Euskalgintzaren Kontseiluak adierazi du 2025a larrialditik indarraldirako bideari ekiteko urtea izango dela

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko aza. 30a, 13:23

Euskalgintzaren Kontseiluak gaur Andoainen egin duen agerraldia. (Argazkia: E.K.).

Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian, Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten gizarteko eragileen ordezkariek Larrialditik indarraldira izeneko adierazpena plazaratu dute Andoainen. 2025a euskararen normalizazio prozesua "onbideratzeko" urtetzat jo dute eta 2025eko abendurako mobilizazioa iragarri dute.

Azaldu dutenez, lehenengo eginkizuna da euskararen normalizazio eta biziberritzea agenda politiko eta sozialaren ardatzean jarriz. Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek irakurritako adierazpenean azaldu du nabarmenak direla euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren azken hamarkadetako susperraldia eten dela erakusten duten zantzuak.

Datuak ere eman ditu esanez, euskaraz erderaz baino errazago moldatzen diren hiztunak gero eta gutxiago direla: "Zifretara etorrita, hiztunen %17,5 baino ez dira egunerokoan euskara erdarak adina edo gehiago erabiltzen dutenak".

Euskararen aurkako oldarraldiak

Ahultasunak euskararen eta euskal hiztunen estatusarekin "lotura zuzena" duela gaineratu du: "Bere lurraldeko eremu zabal batean euskarari ukatu egiten zaio ofizialtasuna, nor izatearen gutxieneko aitortza, taxuzko politika publikoak aurrera eramateko aukera. Ofiziala den eremuan, berriz, euskararen aldeko hizkuntz politikak eraisten ari diren epai sorta gertatzen ari da, normalizazio eta biziberritzearen aurkako oldarraldi judizial gogorra. Epai horiek euskararen aldeko neurriak diskriminatzailetzat jotzen ari dira".

Oldarraldiaren dimentsio politiko eta mediatikoa ere izan ditu hizpide, eta azaldu duenez, hiztun komunitatea minorizaziotik ateratzeko neurriak diskriminazioarekin lotzen dituzten diskurtsoak ugari egiten dira.

Globalizazioa eta euskararen biziberritzea

Era berean, globalizazioak ahultasuna larritu egiten duela seinalatu zuen, eta erronka berriak jarri dizkiola euskararen biziberritzearen: "Globalizazioaren ondorioetako bat da boteredunak are eta boteretsuago egiten dituela dimentsio politiko, ekonomiko eta sozial guztian, eta hizkuntzen eta hiztun komunitateen arteko botere harremanak ez daude dinamika horretatik salbu".

Gertaera horren aurrean behartuta ikusi du bere burua Euskaltzaleen Kontseiluak larrialdi linguistikoan daudela adieraztera, eta irizten diote indarrean diren joera soziolinguistikoak eta egiturazko arazoak itzulikatzeko neurri egokiak epe laburrean hartu ezean, atzeraldia datorrela: "Hizkuntz politikan aurrerapauso sendoak egiten ez badira, bizigarritasun soziala irabazi ordez galtzen hastekotan gaude".

Larrialditik indarraldia

"Garaiz" daudela uste dute larrialditin indarraldirako bideari ekiteko, eta euskararen nahiz euskal hiztun komunitateari etorkizun oparoa bermatzeko. Horregatik, lehen eginkizuna markatu dute: euskararen normalizazio eta biziberritzea agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea.

2021ean Batuz Aldatu dinamikan egin zuten akordioa sendotzea izan da aurtengo helburuetako bat, eta 2025ean kaleratuko dute lanketaren emaitza. 2025a urte garrantzitsua dela azaldu du eta herritarrak prozesuan parte hartzera eta ekarpenak egitera gonbidatu ditu

Hala, aurreratu dute 2025eko abenduan Euskararen Egunaren testuinguruan "mobilizazio sozial handi baterako" deia egingo dutela, "prozesu baten emaitza izango dena, eta ziklo berri baten abiapuntu. Ez da erronka makala, baina itxaropentsu eta prest gaude. Datozen hilabeteetan mobilizazio honen nolakotasuna adostu eta iragarriko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak