Puntua aldizkariaren 432. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Kontzertu batera joan nahi, eta ezin: sold out, sarrerak agortuta daude aspalditik; jatetxe batera asteburuan bazkaltzera joan nahi, baina ezin: erreserba guztiak eginda daude, beteta dago. Geroz eta ohikoago bihurtu dira horrelako egoerak gurean ere. Izan ere, sold out fenomenoaren erakusgarri dira.
Ikusi besterik ez dago zer gertatu zen ETS taldeak 20 urte zure eskutik ospakizunerako sarrerak iragarri zituenean. Barakaldoko BECen 2025eko martxoan emango duen lehen kontzerturako sarrerak salgai jarri zituzten kontzertua baino urte eta erdi lehenago, eta, sei ordu baino lehen eta aurresalmenta berezi baten bitartez, 15.000 sarrera saldu zituzten. Gatibuk BECen emango duen agur-kontzertuetarako hiru datetatik bik ere Sarrerak agortuta kartela dute. Berriki jarri zituzten salgai datorren urteko urrian egingo den Ura bere bidean ikuskizunerako sarrerak ere, eta horiek ere, agortuta.
ALBERTO IÑURRIETA, PSIKOLOGOA: "URGENTZIA SENTSAZIOA SORTZEN DA AGORTZEAR DAUDELA JAKITEAN"
Jende asko erakartzen duten jaialdi eta makrofestibalek indarra hartu dute sold out-aren kulturan, eta horren adierazle dira, esaterako, Debagoienean azken urteetan sortu dituzten jaialdiak: Arrasateko Mondra&Roll eta Bergarako Ekinez. 2022ko ekainean egin zen lehen aldiz, esaterako, Ekinez jaialdia, eta lehen aldi hartan 4.500 sarrerako edukiera bete egin zuten bi egunean. 2025ean, maiatzaren 30ean eta 31n egingo da, Bergarako Labegaraieta auzoan, eta lehen sarrerak salgai jarri eta astebetera 1.000 zituzten salduta. Joan den astean iragarri zituzten jaialdian izango diren talde gehiago, eta, horrekin batera, online sarreren salmenta jarri zuten martxan –orain arte, leku fisiko batzuetan soilik eros zitezkeen–, eta han ere ondo ari dira saltzen. Julen Iñarra da antolatzailea –beste jaialdi batzuetan ere badihardu lanean–, eta dio batez ere pandemia garaian sortu zela gogoa musikaz kalean gozatzeko eta horrelako esperientziak pertsonekin partekatzen jarraitzeko. Izan ere, dio jaialdiak ez direla "soilik musika bizitzeko" formatu bat, "elkartrukerako tresna" ere badirela eta horren jakitun dela publikoa ere. Ordutegiak ere zabalduz joan dira: lehen, gauez bakarrik egiten ziren, eta, gaur egun, programazioa eguerdi edo arratsaldera aurreratzen da; hala, publiko familiarra ere erakartzen dute.
Jatetxeak ere, 'beteta'
Horrenbeste pertsonarendako edukieratik ez dute jatetxeek eta ostatuek, baina duten edukiera betetzea lortzen dute azkenaldian. Arrasateko Arteaga jatetxeko Maider Larrañagak esan du "geroz eta gehiago" igartzen dutela jendeak aurrerapen handiz egiten dituela erreserbak, eta hauxe dio: "Lehen, adibidez, asteka joaten ginen betetzen aste horretako erreserbak, baina, gaur egun, asteburuetarako, normalean, hilabeteko aurrerapenarekin gabiltza, baita ostiraletako erreserbetan ere". Eta gaineratu du Gabonetarako ere beteta dutela jatetxea: "Irailean edo urrian, Maritxu Kajoi ospakizunaren ostean hasten ginen lehen Gabonetarako erreserbak jasotzen, baina aurten, udako opor aurrerako beteta geneukan abendua. Data klabeak iaztik daude erreserbatuta".
Eragin psikologikoa
MAIDER LARRAÑAGA, ARTEAGA JATETXEA: "HILABETEKO AURRERAPENAREKIN EGITEN DITUZTE ERRESERBAK GUREAN"
Fenomeno horren atzean marketin-estrategia bat dagoela dio Alberto Iñurrieta psikologoak: "Gutxi dagoen lekuan denon gogoa pizten da, eta bat-batean agortu behar direla entzutean edo beteta dagoela jakitean, urgentzia sentimendu bat sortzen du jendearengan, eta jende horrendako erakargarri edo halabeharrezko bihurtzen da". Zerbaiten parte ez izatearen beldurra sor dezakeela gaineratu du, eta horrek larritasun moduko bat sortzen duela, parte ez izateak ekar dezakeen marjinazio kutsua sentiarazi. Hori mingarria dela aitortu du, eta, modu horretara, pertsona "manipulatuagoa" izan daitekeela. Gainera, sare sozialek eragina dutela ere adierazi du: "Uste dut hori datorrela bizi dugun itxuraren gizartetik. Agertze hori da garrantzitsua; bost axola nola sentitzen zaren momentu horretan, sentitzea izango da geroagokoa. Azkenean, besteek onartzen banaute hor agertzen naizelako, banago irabazleen artean, nolabait, eta horrek ekarriko dit baliotsu izatearen sentsazioa". Nabarmendu du hor parte hartzen dutenek "aurretik prestatutako joko batean" hartzen dutela, parte eta hori dela dagoen "tranpa nagusia".
Ez da antzerkigintzaren kasua
Sold out fenomenoa hainbat esparrutara zabaldu da, baina ez antzerkigintzara: "Antzerkigintzan ez da hori gertatzen; normalean, kontrakoa: hutsik egoten dira antzokiak. Erlauntza obrarekin bai gertatu zen Arrasaten, baina hori salbuespen itzela izan zen, ez da ohikoa hori gertatzea", azaldu du Kepa Errasti aktore aretxabaletarrak.
Beste aukera batzuk
KEPA ERRASTI, AKTOREA: "ANTZERKIGINTZAN EZ DAGO SARRERA BARIK GELDITZEKO ARRISKURIK"
Errastik azpimarratu du normalean antzerki-obrak ikustera joateko txarteldegian bertan egoten direla sarrerak salgai, eta horren inportantzia azpimarratu nahi izan du musikan aditua den eta Arrasateko Kooltur Ostegunak egitasmoa antolatzen aritzen den Iker Barandiaranek: "Kooltur Ostegunekin hamalau denboraldi daramatzagu. Urte hauetan guztietan gure ohiko praktika izan da egunean bertan eta kontzertua hasi baino ordu erdi lehenago leihatila zabaldu eta bertan sarrerak saltzea. Zorionez, gaztetxea nahiko handia da eta edukiera dotorea dauka. Era berean, pertsona bakarrak sarrera bana erosi dezake; ez gehiago. Bada modu bat ilaran dagoenak jakin dezan edukieraren arabera sartuko den edo ez". Behin saldu zituzten sarrerak aurrez: "Berri Txarrak etorri zenetako batean egin genuen, baina ez ginen gustura gelditu. Taberna batean jarri genituen sarrerak salgai. Berehala saldu ziren, goiz batean, ordu gutxian; eta, ondorioz, Kooltur Ostegunetara ia astero etortzen den jende asko sartu gabe gelditu zen. Ordutik ez ditugu beste inoiz sarrerak aurrez saldu. Badira gurera taldeak ekarri izan dituzten management edo promotore asko sarrerak aurrez saltzea eskatu digutenak, baina guk gure arrazoiak eman dizkiegu eta gure baldintzak onartu dituzte". Azken finean, sold out edo beteta fenomenoak aisialdia aurretiaz antolatuta izatera eraman du herritarra, eta horrek inprobisaziorako tarte gutxi utzi du egungo gizartean.
Jaialdietako komunikazio departamentutik sarreren salmenta hasi aurretik espektatibak sortzeko estrategia erabiltzen dutela adierazi du Ekinez jaialdiko antolatzaile Julen Iñarrak. "Hasteko, jaialdiek espektatibak sortzen dituzte. Gero, programazioa dago, baita jaialdia bera ere", esan du. Gaineratu du azkenean gaur egun gertatzen ari dena dela jaialdi edo makrokontzertu formatu hori oso eraginkorra izaten ari dela, jaialdiak edo makrokontzertu horiek ez direlako soilik musikara mugatzen, baizik eta esperientzia bat bizitzeko aukera ematen dutelako. "Esperientziak diren heinean, publiko zabalago batera heldu zaitezke", dio. Horregatik, musikaz gain, kirola, antzerkia eta dantza ere sartzen dituzte halakoetan.
Aldi berean, kontuan hartzen dute eskaintzen dituzten zerbitzuak zainduak ere izatea; janariari eta edariari dagokionez, esaterako. "Behin publikoa jaialdian sartzen denean, ibilbide hori esperientzia bat izan dadin lan egiten dugu. Ekinezen, adibidez, azoka bat ere izaten dugu, eta hori gehigarri bat da, musika taldeek euren produktuak saltzen baitituzte, eta kaleko musika merkatuan dauden produktu berriak ikusgai jartzen ditugu", esan du.
Dena den, egungo kontzeptua amaitzear dagoela uste du: "Ekitaldi pribatuak, ezezagunak, sekretuak, esklusiboak sortzen hasi dira. Eta joera hortik bideratzen hasiko dela uste dut. Ez dut uste makroekitaldiak bukatuko direnik, baina bai izango dela joera hori".
Beñat Arizabaletari asko gustatzen zaio zuzeneko kontzertuak ikustea, eta dio eskari oso handia egoten denez "lehia handia" egoten dela nahi duen kontzerturako sarrerak lortzeko. Orain dela urtebete, Madonna ikusten izan zen, Bartzelonako Palau Sant Jordin. "Internet bitartez ilara birtualean orduak eta orduak egon ginen hiru lagun, sarrerak lortu nahian, baina lehenengoan ez genituen lortu. Bigarren data bat atera zuten, eta, azkenean, lagun batek lortu zuen sarrerak erostea", azaldu du.
Taylor Swift ikusteko gogoa ere bazuen, eta bost lagun saiatu ziren Espainiako zuzenekorako sarrerak erosten, baina ez zuten lortu: "Sarrerak Internetez erosteko, haren komunitateko kide egin beharra zegoen, posta elektroniko helbide bat emanda. Kode bat iristen zitzaizun gero, eta horrekin aukera zeneukan sarrerak erosteko. Dena den, kodea izateak ez zuen sarrera lortzea bermatzen. Nik izena eman nuen haren Madrilgo kontzerturako, Lisboakorako, Irlandakorako eta Milangorako. Bi lekutarako kodeak lortu nituen, eta Lisboan emango zuen kontzerturako sarrerak erosi ahal izan genituen; oso merke, gainera: 67 eurotan".
Dagoeneko baditu hurrengo kontzertu baterako sarrerak ere: ekainaren 7an Dua Lipa ikusten izango da, Milanen. Irailean erosi zituen sarrerak, kontzertua baino bederatzi hilabete lehenago.
Behin artista bat ikusteko egindako kilometroen ostean, inguruak bisitatzen dituzte; hori bai, ostatuaren erreserba eginda kontzerturako sarrerak erositako egun berean
Lehen, askotan –ez beti–, Iker Barandiaranek egunean bertan erabakitzen zuen nora joan, zer ikusi... Orain ere hala egiten duela dio, batzuetan; baina beste batzuetan zaila izaten dela aitortu du, "argi ibili ezean sarrera guztiak salduta egon daitezke eta". Eta, are gehiago, gaineratu du badirela areto batzuk egunean bertan sarrerak erosiz gero dezente garestitzen hasi direnak. Horrek ere ez du batere laguntzen.
"Sarrerak aurretiaz erosteak nire ustez daukan alde on bakarra da behin erosita joango zarela ziur. Bestela, batzuetan, azken orduko alferkeriak edo beste plan batzuek zapuztu dezakete kontzertu hori ikustea", adierazi du. Eta esan du hark nahiago dituela emanaldi txikiagoak eta intimoagoak: "Taldea bere esentzian entzun, ikusi, sentitzeko modua askoz hobea da. Esango nuke taldeek ere nahiago dituztela; publikoa hurbil egote horrek energia eta hartu-eman hori hazten dutelako". Hala ere, nabarmendu du joaten dela tarteka makrojaialdiren batera; batez ere, ikusteko zailak diren taldeak ikusi ahal izateko: "Ez dut halakoetan bereziki sufritzen, baina ez da nire espazio gustukoena, arrazoi askogatik".
Eta esan du badirela beste formula batzuk; adibidez, Arrasateko gaztetxean batzuetan edukieraren sarreren erdiak aurretik saltzen dituztela, eta beste erdiak egunean bertan. Haren ustez, "komenigarria" da egunerako sarrerak uztea: "Aukera eman azken erabaki horri; izan ere, izaten ditugu beste ardura asko, eta beti ez da posible aurrerapenez erabakitzea edo libratzea".
Goiko Benta ostatuko Miren Maiztegik ere sumatzen du sold out fenomenoa euren negozioan. Pandemia ostean hasitako joera dela dio, eta eurenean ostatu hartzeko atzerritarrak dira denbora tarte handiagoarekin erreserbak egiten dituztenak. "2025eko irailerako ostatuan erreserba batzuk egin dituzte bezeroek gurean. Denbora luzea gelditzen da. Eta, Arantzazun bertan kongresuren bat-edo badago, denbora tarte handiagoz erreserbatzen dute", adierazi du. Inguruan egiten diren ekitaldiek ere badute eragina erreserbetan: "Zegama-Aizkorriren data iragartzen dutenean ere igartzen dugu mugimendua, adibidez".
Jatetxean ere sumatzen dute, baina ez horrenbeste: "Astebete edo zortzi bat egun lehenago egiten dituzte erreserbak jatetxean, normalean. Ospakizun bereziren bat badute, berriz, tarte handiagoarekin egiten dute erreserba: bi hilabete edo hilabete lehenago".
Gaineratu du kultura berri horrek ekarri duela, esaterako, bezero batzuek hainbat lekutan egiten dituztela erreserbak egun bererako, eta, ondoren, egokien etortzen zaienean gelditu eta gainontzekoak bertan behera utzi. "Joera hori sumatu dugu, eta horrek kezkatzen gaitu. Ez gara hotel-kate handi bat, eta badirudi horrelakoetan espezializatu behar duzula, momentu batzuetan; erreserba bertan behera utzi arren, kobratu egin behar diezu? Zalantzak dauzkagu oraindik", azaldu du. Halakoak izan dituzte, baina ez asko, momentuz