Euskara: askok hautatu duten bide berria

Jone Arruabarrena 2024ko abe. 2a, 09:30

Askotariko istorio eta arrazoiak dituzte Bellak, Gordillok, Martinezek eta Lamadridek. Baina guztiek daukate zerbait komunean: ez dute etxetik euskara jaso; umetan ez dute erabili: gerora egin dute ikasteko hautua

Andrea Bella: "Argi daukat hona etorri naizela euskaraz bizitzera"

Andrea Bella da Uruguaikoa. 2008an hasi zen euskara ikasten, eta duela urtebetetik bizi da Bergaran. Ibilbide horren ondoren, Euskaraldiko dinamizatzailea da, gainera, gaur egun. Arrazoi nagusi bat izan du Euskal Herrira etortzeko: "Sentitzen dut euskara bultzatu nahi dudala".

Uruguaiko euskal etxe batean hasi zen, 18 urte zituela, euskal dantzen eskolak hartzen, eta orduan sortu zitzaion euskara ikasteko aukera. Haren ahizpa hasi zen lehenengo, eta geroago hura, 2008an, Eusko Jaurlaritza kudeatutako HABE programan lehenengo eta Etxepare Institutuak kudeatutako ikastaroetan gero.

"Oso esperientzia polita izan zen. Internet bidez ikasten genuen, Maizpide euskaltegiko irakasle batekin, Jon Urdangarinekin. Gero, Dani Oiarbide ere izan zen gure irakaslea. Barnetegiak ere izaten genituen: udan bi astez eta neguan astebetez", azaldu du Bellak.

Korrikan parte hartzeko zapaldu zuen Euskal Herria lehen aldiz, 2011. urtean. "Euskaltegiko bi irakasle etorri ziren Uruguaira, eta Korrikan parte hartzeko proposamena egin ziguten. Nik orduan ez nekien Korrika zer zen ere. Orduantxe azaldu zidaten, eta, azkenean, etorri nintzen Euskal Herrira Korrikan parte hartzera".

Marraztea ere gustuko du Bellak, eta arlo hori ere euskararekin lotu du. Izan ere, pandemia garaian, Jagi Hadi Mundura taldea sortu zuten munduan zehar bizi ziren euskaldunek, eta taldearen lehenengo urteurrena ospatzeko liburu bat kaleratu zuten, euskarazko hainbat hitzen esanahia azalduta. Bellak egin zituen liburuko ilustrazioak, taldeko beste kide batekin batera.

Instagram bidez erakusten ditu obrak; horiek ere, euskaraz. "Uruguain inor gutxik ulertzen du Instagramen jartzen dudana, baina, hala ere, nik euskaraz izan nahi dut. Batzuei, horrela, kuriositatea pizten zaie euskarari buruz", azaldu du.

Aurten etorri da Euskal Herrira bizitzera, eta Euskaraldiko dinamizatzaile lana du orain. "Argi daukat hona etorri naizela euskaraz bizitzera. Ez gaztelaniaz, eta ez uruguaieraz. Euskaraz".

Toñi Gordillo: "Asko balio izan dit, jendearekin harremanak egin eta kulturaz gozatzeko"

Duela hamarkada batzuk hasi zen Toñi Gordillo euskara ikasten, 22 urterekin. Etxean ez zuten euskaraz hitz egiten, baina hark hartu zuen euskaltegira joaten hasteko erabakia. Batez ere, "kultura eta hizkuntza" ulertzeko beharrak bultzatu zuen pausoa: "Hemengoa izan naiz betidanik, eta bertako kultura eta hizkuntza ulertzea garrantzitsua iruditzen zitzaidan".

Lau urtez egon zen euskaltegian, eta orduz geroztik praktikatzen jarraitu du mintzamenari dagokionez: "Bi alaba dauzkat, eta txikiak zirenean saiatzen nintzen haiekin dena euskaraz egiten. Lankideak ere euskaldunak dira, eta haiekin ere batzutan euskaraz egiten dut". GOIENA irakurtzen du astero, irakurmena lantzeko.

"Gaur egun, noizean behin egiten dut euskaraz, baina garrantzitsuena euskaraz egiten dutenak ulertzea da; hori nahi nuen". Duela urte batzuk hartutako erabakiarekin "oso gustura" dagoela adierazi du: "Ikaragarria da; izan ere, asko balio izan dit, jendeari buruzko harremanak egiteko eta kulturaz gozatzeko".

Ramon Martinez: "Motibazioa eman dit euskarak; zerbait inportantea da niretzako"

Duela bi urte hasi zen euskara ikasten Ramon Martinez, erretiroa hartzearekin batera. Arrasatearra da, baina gazteleraz bizi izan da: "Nire anaiak eta koinatak bai, euskaraz hitz egiten dute, baina nirekin erdaraz egin dute beti. Oñatin egin izan dut lan, eta lanean euskaraz egiten zuten, baina nirekin erdaraz. Mundua erdaraz bizi izan dut".

Erretiroa hartutakoan, denbora libre asko zuela eta, erabaki zuen momentu egokia zela euskara ikasteko. Haren kabuz ikasi du gehiena, eta duela bi hilabete hasi da mintzalagun dinamikara joaten, ahozkotasuna hobetzeko: "Nire kabuz hasi nintzen; ez nintzen euskaltegira joaten. Etxean, irratia entzuten nuen, Whatsapp euskaraz erabiltzen hasi nintzen, eta euskaraz asko irakurtzen. Gauza bakarra falta zitzaidan: hitz egitea. Horregatik hasi nintzen mintzapraktikan".

Egunero baliatzen ditu ordu batzuk euskara ikasteko, irratia entzunez edo irakurtzen: "Motibazioa eman dit euskarak; zerbait inportantea da niretzako, eta burua lantzen laguntzen dit".

Jesus Angel Lamadrid 'Ketxu': "Nire seme-alabekin komunikatzeko hasi nintzen euskara ikasten"

Lanean proposatu zioten lantokian antolatutako euskara ikastaroetara joatea Jesus Angel Lamadrid Ketxu-ri, duela sei urte. Ikastaro haietan hasi zen, astean bi bider, ordu eta erdiko eskoletan. "Konturatu nintzen niretzako gutxi zela, gehiago behar nuela. Horregatik apuntatu nintzen euskaltegira".

Duela sei urte hasi nintzen ikasten. Lanean hasi nintzen, ikastaro batean. Astean bi bider joaten nintzen, ordu eta erdiz, baina oso gutxi zen niretzako, eta, horren ostean, euskaltegian hasi nintzen. Pandemiaren ostean hasi zen mintzalagun dinamikarekin. "Ostiraletan taberna batean elkartzen gara, eta ordubetez euskaraz hitz egiten dugu". Azaldu du "zaila" egiten zaiola, baina "poliki-poliki" aurrera doala.

Argi dauka zergatik eman duen pausoa: "Nire seme-alaben ama-hizkuntza euskara da, baita nire emaztearena ere. Batzuetan, ez nien ulertzen, eta hori oso gogorra zen niretzat. Emazteari galdetu behar izaten nion zertaz ari ziren. Nire seme-alabekin komunikatzeko hasi nintzen euskara ikasten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak