Macarena Mugica: "Prozedura judiziala orokorrean oso gogorra denez, emakumeek ez dute horretara jo nahi"

Txomin Madina Milikua 2024ko abe. 3a, 14:17

Macarena Mugica Urbistondo abokatua.

Azaroaren 25aren harira Arrasateko Emakume Txokoak antolatutako egitarauaren barruan, indarkeria matxista salatzeaz eta defentsarako dauden aukerez tailerra egin zuten azaroaren 30ean, joan den zapatuan, Irule Abokatuak zerbitzuko fundatzaileek.

Puntua aldizkariaren 434. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Macarena Mugica Urbistondok (Donostia, 1988) duela laur urte sortu zuen Irule Abokatuak, Garazi Plazaola Ugarterekin batera. Zerbitzu juridiko eta psikosozialak eskaintzen dituzte, ikuspuntu feministatik.

Zenbat aldatu du panorama juridikoa Bai bakarrik da bai legeak?

Berez, askatasun sexualaren inguruan arautegi berri bat ezartzen duen legea da. Alde horretatik, hainbat neurri ezartzen ditu: prebentziorako, dibulgaziorako, kontzientziaziorako... Era berean, indarkeria sexualaren inguruko delituak moldatu egiten dira, eta beste neurri batzuk ere zehazten ditu; adibidez, dirulaguntzak, baita biktimak laguntzeko 24 orduko krisialdi-zentroak eta salaketa jarri beharrik gabe gizarte zerbitzuetan biktima egiaztagiriak lortu ahal izatea ere. Gainera, lege horrekin, askatasun sexualarekin lotutako eskubideak emakumeen kontrako indarkeria kasuetan ere onartu egiten dira. Izatez, bi arlo ezberdin dira: Bai bakarrik da bai legeak esaten du indarkeria sexuala egiturazko indarkeria dela, sexu-kultura baztertzaile batean errotutakoa, baina ez du zehazki esaten indarkeria matxista denik. Izan ere, Espainiako legeen arabera, indarkeria matxista edo genero indarkeria da bikote baten barruan bakarrik, edo bikotekide ohien artean, gertatzen dena; betiere, erasotzailea gizonezkoa eta biktima emakumezkoa izanda. EAEko Berdintasun Legea, Nafarroakoaren edo Kataluniakoaren oso antzerakoa dena, Estatukoarekiko ezberdina da, indarkeria matxista indarkeria sexualera ere zabaltzen duelako, Istanbulgo Hitzarmenean jasotzen den bezala.

Lege horrek hasieran hautsak harrotu zituen; gerora, baina, hoberako izan dela esango zenuke?

Bai. Hasieran arreta zigorren jaitsieran jarri zen, baina hori anekdotikoa zen berez. Garrantzitsua dena da Estatuko legedian, lehen aldiz, askatasun sexuala giza eskubide bat bezala arautzen dela eta lehen aldiz emakumeei, haurrei eta nerabeei eskubide batzuk onartzen zaizkiela. Lehen aipatutako neurriez aparte, bestelako batzuk ere hartzen dira; adibidez, erreparaziorako neurriak. Kalte fisikoaz eta psikologiaz harago, kalte soziala ere arautzen du. Eta, horretaz gainera, eraso sexual baten ondorioz eraildako emakume bat indarkeria matxistaren biktima, feminizidio, bezala kontabilizatzen da; lehen ez: lehen, kontabilizatzen zen bikotekideak edo bikotekide ohiak hiltzen bazuen bakarrik. Lege hori, era berean, beste delitu batzuetara ere hedatzen da; adibidez, adin txikikoen kontrako indarkeria sexualaren inguruko delituetara. Kaleko sexu-jazarpena, exhibizionismoa... Horiek ere arautzen ditu. Eta, gehiago ere badauden arren, beste aurrerapauso bat da erasotzailea kaudimen edo solbentzia gabekoa bada Estatuak edo Administrazioak ordainduko dituela erantzukizun zibilaren gastuak.

"EMAKUMEAREN NAHIA ERRESPETATZEN SAIATZEN GARA, HURA IZAN DADIN SALAKETA JARRI ETA PROZEDURAREN KONTROLA DUENA"

Indarkeria matxista fisikoa, ekonomikoa, psikologikoa… Dena eroan daiteke epaitegietara?

Indarkeria fisikoa salatu daiteke; indarkeria psikologikoa ere bai, baina, intimitatean gertatzen denez, orokorrean ez da froga askorik egoten, eta nahiko zaila izaten da biktimaren testigantzarekin bakarrik prozedura bat aurrera eramatea. Indarkeria ekonomikoa ere konplexua da, eta, askotan, ezin izaten da salaketarik jarri.

Indarkeria matxista jasan duen emakume batek salaketa bat jartzen duenean, zein prozesu jarraitzen da? Prozesu hori beste edozein salaketa jartzen denean modukoa da?

Berez, nahiko antzerakoa da, baina gomendagarria da Ertzaintzara edo, indarkeria matxistaren inguruko eskumena duen kasuetan, Udaltzaingora joatea. Biktimak 24 eta 72 orduen barruan deklaratu behar du epaitegian, eta han babes- agindu bat ematen zaio; hori bada berezitasuna. Ondoren, prozesu judiziala emakumeen kontrako indarkeriaren epaitegietan ikertzen da: epaitegi espezializatuak dira, eta tratamendu berezia eskaintzen zaie emakumeei. Zergatik diren epaitegi horiek ezberdinak? Indarkeria prozedurak eroaten dituztelako, eta bertako profesionalek formakuntza berezia dutelako.

Babes-neurriak, adibidez, automatikoak dira?

Ez. Epaitegian bista bat egiten da, zeinetan emakumeak, abokatuarekin eta fiskalaren eta epailearen aurrean, lehen deklarazio bat egiten duen. Ikusten bada egoera larria dela eta emakumea arriskuan dagoela, babes-agindua ematen zaio; bestela, ez. Dena den, salaketa jarri ostean ia beti egoten dira ondorioak, nahiz eta babes- aginduarekin ahalik eta gehien babesten saiatu.

Salaketa nork jar dezake? Indarkeria matxista jasan duenak? Ingurukoek? Erakundeek? Prozesua bera da?

Edozein pertsonak jarri dezake salaketa; betiere, delitu publiko bat dagoenean. Delitu publikoak dira Estatuak interesa duenean bake soziala egoteko; kasu horietan, poliziak ere, ofizioz, hasi dezake prozedura atestatu baten bidez. Indarkeria matxista kasuetan zuk, bizilagun moduan, ikusten edo entzuten baduzu gizonezkoak emakumezkoa jipoitzen duela, jarri dezakezu salaketa, Ertzaintzara deituta, eta gero testigantza emanda. Baina gai delikatua da, gerta daitekeelako emakumeak momentu horretan salaketarik jarri nahi ez izatea. Haren onespenik gabe salaketa bat jartzen bada, ondorio batzuk dakartzan prozedura bat abiatzen da; akaso, une horretan ondo ez datorkiona. Hala, gu emakumearen nahia errespetatzen saiatzen gara, hura izan dadin salaketa jarri eta prozeduraren kontrola duena. Baina egoera oso larria bada edo emakumearen bizitza arriskuan badago, onena da deitzea eta salaketa jartzea. Beste alde batetik, indarkeria sexualari lotutako delituak, bereziki eraso sexualak edo adin txikikoei buruzkoak, delitu erdi-publikoak dira, eta, kasu horietan, biktimak, biktimaren gurasoek zein tutore legalek edo Ministerio Fiskalak jarri dezakete salaketa.

"IÑIGO ERREJONEN KASUAK, ALDE BATETIK, HARRITU EGITEN NAU, BAINA, BESTE ALDE BATETIK, EZ"

Zer gertatzen da indarkeria matxista jasan duen emakume batek salaketa kentzen badu? Eta akusatuaren urruntze-aginduari uko egiten badio?

Gaur egun, salaketa jartzen badu, ezin du atzera egin, prozedurak aurrera jarraituko du. Kontua da hark ez badu deklaratzen eta haren deklarazioa bada froga garrantzitsuena, prozedura artxibatu egingo dela. Elena Larrauri kriminologoak ikerketa bat du egina salaketa kentzeko arrazoien bueltan, eta esaten du bereziki menpekotasun ekonomikoagatik eta emozionalagatik izan daitekeela, baita salaketa jartzeagatik gizartearengandik jaso dezakeen mespretxuagatik edo epaitegian jasan dezakeen birbiktimizazioagatik ere. Urruntze-agindua, bestalde, erasotzaileak du; hura ezin da gerturatu, baina, emakumeak ez badu betetzen, ez da ezer ere gertatzen.

Zelan baloratzen duzu egungo sistema juridikoa? Zer hobetuko zenuke indarkeria matxistarekin lotuta?

Asko hobetu da, baina asko geratzen da hobetzeko. Profesionalek ez dute formakuntza berezirik, ezta kontzientzia feministarik ere, eta behar adina baliabide ere ez dago. Eta koordinazio handiagoa behar da erakundeen artean.

Zein irakurketa egiten duzu Iñigo Errejonen kasuaz?

Batetik, harritu egiten nau, baina, bestetik, ez. Horrelakoak edozein pertsonarengandik espero behar dituzu, baina goian, boterean, daudenen artean inpunitate handia dago eta horrelakoak askotan geratzen dira, uste duguna baino gehiago.

Zer erakusten du hainbat emakumek, epaitegietara jo aurretik, salaketa sare sozialetan jartzeak?

Ez dagoela justizian konfiantzarik, eta, prozedura judiziala orokorrean oso gogorra denez, emakumeek ez dutela horretara jo nahi. Nahiago izaten dute sare sozialetan salatu, haien eta haien erasotzaileen identitatea argitaratu gabe. Sarritan, aitortza soziala bera jasotzea garrantzitsua da. Izan ere, eraso sexualen kasuan, zigorrak oso altuak dira: sarketa badago, espetxe zigorra sei eta hamabi urte artekoa izan daiteke; bestelako homizidio baten kasuan, hamar eta hamabost urte artekoa izan daiteke. Eta larriagotzeak aplikatuz gero, gehiago ere izan daiteke. Hori horrela, askotan, biktimak ez du prozedura bat hasi nahi, zigorra hain altua denez gauza asko zalantzan jarriko dizkiotelako eta asko frogatu beharko duelako kontatzen duela egia dela. Era berean, sareetan ezin du izenik erabili, bestela, ohorearen kontrako delitua egotzita biktimaren kontrako salaketa jarri dezakeelako beste aldeak.

"JENDARTEAN GIZONEZKOEN IKUSPUNTUA GAILENTZEN DELAKO HITZ EGITEN DA HAINBESTE SALAKETA FALTSUEZ"

Salaketa faltsuak: asko berba egiten da horien inguruan, baina zenbat jartzen dira?

Oso-oso gutxi, %0,01. Emakumeak epaitegira joaten badira izaten da benetan ari direlako jasaten indarkeria matxista. Gerta daitekeena da salatutako ekintza delituzkoa ez izatea, nahiz eta sozialki denok ikusi ez dagoela ondo pertsona bati hori egitea. Azken finean, Zigor Kodea kasu larrienetan bakarrik sartzen da. Eta salaketa bat faltsua dela erabakitzeko, lehenengo, akusatua absolbitu edo prozedura artxibatu behar da, eta gero, akusatuak berak salaketa jarri beharko lioke emakumeari eta epaitegian horrela dela ebatzi. Zergatik hitz egiten den hainbeste salaketa faltsuez? Jendartean gizonezkoaren ikuspuntua gailentzen delako.

Arrasatekoa moduko saioekin, partaideak alor juridikoan ahaldundu nahi dituzue; ezagutzen dugu justiziaren funtzionamendua indarkeria matxistarekin lotuta?

Ez. Hedabideetatik eta administraziotik emakumeak salaketa jartzera animatzen dituzte panazea izango balitz bezala, baina prozedura batek dakartzan ondorioen inguruan informatu gabe; Gipuzkoako Emakume Bananduen Elkarteko boluntario eta Irule moduan urte asko daramatzagu, eta horixe ikusi ohi dugu.

Zertarako izan beharko luke Azaroaren 25ak?

Emakumeek pairatzen duten indarkeriari ikusgarritasuna emateko. Berdintasun Ministerioaren arabera, 2024an 41 feminizidio izan dira eta zortzi haur erail dituzte. Basakeria hutsa da egun oraindik ere hori horrela izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak