Puntua aldizkariaren 431. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Europan arrazakeria gora egiten ari dela egitate bat da dagoeneko. Albistegiek eta egunkariek Frantzian, Italian eta Alemanian eskuin muturrak eta arrazakeriak izan duten gorakadaren berri ematen dute, baina kalera irtetea besterik ez dago euskal gizartean ere arrazakeria gora egiten ari dela nabaritzeko. Egunero erreproduzitzen diren mikroarrazismoetatik harago, azken hilabeteetan migranteen aurkako jarrera bortitzen gorakada izan da Euskal Herrian: Etorkinak kanpora dioten lauburudun pankarta eta pintaketen agerpena, Donostiako Kale Afari Solidarioen aurkako kriminalizazio kanpaina eta debekua, Trintxerpen migranteei eraso egiteko antolatu diren taldeak eta abar.
Euskal gizartea arrazismotik salbuetsita ez egotearen arrazoia garbi dute Ibis Ugarte eta Luciana Alfaro militante antiarrazistek: "Arrazismoa arazo estrukturala da". Oñatiarra da Ugarte, baina Kubakoa du ama; beretik hitz egiten duela azpimarratu du, pribilegio posizio batetik eta izate militantetik. Bestelakoa da Alfaroren egoera: jatorriz Perukoa da, Bergarara joan zen bizitzera, eta migrazio prozesuaren zailtasunak lehen pertsonan bizi izan ditu.
Gipuzkoa, gorroto-delituen lurralde
IBIS UGARTE: "KOSTA EGITEN DA ARRAZISMOA ONARTZEA, ETA UKAPENA HAUSKORTASUN ZURITIK EGITEN DA"
Euskal gizartearen arrazakeria ikusteko, Gipuzkoa, eta horrenbestez Debagoiena, aztertu behar da. 2023an Hego Euskal Herriko gorroto- delituen tasarik altuena izan zuen lurraldea izan zen, 14,65 kasu 100.000 biztanleko. Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak uztailaren 1ean argitaratutako Gorroto delituen bilakaerari buruzko txostena Espainian txostenaren arabera, 106 gorroto-delitutik 73 izan ziren arrazakeriarekin edo xenofobiarekin lotutakoak. 206 atxilotu izan ziren; horietatik 156, arrazismo edo xenofobia delituengatik. "Gipuzkoa historikoki horren interkulturala izan ez den lurralde bat da, kolpetik bere existentzia mehatxupean ikusi duena, eta horregatik agertzen dira gorroto-delitu horiek. Badira ezker zein eskuin nazionalistaren diskurtsoak oinarri hartuta migratzaileei eraso egiteko erabiltzen diren planteamenduak. Oso gogorra da", dio Alfarok. Falaziatzat ditu nazionalismo horren baieztapenak: "Migranteek ez dakarte arriskurik euskararentzat eta euskal nortasunarentzat".
Kasu horietan, euren burua aurrerakoitzat izanda gipuzkoarrak, eta euskaldunak oro har, ukazioan erortzen direla dio Ugartek: "Askotan, kanpoko lurralde kontserbadoreak arrazismoarekin lotzen ditugu, baina euren burua borrokatzailetzat eta aurrerakoitzat duten lurraldeetan kosta egiten da arrazakeria hori onartzea, eta ukapena hauskortasun zuri batetik egiten da, 'nola izango naiz ni arrazista lankide beltzak baditut' eta halako esaldietatik". Kontserbadoretzat du Gipuzkoa: "Gipuzkoa iraultzailetzat hartu da, baina praktikan lurralde oso kontserbadorea da, aberastasun handikoa".
Sareak, bozgorailu
Gorroto-delituek diskurtso bat izaten dute atzetik. Bi militanteak bat datoz: sareek diskurtso horien hedapenean rol garrantzitsua jokatzen dute. "Ikaragarria da. Sare sozialek irismen oso handia dute, eta hainbat profil informazioa manipulatzeaz eta beldurra hedatzeaz arduratzen dira. Sare sozialetan eduki arrazista asko sortzen dira, eta, askotan, eduki horiek salatu eta ezabatzeko zailtasun handiak izaten dira", dio Alfarok. Ugartek, azken finean, gizartearen isla bat direla uste du: "Sare sozialak egun dauden zapalkuntza mekanismoen isla dira, kalean dauden ideologien adierazle; gainera, modu bortitzenean". Bortizkeria hori pantaila baten atzean ezkutatzearen ondorio direla uste du oñatiarrak. Militante perutarrak, berriz, arreta sareetatik harago jartzen du, eta komunikabideek antzeko jokaera izaten dutela azpimarratu: "Diskurtso horiek komunikabideetan ere sortzen dira. Albisteak kontatzeko moduak asko eragiten du. Komunikabide batzuk eskuindarragoak dira, baina gehiengoak erosteko moduko diskurtsoak ematen dituzte, 'etorkin-oldea' edo 'Kanariar uharteek laguntza eskatu dute gainezka egin duelako' gisako tituluekin. Jendeak gehiago irakurtzen ditu horrelako egunkariak komunikabide herrikoiagoak baino".
LUCIANA ALFARO: "MIGRANTEEK EZ DAKARTE ARAZORIK EUSKARARENTZAT ETA EUSKAL NORTASUNARENTZAT"
Segurtasuna, aitzakia
Migranteen kontrako eraso antolatu eta bortitzenak ustezko segurtasun baten gerizpean egiten dira. Hala gertatu da Donostian zein Pasaian. Gizarteak erosteko diskurtso erraza da, oñatiarraren ustez: "Ideia bat zabaldu nahi denean, alde batetik, hegemonietara heldu ahal izateko ahalik eta diskurtso sinpleena zabaldu behar da, eta, bestalde, hegemonia horiek euren pribilegioak mantentzeko nahi bat izan behar dute. Mantentze hori kolokan jartzen duen subjektua zapalduago bat bada, segurtasunaren diskurtsoa erraz barneratzen da". "Migrantea gaizto eta bortitz bezala eraikitzen dute, zuritasunaren eraikuntza zibilizatuari kontrajarriz. Segurtasunaren kontzeptua migranteen aurkako bortizkeria normalizatzeko estrategia bat da" dio Alfarok.
Zapalduetan zapalduenak
Pertsona migratuen artean talde zapalduenetako bat emakume langileak dira. "Emakume migrante gehienek menpekotasun egoera nabarmena dute, askotan identitate juridikorik ez dutelako izaten. Kasu horretan, zure helburua identitatea eskuratu eta bereziki sarrera ekonomikoak izatea da. Horiek ez dituzun momentuan txotxongilo huts bilakatzen zara, eta zure gainetik daudenek zurekiko botere guztia dute", adierazi du Ugartek. Emakume horietako asko zaintza lanetan dabiltzala aipatu dute biek, egoera oso prekarioan. Sektore horretako langileak antolatzen hasi direla dio oñatiarrak: "Biolentzia handia jasaten dute. Zorionez, batzuk hasi dira antolatzen, baina zaila da, erritmo handia dute eta isolatuta gelditzen dira eguneroko bizitzatik". Alfarok ondo ezagutzen du antolatu diren migrante horien borroka; zehazki, Emakume Migratu Feministak-Cuidadoras Sociosanitarias taldekoena: "Etengabe salatzen dituzte euretako askok bizi duten esplotazio egoera. Gainera, kasu batzuetan, sexu- jazarpen kasuak jasan behar izan dituzte etxekoengandik". Era berean, luzatzen doa antolatutako taldeek identifikatu dituzten zapalkuntzen zerrenda: errolda ukapena, etxebizitza propioa izateko ezintasuna, erregularizatzeko trabak eta abar.
Oñatin bizi da Pablo Mor, anaiarekin eta ilobarekin batera. Senegalen jaio zen, eta gaur egun kaleko saltzaile gisa ateratzen du bizimodua, aurrez haren anaiak egin zuen moduan.
Zer moduz hartu zaituzte oñatiarrek?
Orokorrean, oso ondo nago hemen. Jende on asko ezagutu dut etorri nintzenetik, baina egia da noizbehinka arrazakeria zantzuak nabaritu ditudala. Hala ere, gaztea naiz oraindik, eta gauza horiekin aurrera egin dezakedalakoan nago. Orokorrean, oso pozik bizi naiz, nahiz eta, esan bezala, jende desatseginarekin egon beharra izan dudan. Ez da ezer gertatzen. Jende on eta txarra leku guztietan dagoela esango nuke. Arreta bihotz oneko jendearengan jartzen ahalegintzen naiz. Lasai bizitzea lortu dut, behintzat.
Zaila da euskaldunekin harremantzea?
Denetarik dago. Esango nuke hemengo jendea oso itxia dela, orokorrean, eta ez dutela ezagutzen ez dutenekin hitz egiteko joerarik. Akaso, beste batzuentzat erraza izango litzateke, baina niri kosta egin zait batzuetan. Ez da ezer gertatzen. Gainera, bi urte bakarrik pasatu dira Senegaldik iritsi nintzenetik; neurri batean, normala dela esango nuke.
Nolakoa da kaleko saltzaileen bizimodua?
Zail samarra da. Egun osoan lan besterik ez dut egiten. Etxera joaten naiz momentu batez zerbait jatera, baina gainontzeko denbora kalean pasatzen dut, saltzen. Gainera, normalean, ez da askorik irabazten. Beste lan bat lortu nahi nuke, astean pare bat egun deskantsatzeko, behintzat, baina, oraingoz, ezin dut. Ondo nago, baina oso gogorra da. Aurreko astean, adibidez, gaixorik nengoen arren egun osoa kalean pasa behar izan nuen, ez dut aukera gehiagorik eta. Egoera horretan egun osoa kalean pasatzea pisua alde batetik bestera mugitzen ez da atsegina.
Zergatik erabaki zenuen Senegaldik irtetea?
Senegalen ez dago lan egiteko aukerarik. Ez dago kasik fabrikarik eta nekazaritzaren menpe bizi gara. Nekazaritzak hiru hilabete inguru irauten du, eta gero amaitu egiten da. Zure gauzak batzen dituzu, adibidez, arroza eta barazkiak, baina gero, gainontzeko hilabeteetan ez dago zereginik. Nik, momentu batean, taxi gidari jardun nuen, motorrarekin, baina nire bizitza aldatu egin behar nuela erabaki nuen. Hona etorri nintzen hizkuntza ere jakin gabe, bizimodu hobe baten bila. Hala ere, aitortu behar dut Senegalen hil nahi nukeela. Nire anaia berdin heldu zen, nire aurretik, eta ondo joan zaio. Saltzen hasi zen eta orain fabrika baten egiten du lan. Zortea izan dut; haren laguntza ikaragarri eskertu dut
Senegalen jaio baina Andaluzian hazi zen Lamine Thior aktorea. Arrazakeriaren gaia jorratu ohi du bere emanaldietan eta azaroaren 30ean Bergaran izango da, Ndank Ndank elkartearen eskutik.
Aktore beltzak paper estereotipatuetan jartzeko joera egoten da?
Bai, tristeki hori da bizi dugun errealitatea. Beltz papera terminoak ondo deskribatzen du nola, askotan, aktore beltzoi rol espezifikoak esleitzen zaizkigun, ia beti estereotipatuak edo profil mugatukoak. Bigarren mailako paperetan edo estereotipoetan oinarritutako pertsonaietan kokatzen gaituzte, hala nola delitugilea, etorkina edo lagun dibertigarria. Rol horiek ez dute islatzen gure istorioen eta bizitzen aniztasuna eta konplexutasuna. Hala ere, gero eta aktore beltz gehiagok apurtzen dituzte estereotipoak, edozein pertsonaia interpretatzeko gaitasuna dugula erakutsiz, ez bakarrik tradizioz esleitu zaizkigunak.
Ezberdina da umorea noranzkoaren arabera?
Umorea oso tresna boteretsua da gizartean eta narratibetan aldaketak eragiteko, baita narratiba horiek betikotzeko ere. Kontzienteki edo ez, bilatzen duzunaren araberakoa da. Ni horretaz jabetzen saiatzen naiz, eta horregatik egiten dut egiten dudana. Errealitateak seinalatzean, ez bakarrik zuk baino pribilegio gehiago dituztenenak, baizik eta normalean aipatzen ez diren errealitateak eta perspektibak seinalatzen dituzunean, zu bezalakoak direnenak, ez duzu kritika soziala bakarrik egiten, komunitatea ere sortzen duzu.
Ikuskizunen munduan, joera arrazistak areagotu egiten al dira ikuslerik ez dagoenean?
Bai, eta uste dut askok maila ezberdinetan bizi dugun zerbait dela. Kameren atzean, bileretan eta casting aretoetan, jendaurrean egingo ez liratekeen jarrera eta komentarioekin egiten duzu topo batzuetan. Ingurune horretan arrazakeria zuzenagoa izan daiteke, edo normalizatuta egon. Hor nabaritzen da nortzuek ulertzen duten inklusioaren garrantzia, eta nortzuek ikusten duten soilik moda edo ikusleentzako gai bat bezala.
Garrantzitsua da erreferente arrazializatuak izatea?
Erreferenteak funtsezkoak dira. Ikuskizun munduan erreferente arrazializatuak izateak belaunaldi berriak inspiratzen ditu eta gizartearen ikuspegi errealistagoa ematen du. Zure antza duen norbait ikusten duzunean, balidatuta sentitzen zara, zure istorioak ere kontatzea merezi duela sentitzen duzu. Ordezkaritza boteretsua da eta pertsona gehiagok mundu honen parte izatearekin amets egitea eragiten du, eta horrek industria aberastu besterik ez du egingo.