ALBISTEAK

Bortxa matxista, etengabe gora

Jone Arruabarrena 2024ko aza. 22a, 10:04

Aurten ere gora egin dute indarkeria matxista kasuek Debagoienean. Bizirauleen elkarteek diote arreta eskaintzeko orduan haien ahotsak kontuan hartu behar direla; pertsona bakoitzaren beharrei erreparatzea garrantzitsua dela diote adituek.

Beste urte batez, gora egin dute berriro ere indarkeria matxista kasuek. Orokorra da joera; Euskal Herrian geroz eta kasu gehiago zenbatzen dira urtetik urtera, eta Debagoienean ere gorantz doa kopurua. Oraindik urtea bukatu ez den arren, bailaran genero indarkeriarekin eta etxeko indarkeriarekin lotutako 209 kasu artatu ditu Ertzaintzak, urriaren 31ra bitarte. 2023an, urtarriletik abendura, 202 izan ziren artatutako kasuak.

Herrikako datuei dagokienez, Arrasaten 49 izan dira artatu dituzten kasuak; Bergaran 47 izan dira, Aretxabaletan 13, Eskoriatzan 16 eta Oñatin 11. Debagoieneko gainontzeko herrietan artatutako kasuak 73 izan dira; herri txikien arteko datuen batuketa hori egiten da, seinalizaziorako arriskua ekiditeko.

Datuek ez dute ezustean hartu Guerreras elkarteko presidente Montse Garcia. Eguneroko lanean bere begiekin ikusten du gorakada hori. 2019. urtean sortu zuen elkartea indarkeria matxistari bizirautea lortu zuen emakume talde batek. "Terapia-talde batetik sortu genuen. Guztiak indarkeria matxistaren biktimak ginen, eta ikusten genuen bizirauleen beharrak betetzeko orduan hutsune bat zegoela", adierazi du Garciak.

Orain, indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei laguntzen diete elkartean, behar dutenean: epaiketetara joaten dira eurekin, zerbitzu sozialeetara, psikologoarenean zita hartzen laguntzen diete... Garrantzitsua da, Garciaren esanetan, prozesu hori pertsona "epaitu gabe" egitea. Horrez gain, sensibilizazio lana ere egiten dute.

Garciak ere igartzen du datuetan islatzen den gorakada: "Gu hasi ginenean baino dezente okerrago dago egoera. Geroz eta indarkeria kasu gehiago daude, eta gauza askotan atzerapausoak ematen ari gara. Besteak beste, biktimentzako zerbitzu publikoak pribatizatzen ari dira. Azpikontratatutako enpresek kudeatzen dituzte orain, eta horien pentsaera da zenbat eta biktima gehiago izan, euren irabaziak ere orduan eta handiagoak izango direla".

Indarkeria matxista jasan dutenen adinari dagokionez, %50ek 18-39 urte bitartean dituzte; eta %45ek, 40-59 urte bitartean. Hain zuzen, Garciak azpimarratu du geroz eta emakume gazteagoek jotzen dutela haiengana. "Emakume helduagoak ere etortzen dira, baina gehiago kostatzen zaie pausoa ematea", adierazi du Garciak. Bat dator Gemma Varona Munduko Biktimologia Elkarteko presidentea ere: "Geroz eta biktima gehiago dira neska gazteak. Berdintasunean hezi dituzten arren, belaunaldi bakoitzak egin behar duen borroka bat da indarkeria matxistarena". Arrasaten izango da Varona, Azaroaren 25ean, Goienagusi elkarteak gonbidatuta; indarkeria matxistaren inguruko hitzaldia egingo du.

Beharrak

Indarkeria matxista jasan dutenen beharrei begiratuta, Varonak adierazi du kasuistikak asko direla, eta oso ezberdinak elkarren artean. Horregatik, emakume bakoitzaren ezaugarriak ezagutu eta horietara egokitzearen garrantzia azpimarratu du: "Ez da berdina indarkeria matxista pairatzen ari den emakume etorkin txinatar bat, komunitate itxiagokoa dena, edo emakume migratzaille bat baina gazteleraz dakiena. Ez da berdina indarkeria hori landa eremuan gertatzen denean edo desgaitasunen bat duen emakume batek pairatzen duenean. Kasua asko aldatzen da emakume horrek aurretik beste delituren bat jasan duenean ere, autoestimuan eragin negatiboa izaten baitu horrek, edo seme-alabak dituzten emakumeen kasuan".

Garciak, ordea, adierazi du ez dagoela haien beharrak asetzeko behar besteko baliabiderik. "Indarkeria matxistaren biktimentzako programetan zerbitzu psikologikoak daude, baina horietara heltzeko itxarote-zerrendak amaigabeak dira. Eta indarkeria bizi izan duen emakume batek behar duen lehenengo gauza laguntza psikologikoa da. Indarkeria matxistan espezializatutako psikologo gutxi daude, eta biktimak geroz eta gehiago dira". Uste du instituzioak saiatzen direla emakume horien beharrak asetzen, baina hutsuune handia dagoela oraindik: "Ezinbesteko pieza bat falta da puzzlean: indarkeria pairatu duten emakumeen ahotsa entzutea". Varonak ere aitortu du baliabide asko emakume horien erreparaziora bideratu diren arren, "koordinazioa eta formakuntza" falta dela oraindik arlo askotan, baina sektoreko profesionalen balioa nabarmendu du.

