'Jendaurrean' euskaraz ere egin behar delako

Julen Murua Mesonero 2024ko aza. 29a, 13:30

'Jendaurrean.eus' atariaren aurkezpena. Argazkia: Soziolinguistika Klusterra

Jendaurrean Erabili ikerketa proiektuari amaiera ematen dion 'Jendaurrean.eus' webgunea aurkeztu du Soziolinguistika klusterrak, "erakundeek euren komunikazio publikoan euskararen erabilera handitu eta hizkuntzen kudeaketa egokia egiteko".

"Komunikazio publikoan diharduten erakundeentzat interesgarriak izan daitezkeen ezagutzak eta tresnak" batzen dituen webgunea sortu du Soziolinguistika Klusterrak: Jendaurrean.eus. Izan ere, bertako zuzendari Imanol Larreak dio erakundeek komunikazio publikoa "modu erosoan" egiteko "ezinbestekoa" dela hizkuntzak kudeatzea.

2015a ezkero martxan

Jendaurrean.eus webgunea Jendaurrean Erabili proiektuaren baitan sortu da. "Bederatzi urteko lana" izan dela dio Larreak, eta "erakundeek jendaurreko komunikazioan euskara ere hobeto edo modu eraginkorragoan erabili dezaten euren jarduna errazteko bide eta bitartekoak lantzeko" sortu zen proiektua. Soziolinguistika Klusterra "ikergune bat" denez, "praktika komunitate bat izateaz gain ikerketa proiektuak ere" egin dituztela dio Larreak. Proiektua martxan jarri zutenetik, "lau ikerketa proiektu egiteaz eta praktika komunitatea dinamizatzeaz" arduratu dira, beraz, Soziolinguistika Klusterreko kideak. Hori guztia eginda, "proiektua bukatutzat" jo dute, Jendaurrean.eus ataria aurkeztuta: "Webgune horrek batzen ditu, alde batetik, urte hauetan guztietan egin ditugun ikerketak, txostenak eta ikasitako guztia; eta, beste alde batetik, sortu da tresna bat erakundeei jendaurreko komunikazioan lagunduko diena; emaitza praktikoagoa".

Behar bati erantzuten

Jendaurrean Erabili proiektuarekin lanean hasi zirenean "behar bati erantzuten" ari zirela dio Larreak. Orduan, jendaurreko euskarazko komunikazioaren arloan hutsune bat nabari zuten Soziolinguistika Klusterrekoek, eta bederatzi urte geroago hutsune horrek "hutsune izaten" jarraitzen duela dio Larreak: "Proiektua bukatu dugunean ere nabari dugu hutsunea. Horregatik da beharrezkoa gida. Hutsune hori ez balitz egongo eta komunikazio hori bermatuta egongo balitz, ez legoke gida baten beharrik. Diagnostiko horretan erakunde guztiak bat gatoz: oraindik eutsi egin behar zaio horri, eta euskara kontuetan, beste arlo askotan gertatzen den bezala, inertziak beti eramaten gaitu hizkuntza hegemonikoetarantz, eta, ezer egin gabe geldituz gero, galdu egingo litzateke euskararen presentzia. Askotan, erakunde baten barruan euskararen presentziari eustea ere erronka bat izaten da, eta, are gehiago, alde horretatik aurrerapausoak ematea".

Jendaurrean.eus webgunearen aurkezpenarekin ikerketa proiektuari amaiera eman arren, Larreak aitortu du "jarraipena eta erabilera" eman behar zaiola aurretik landutako guztiari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak