EAEko erakunde publiko nagusien babesarekin, LH Dualak ikasketak konbinatzen ditu enpresetan eta ikastetxeetan, batzuen eta besteen arteko lankidetzaren bitartez eta euskara erdigunean jarrita. Izan ere, ikasleek enpresan egingo duten formakuntzak lotura estua izan behar du heziketa-zikloko lanbide profilarekin eta programatutakoarekin. Horrenbestez, enpresan egindako lan horiek, produkzio-emaitza ez ezik, ikasketa bera ahalbidetu behar dute, bai eta, azken finean, zenbait gaitasun eskuratzea ere: lanari dagozkion gaitasunak, lanbide-arloari dagozkionak eta enplegagarritasuna hobetzeko bestelako gaitasun erabilgarri batzuk.
LH Duala euskaraz hiru modalitatetan egin daiteke, ikaslearen premia eta ezaugarrien arabera: lehen mailako LH Dual Orokorrean, bigarren mailako LH Dual Orokorrean eta LH Dual Intentsiboan –ikus lhdualaeuskaraz.eus atarian–.
Hizkuntza paisaiaren garrantzia
Programa horren parte izateko ezinbestekoa da ikaslearen instruktorea euskalduna izatea eta bien arteko arteko harremana euskaraz izatea. Ikasleak lantokian harrera egiten dioten unean igarri behar du enpresako hizkuntza-politika. Euskaraz lan egiteko, lagungarria da hizkuntza-paisaia zaintzea; hau da, enpresako errotulu, informazio, dokumentu edota aplikazio informatikoak euskaraz izatea. Lantaldeak ere pisu handia dauka aspektu horretan; hizkuntza-paisaiaren parte da.
ABANTAILEN ARTEAN, LH DUALEKO LANTEGI PARTAIDEEN LEHIAKORTASUNA AREAGOTU EGITEN DA
Ikasle kualifikatuak
LH Duala euskaraz eginda, ikasleak eleaniztasunean prestatzen dira eta lantokien lehiakortasuna areagotu egiten da. Ikasleek benetako lan-egoeretan ikasten dute eta lan-esperientzia handia lortzen dute. Gainera, enplegagarritasuna areagotzen zaie; ikasleen %70ek lortzen dute kontratua. Bestetik, baliokidetza-tituluak lor ditzakete: goi mailako ikasketen %50 euskaraz eginda, B2 baliokidetza; eta erdi mailako ikasketen %50 euskaraz eginda, B1 baliokidetza. Gainera, hizkuntza teknikoaren ezagutza lortzen dute, eta ikaslearen komunikazio gaitasuna hobetu egiten da, lan-munduratzeko prestatuago egonda.
Enpresentzako arrakasta
Lantegientzat ere asko dira LH Dualean parte hartzearen abantailak: batetik, pertsonak ezagutzeko eta hezteko aukera zabaltzen zaie; eta, bestetik, Euskal Herriko enpresen ekoizpen sarearen premietara egokitutako langile kualifikatuak formatzen dituzte, enpresetako prozesuetan eta kulturan ikasiak. Hala, enpresen lehiakortasuna areagotu egiten da, eta langileak Euskal Herriko enpresen ekoizpen sarearen premietara egokitu.
Kudeaketa aurreratua da programaren zigiluetako bat. Horren bidez, lantokiak hizkuntzen kudeaketa aurreratua egiten du, lantaldearen giroa hobetu egiten da, eta zerbitzu hobea eskaini. Esperientzia horrek enpresetako belaunaldien erreleboa errazten du, ondorioz.
Ikastetxeentzat informazioa
Ikastetxeei begira, informazio ezin hobea biltzen du LH Dualak, lan merkatuak behar dituen beharrei aurre egitearekin lotutakoak. Zer esanik ez dago programak enpresen eta ikastetxeen arteko harremanak estutzen laguntzen duela, baita enpresen Erantzun Sozial Korporatiboko politiketan ere.
GERO ETA IKASLE GEHIAGORI ESKAINTZEN DIO KALITATEZKO FORMAKUNTZA
Milaka parte-hartzaile
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 14.626 ikasle daude Lanbide Heziketa euskaraz ikasten: Gipuzkoan 8.300, Araban 1.283 eta Bizkaian 5.043. Praktikak egiteko 4.016 lantoki baino gehiago dituzte aukeran Gipuzkoan, 450 lantoki baino gehiago Araban eta 2.067 lantoki baino gehiago Bizkaian.
"Harribitxia da"
LH Duala Euskaraz egitasmoa Laneki elkartearen, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlanean oinarritzen da. Helburua da ikasleen euskararen ezagutza maila lan mundua euskaratzeko akuilu izatea, euskarak lan munduan duen balioa azpimarratzea. Horrela, LH Duala Euskaraz egitasmoaren aitortza ekitaldia egiten da urtero, ikasle, irakasle, lantoki, erakunde eta eskoletako ordezkarien praktika onak saritzeko. Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariaren bitartez, aurten errekonozimendu berezia jaso dute Copreci kooperatibak, Aita Mennik eta Elkarmediak. Horiekin harremana duten Lanbide Heziketako honako ikastetxe hauekin ere eskertuta agertuta: Meka LHII, Mariaren Lagundia, Aretxabaleta Lanbide Eskola LHII, Arizmendi Ikastola, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, Miguel Altuna LHII eta Izarraitz Lanbide Heziketa LHII.
Enpresa eta ikastetxe horiek, Mendizabalen esanetan, "norabide argi bat" markatzen dute eremu sozioekonomikoan euskara indartzeko desafio kolektiboan: "Beti esan ohi dugu gure Lanbide Heziketa sarea harribitxia dela. Eta halaxe da; Europan eredutzat jotzen dute, aitzindaria delako gauza askotan. Euskararen ikuspegitik ere bai, gero eta ikasle gehiagori euskaraz kalitatezko formakuntza eskaintzen diolako eta, ondoren, ikasle horiek gure lantokiak eta bereziki gure industria euskalduntzen dituztelako", egin du gogoeta.
Lan munduan euskararen presentzia indartzeko desafioa Gipuzkoa eta EAEko "etorkizuneko enpresa ereduarekin" lotu du. "Digitala, jasangarria, lehiakorra, parte-hartzailea, talentua sustatuko duena, pertsonekin eta lurraldearekin konprometitua, nazioartekotua… eta euskalduna. Euskararen erabilera sustatzen duena, modu kontziente eta antolatuan.