Proiektua egitea izango da lehen urratsa eta bi alderdi hartuko ditu kontuan: bidegorria bera, batetik; eta Aramaioko ur-zikinen sarea Debagoieneko hodi-biltzailearekin lotzea, bestetik. Haitzak, errepidea eta erreka kontuan izanik, proiektu konplexua aurreikusten dutela azaldu du Asier Agirre alkateak; teknikoki puntu asko aztertu beharko direla.
Aspaldiko nahia
Egunerokoan nahiz asteburuetan, badira errepide bazterretik Aramaio-Arrasate ibilbidea egiten duten erabiltzaileak: lanera joateko edo aisialdi denboran, izan bizikletaz edo oinez. Eta istripuak ere egon dira. Horregatik, aspaldiko nahia da alternatiba bat izatea. Izan ere, aramaioar asko bizi dira Arrasaten eta arrasatear askok dute joera Aramaiorako, eta lotura hori indartzea ekarriko du bidegorriak, Asier Agirreren hitzetan.
Bi herrien arteko harremana estutzea
Arrasateko Udaletik ere adierazi dute berebiziko garrantzia daukala bidegorri eta oinezkoen bidea eraikitzeak; bi herrien arteko harremana estua izan dela beti eta oso pozik daudela. Era berean, eskerrak eman dizkiote Aramaioko alkateari "proiektu hau elkarlanean bideratzeko egindako lanagatik", baita Araba eta Gipuzkoako aldundiei ere "elkarlanerako agertu duten prestutasunarengatik".