Urteetan zehar egin dira Debagoienean eta, oro har, Euskal Herrian, hitanoa biziberritzeko ekintzak. Badihardugu euskara elkartea ari da, buru-belarri, hitanoaren egoera aztertzeko lanean, eta, bertako kide Idoia Etxeberria oñatiarrak dioenez, "herri batzuetako egoera beste batzuetakoa baino hobea izan arren, egoera, oro har, ez da ona". Debagoienaren kasuan, "Antzuola eta Oñati" dira, Etxeberriak dioenez, hitanoa gehien erabiltzen diren udalerriak, baina, esan bezala, "egoera ez da ona". Hala ere, hitanoa biziberritzeko lan horretan, "Debagoieneko herri guztietan egin dira ekintzak", eta hori "positibotzat" jotzen du Etxeberriak.
Ekimenak martxan
Hikaren erabilerari dagokionez egiteko asko egon arren, Etxeberriak dio badagoela gai honen bueltako "mugimendua"; hika ikasteko eta haren erabilera sustatzeko egiten diren ekimenak, alegia. Herri batzuetan beste batzuetan baino gehiago nabari da mugimendu hori, baina, oro har, oñatiarrak dio egiten direla "hikaren erabilerari sustatzeko ekintzak". Etxeberria bera "herri ekimenetik sortu zen Oñatiko Ingo Xonau! taldeko koordinatzailea" da, zeinetan hasiera batetik egin zuten diagnostiko bat jakiteko "zenbat emakume dauden hika egiten dakitenak, badelako oso eremu intimoko hizkera mota bat". Horrez gain, gainontzeko herrietan ere egiten dituzte ekintzak, eta ikusten da "badagoela gaiari buruzko sentsibilitatea".
Durangon aurkezpenak
Hitanoa biziberritzeko helburuarekin sortu zuten, 2021. urtean, Appa Hi! aplikazioa Badihardugu euskara elkarteko kideek, CodeSyntax-en laguntzarekin, eta gaur egun bailarako zenbait herritako hitanoa landu daiteke bertan, Euskal Herriko beste herri batzuetakoaz gain: "Oñatiko hitanoarekin hasi ginen aplikazioa garatzen, 2021. urtean, eta, geroago, Arrasateko, Eskoriatzako, Aretxabaletako eta Leintz Gatzagako hika lantzeko aukera ere sartu genuen aplikazioan. Datorren urtera begira, Bergarako bertsioa gehitzeko asmoa dugu".
Datorren urterako, Bergarako hitanoaren bertsioa gehitu nahi dute Appa Hi! aplikazioan
Etxeberriak adierazi duenez, aplikazioarekin batera, Badihardugu elkartea ari da hitanoa lantzen euren proiektu nagusia den Ahotsak.eus-en barruan: "Ahotsak.eus proiektuan 20 urte daramatzagu adineko jendea elkarrizketatzen, eta horietan, modu naturalean jaso izan dugu hika. 2019. urtetik, berariaz hika lantzeko lanak egiten ari gara, eta orain, Ahotsak.eus-en hikari buruz dauden pasarteak Hika.ahotsak.eus atarira eraman ditugu. Beraz, hikari buruzko pasarteak, argitalpenak eta ikus-entzunezkoak agertzen dira, Euskal Herri osokoak". Badiharduguk euren bi proiektuak aurkeztuko ditu Durangoko Azokan, abenduaren 6an, 19:20an, Kabian gunean, eta Etxeberriak aitortu du eurentzat garrantzitsua dela Euskal Herriko txoko ezberdinetara hedatzea: "Euskalkiak aldatu egiten dira herriz herri, eta, hortaz, hikako formak ere bai. Izan daitezke antzerakoak, baina bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta, horregatik, guretzat ere oso garrantzitsua da ahalik eta herri gehienetan egotea hika ikasteko aukera".
I. Hikadromoa
Aurtengo Durangoko Azokan, Euskal Herriko lehenengo Hikadromoa egingo dute hika bultzatzen ari diren kide batzuek, Landako ikastetxean, abenduaren 7an, 16:00etatik 17:45era bitartean.
Iaz egin zen aurrenekoz, Oñatin, Euskal Herriko Hika Topaketa, eta, Etxeberriak dioenez, topaketa hura oinarri hartuta egingo dute lehenengo Hikadromoa: "Oñatin egin zen topaketa hartan elkartu ginen hika bultzatzen ari garen 80 eragile inguru, Euskal Herri osokoak. Ikusi genuen sekulako beharra zegoela elkar ezagutzeko eta indarrak batzeko, une hartan oso bananduta geundelako geografikoki, eta bakoitzak lurraldeko punta batean eragiten zuelako". Ekimen horren bueltan lanean ari zirenak gutxi ez zirela ikusita, eta elkarrekin zerbait egiteko asmoz, aurten sortu da hika eragileen talde bat: ZirHika. Talde hori Badihardugu elkartetik koordinatzen dute, eta bertan sortu zen Euskal Herriko I. Hikadromoa sortzeko ideia: "Helburua da hikazaleak elkartzea, erakustea hitanoa bizirik dagoela eta ondo pasatzea. Mintzodromoaren antzeko zerbait izango da: mahai baten inguruan launaka jarri eta, hamabost minutuz, gai baten inguruan berba egitea izango da kontua, denbora jakin batean behin mahaiz aldatuta". Etxeberriak adierazi du guztiei egindako deialdi bat dela, eta gonbidapena egiteko aprobetxatu gura izan du: "Animatu gura ditugu hikazale guztiak; ondo dakitenak bai, baina ikasi gura dutenak ere bai".
Idoia Etxeberria: "Hitanoaren eta nokaren gaineko estereotipoak hautsi nahi ditugu"
Hitanoa berreskuratzea bai, baina barruan ere badago mamia.
Hitanoa berriro ere erabiltzen hastea da helburua, baina, horren barruan, nokaren erabilera, nolabait esanda, berpiztea ere gura dugu.
Generoak badu zerikusirik gai horretan?
Bai, genero arrazoiengatik ikusten da noka askoz gehiago galdu dela toka baino. Ez da herri batean gertatzen, orokorra da. Momentu jakin batean, hitanoa lotu zen baserritarra izatearekin, hizkera baldarrarekin edo ez-jasoarekin, eta batzuek euren seme-alabei ez zioten hizkera hori transmititu. Emakumeen kasuan oso argia izan da.
Estereotipoak haustea da helburua?
Azkenengo urteetan ez denez apenas nokarik erabiltzen, neska gazteek pentsatu dezakete hitanoa ez dela eurek erabili dezaketen hizkera mota, mutilen kontu bat dela. Egon daiteke pentsamendu hori, mutilak ibiltzen direlako hika hitz egiten eta neskak, normalean, ez. Hori haustea gura dugu, hitanoa biziberritzeko, baina, bereziki, noka berreskuratzeko.