakume bakarra izateak baldintzatu nauen? Bai, noski! Hasteko, nik neuk kontzienteki bizi ez nituen zenbait gauza kanpotik ezberdin ikusten zirelako: fisikoki ezberdina izan eta horrek eragiten zituen komentarioak; nire ahotsaren ezaugarriak; kantatzeko orduan gizonezkoen tonura egokitu beharra... Nik ez nituen izan geroztik plazan ibili diren emakumeek asko aldarrikatu eta defendatu dituzten kontuak, ahalduntzeko bidean egin dituzten hausnarketa handiak; gure garaian ez ziren existitzen eta nik ezin izan nituen bakarrik sortu eta borrokatu. Nirekin batera bertso-eskolan ibili zirenek eta gerora ezagutu genituen adin tarte berekoek kuadrilla bat osatu genuen eta ni horien artean bat gehiago sentitu izan naiz, baina beste belaunaldi batzuetako bertsolariekin kantatzean igarri nituen ezberdintasunak. Eta plazan, bertsolariarena oso figura tradizionala, maskulinoa, zen garaietako bertsozaleen artean; batzuek bitxikeria moduan hartzen ninduten eta beste batzuek zuzenean esan zidaten ez zirela ohituko emakume bat bertsotan entzutera. Kanpoko begirada horrek niretzat naturala zen zerbaiti karga bat eransten zion. Eta ni nintzen modukoa, hau da, zorrotza, estua izanda, horrek tentsio puntu bat gehitzen zion bertsotan egiteari: gauzak asko pentsatu beharra; ondo esateko nahia; hizkuntza aldetik beti aberastasun baten bila... Markatu nau.
"GURE BERTSO-ESKOLAK ETA BESTE ASKOK BERTSOZALEAK SORTU ZITUZTEN, BERTSOLARIAK ADINA EDO GEHIAGO"
Askotan pentsatu izan duzu: "20 urte geroago jaio izan banintz..."?
Sekula ere ez! Bide luzea egin duten bertsolariak, Txapelketa Nagusira zein txapela janztera iritsi diren emakumeak ikusten ditudanean, eta baita gizonezkoak ere, eta ikusten dudanean zelako maila ematen duten, zelako ariketak egiten dituzten, zelako sormena eta baliabideak erabiltzen dituzten, miresmena pizten didate; poztu ere egiten naiz. Nik egon nintzen garaia gozatu, sufritu eta bizi izan nuen, eta kitto! Bukatu zenean bukatu zen.
1993an izan zen hori; arrazoi konkreturen batengatik utzi zenion jendaurrean aritzeari?
Ez; ez zen berehalako zerbait izan. Batez ere, izan zen poliki-poliki plazak gutxitzen joan zirelako. Saio batera joateko deitzen bazidaten, neure buruari exijitzen nion maila ona ematea, eta hori, azken finean, sorgin-gurpila da: saio gutxiago dituzun heinean, segurtasuna, konfiantza, erraztasuna... gutxitu egiten dira. Batak bestea dakar: plazako presentzia gutxitzen joan nintzen, nire aldetik ezezkoak ematen hasi nintzelako, eta horrek jasotako deiak gutxiago izatea ere ekarriko zuen. Era berean, profesionalki-eta beste gauza batzuekin konprometituago egoten hasi nintzen eta bertso munduan bertan bestelako gauza batzuetan, gai-jartzaile zein epaile lanetan hasi nintzen. Horrekin, bertsolari izatetik bertsozale izatera pasatu nintzen.
Bertsolaritzan egon diren aldaketa guztiak hoberako izan dira?
Gauza asko ez dira alderagarriak, mundua bera ere aldatu egin delako. Bertsolari asko garai bateko bertsolaritzarako eginda zeuden eta han geratu ziren; beste batzuk eraldatzen eta egokitzen joan dira. Seguru badaudela hausnartzeko dauden gauzak, eta Bertsozale Elkartean egiten dute hori, baita bertsolari askok ere euren buruarekin. Badaude gaur egungo bertsolaritzatik ulertzen ez ditudan eta ezberdin bizi ditudan gauzak, baina ez dut uste horiek kritikatzeko zilegitasunik dudanik.
Gaur egun zelan bizi duzu bertsolaritza?
Zale bezala, eta Elkarteko bazkide naizenez, zerbait eskatu izan didatenean egin izan dut. Hortik dator, esaterako, Gipuzkoako Txapelketarako eskatu digutena. Era berean, hemen inguruko saioetara ere joaten naiz eta telebistatik ere jarraitzen ditut.
Zelan hartu zenuen abenduaren 14an Gipuzkoako hurrengo txapeldunari txapela jartzeko proposamena?
Aspaldi jaso genuen proposamena, eta nola oso ideia ona iruditu zitzaidan txapelketan erreferentzia egitea Almeneko bertso-eskolaren sorreraren 50. urteurrenari eta hasiera horietan ibili zirenei, baietz esan nion proposamenari. Ez nintzena jabetu izan zen zelako ondorioak ekarri zituen hedabideen aldetik eta! Emandako hitza betetzeko eta egun horretaz gozatzeko asmoekin joango naiz, eta, batez ere, bertso-eskolaren ordezkari; ez dut protagonismo pertsonaletik biziko. Era berean, emakume naizen aldetik, eta finalean egongo den emakume pila ikusita, nire belaunalditik hori txalotzera eta goraipatzera ere joango naiz.
"GURE GARAIAN ERAKUTSI ZEN BURDINAZ HARAGO BERTSOLARITZA, KULTURA, EUSKARA... ERE LANTZEN ZUELA DEBAGOIENAK"
Ia-ia bai, baina, azkenean, final horretan ez da Debagoieneko ordezkaririk egongo; nola ikusten duzu bailarako bertsolaritzaren egoera?
Pena da Maiderrena [Arregi], oso puntu gutxiren aldearekin geratu delako kanpoan. Baina zortzi aulki dira eta... Dena den, batez ere, Oñati aldekoek, Arregik eta Aitor Tatiegik, Gipuzkoako Txapelketan erakutsi duten maila eta izan duten presentzia izatea bera ere garrantzitsua da. Urteetan ez da Gipuzkoako Txapelketan hemengo ordezkaritzarik izan. Gu hasi ginenean ere ez zen eskualde bereziki bertsozalea, nahiz eta bolada batzuetan Apotzagan, Eskoriatza eta Aretxabaletan inguruan eta Oñatin egon den mugimendutxo bat, bertsozaletasun handiagoa. Bertsozale asko dagoen tokitik errazagoa da bertsolariak irtetea eta uste dut horixe gertatu dela, beste belaunaldi berri bat etorri dela: Eskoriatzan Oihana eta Haizea Arana; Arrasaten, Ane Zuazubiskar... Debagoienean badago bertsotan oso ondo egiten duen gazte jendea, eta hori oso ona da bailararentzat, bertsolaritza ez dadin izan Gipuzkoako eremu bateko kontua bakarrik. Gure garaian apurtu zen mito hori: erakutsi zen burdinaz harago bertsolaritza, kultura, euskara... lantzen zuen bailara bat ere bazela.
Badakigu finala nortzuek osatuko duten; zortziko horretan baduzu faboritorik ala gustuko duzunik?
Maila handiko bertsolariak dira, eta horixe da pozgarriena. Zortzikote hori bakarrik ez, txapelketa osoan egon dira maila ona eman dutenak, eta hori asko poztekoa da. Finalera begira edozer gauza gertatu daiteke, eta niri ez zait gustatzen faboritoei buruz hitz egitea, prentsan horrelakoak agertzea presioa jartzeko modua delako. Denok ditugu gustukoagoak edo hurbilagokoak, baina nik nahi dudana da saio ederra izatea eta saio oso ona egiten duenak irabaztea.
Zelakoak izan ziren kazetari moduan eman zenituen garaiak?
Izan ere, besteak beste, Arrasate press-eko zuzendaria izan zinen. Kazetaritza ikasi nuen, eta lehen lana Arrasate press-eko erredakzioan izan zen. Gero Aldundira joan nintzen arren, berriz itzuli nintzen Arrasate press-era, zuzendari. Oso hurbiletik ezagutu dut bailarak ekintzailetzan duen beste arlo bat, herri mailako hedabideak hemen hasi zirelako indartzen. Sekulako lana egin zen, nahiz eta baldintza aldetik ez duten zerikusirik gure lan egiteko moduek eta genituen baliabideek gaur egun dituzuenekin. Orduan ibili ginenoi oinarri batzuk jartzea egokitu zitzaigun, eta oroitzapen oso onak ditut; batez ere, herri mailan lortutako atxikimenduari dagokionez. Herriko elkarte, erakunde, talde, enpresa eta norbanakoekin harreman politak egin genituen. Horretaz gain, Arrasate press-en eta gerora ATBren zein Goienaren lana bai izan da aktualitatea, momentuko informazioa lantzea, baina historia ere jaso dute: 36 urtean Arrasaten, bailaran eta herri bakoitzean egon den gertakari bakoitza testu eta irudietan jasotzeko ariketa egin dute. Egun, Goienak ezinbesteko zerbitzua eskaintzen du, eta asmatu du hedabide handiagoekin lehiatzen eta, era berean, lankidetzan aritzen ere. Pozik nago bide horretan ere parte hartu dudalako.