Salatzea, aukerakoa

Salaketei begiratuz gero, genero indarkeriazko 209 kasu horietatik 145ek jarri zuten salaketa. Bestetik, 50 emakumek lortu dute erasotzailearengandik babesteko urruntze-agindua. Garciak adierazi du Guerreras elkartean salaketa jarri nahi dutenei eta jarri nahi ez dutenei laguntzen dietela, bereizketarik egin gabe.

"Salaketa juridikoa jartzea ezinbestekoa da, baina kontuan izan behar da, bestalde, prozesu osoa asko luzatzen duela horrek", adierazi du Varonak. Salaketa jarri nahi ez duten emakumeen azalean jartzearen beharra ere nabarmendu du. "Pentsatu behar dugu norbera egoera horretan egongo balitz nola erreakzionatuko lukeen". Horrez gain, azaldu du faktore askok eragiten dutela salaketa jartzeko orduan. Batetik, esan du haien "biktima izaeraz kontziente ez diren emakumeak" asko direla, egoera normalizatu egin dutelako. "Baliteke, horrez gain, nora jo ez jakitea, edo, besterik gabe, gertatuko denaren beldur izatea; ez bakarrik errepresaliengatik, baita familiaren edo ingurukoen erreakzioagatik ere", gehitu du Varonak. Azkenik, adierazi du badaudela instituzioetan konfiantzarik ez duten emakumeak ere. "Ez dute uste polizia edo epaileak haiek babesteko gai izango direnik, edo ezagutzen dituzte eskatu arren instituzioek babestu ez dituzten beste emakume batzuen kasuak ere", azaldu du.

Beharrak, eskubide

Indarkeria matxista jasan dutenek izaten dituzten bi behar garrantzitsu identifikatu ditu Varonak: babesa eta informazioa. Bi horiek, gaur egun, indarkeria matxista bizi duten emakumeek dituzten eskubideak direla esan du: "Biktima arriskuan dagoen egoeretan, ezinbestekoa da babesa. Horrez gain, bereziki garrantzitsua da emakumeari informazio argia eta egokia helaraztea: zer espero dezakeen prozesu horretatik, zer gertatuko den salatzen badute, zer motatako babesa eskatu dezaketen... Ez da berdina desgaitasunen bat duen pertsona bati azaltzea edo hizkuntza ondo menperatzen ez duen emakume etorkin bati, esaterako". Azkenik, sostengua izatea ere behar-beharrezkoa da, Varonaren ustez: "Prozesu osoan sostengua behar du biktimak, eta hori ere eskubide bezala jasota dago. Mota asko- takoa izan daiteke: psikosoziala, juridikoa... Eta ezin dugu ahaztu erreparazioa ere. Biktimak gertatutakoa salatzen duen momentu berean hasi behar du erreparazioak".

Arreta Debagoienean

Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du indarkeria matxista jasan duten emakumeak artatzeko bulego bat zabalduko duela Arrasaten urte amaieran. Babes psikologikoa eta juridikoa eskainiko die, besteak beste. Horrez gain, erabilgarri dago emakumeentzako arreta zerbitzuko telefonoa ere: 900 84 01 11.

Elkarretaratzeak

Debagoieneko herri gehienetan antolatu dituzte
elkarretaratzeak eta manifestazioak Azaroaren 25earako,
emakumeen aurkako indarkeriaren aurka. Mobilizazioez
gain, herri bakoitzean ekintzak egin dituzte azken
asteetan zehar.
• Arrasate: 18:00etan, elkarretaratzea egingo dute Herriko
Plazan, Itaiak deituta. 19:00etarako, berriz, Arrasateko
Mugimendu Feministak deitu du bilkura, Seber Altube
plazan.
• Bergara: 18:30erako antolatu dute protesta,
Martxanterak talde feministak deituta. Bergarako San
Martin plazatik irtengo da manifestazioa, eta Bergarako
kaleak hartuko ditu.
• Oñati: 19:00etan, Sare Feministak deitutako
elkarretaratzea izango da, plazan.
• Aramaio: 18:00etan bilduko dira protestarako, Bizente
Goikoetxea plazan.
• Elgeta: 19:30erako deitu dute elkarretaratzea,
Mendizaleen plazan.
• Antzuola: Andramanuelak talde feministak deitutako
elkarretaratzea izango da, 19:00etan, plazan.
• Eskoriatza: 18:30ean egingo dute protesta, Fernando
Eskoriatza plazan.
• Leintz Gatzaga: Ez da elkarretaratzerik egongo, baina
18:30etako Eskoriatzako elkarretaratzera batzeko autobusa
antolatu dute. 18:10ean irtengo da Leintz Gatzagatik.
• Aretxabaleta: Herriko Plazan 18:30ean izango da
elkarretaratzea, Atxabaltako Mugimendu Feministak deituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak