Amets baten atzetik, hutsetik hasita

Xabier Urtzelai 2024ko aza. 6a, 14:30

Lanbidez aldatu duten debagoiendarretako batzuk.

Hainbat urtez bestelako zereginetan ibili ondoren konfort-gunetik irten, lanbide horretako segurtasun eta, kasu askotan, baldintza ekonomikoei muzin egin eta ametsetako lanbidearen aldeko apustua egiten duten bost pertsonak euren esperientziaren berri eman dute; bat ere ez da damutu.

Puntua aldizkariaren 430. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Bizitza oso bat eraikita, tokatu denaren gainean, urteak aurrerantza doazte, ez dakit joan nahi dudan, norabide berean... abesten du Izarok bere azken diskoko Iparraldera abestian. Eta seguru jarraian datozen protagonistak identifikatuta sentitu direla lerrookin. Izan ere, aurretik zeukaten lanbide egonkorra alde batera utzi, eta, barrenei kasu eginda, gehiago betetzen zituen horren alde hutsetik hasi dira denak. "Tira, akaso, amets baten atzetik joan garela esatea asko esatea da, nire gaztetako ametsa futbol jokalari izatea zen-eta", dio Igor Larrañagak, barrez. Hala ere, bergararrak dio oso pozik dagoela bere egunean lantegiko lana musikarekin aldatu zuelako.

Gehienak lantegian zebiltzan lanean

Izan ere, erreportaje honetako protagonista gehienak lantegian zebiltzan lanean; Uxue Barrena da salbuespena. Oñatiarrak erizain lana alboratu zuen, suhiltzaile izateko. "Eta gustatzen zitzaidan ebakuntza-gelan egiten nuen lana, baina suhiltzaile-kamioi bat pasatzen ikusten nuen bakoitzean txundituta geratzen nintzen. Nora joango ote dira? Zein izango da larrialdia? Halako galderak etortzen zitzaizkidan burura, pausoa ematea erabaki nuen arte". Bestetik, Eider Otxoak, Ekaitz Zilarmendik eta Unai Agirrebalzategik kooperatibako egonkortasunari muzin egin zioten: "Lagun Aro gabe bizi daiteke?", horixe galdetzen zion Otxoak bere buruari. Bistan da baietz. Eta denek aitortu dute aldaketa hoberako izan dela.

Ekaitz Zilarmendi: "Lo-ordu asko kentzen ditu erabakia hartzeak"

Ekaitz Zilarmendi (Aretxabaleta, 1979) freelance ibiltzen da argazkilari lanetan, eta unibertsitatean argazkilaritza eskolak ematen ditu. "Lanbide honetan batzuek espezializazioaren aldeko apustua egiten dute. Arlo askotan ibiltzea atsegin dugunok, berriz, ez gaude eskaintza berriei ezetz esateko moduan, eta hori ere polita da, argazkilaritza bera oso esparru zabala da eta". Hala, gaur egun, publizitate agentzietarako, fotokazetari eta irakasle egiten du lan. Bidaia hau, baina, 2015ean hasi zuen, lehenago Fagorren ibili zen-eta lanean. "2003tik 2015era bitartean lantegian ibili nintzen lanean, Fagor Etxetresnetan lehenengo, eta, itxiera etorri zenean, Fagor Arrasaten birkokatu ninduten. Lanorduetatik kanpo, baina, argazkilaritza ikasketak egin nituen, Bilboko eskola batean lehenengo eta Donostian gero, eta segituan konturatu nintzen argazkilaritzak zenbateraino erakartzen ninduen".

Saltoak dakarren bertigoa

Baina dena utzi eta hutsetik hastea ez da erraza izaten. "Sasoi hartan, aita izan berri nintzen, eta normalak diren beldurrak nituen: hipoteka ordaindu beharra, aita izan berri zara... Aldaketa ez nuen egun batetik bestera eman, trantsizio moduko bat egin behar izan nuen, baina, azkenean, konturatu nintzen barruak horixe eskatzen zidala, eta, esan moduan, 2015ean kontua eskatu nuen kooperatiban eta autonomo hasi nintzen lanean; bezero mordoa izan gabe, gainera".

"GUSTATZEN ZAIDAN HORREKIN ETENGABE KONEKTATZEAK ASKO BALIO DU"

Erabaki hura hartu baino lehenago, Zilarmendik gogoan ditu zaletasuna ofizio bilakatzeko gogoa etorri zitzaizkion zenbait une. Esaterako, zelan jarraitu zuen lantegian zegoela Bilboko Kukutza gaztetxearen itxiera (2011) Twitterren, edota 2013ko Bertso Txapelketako finalean egin zuen lana. "Garai hartan, Twitterren kontakizunen hariak eta halakoak egiten zituzten asko, eta medioak Kukutzako itxiera zelan jasotzen ari ziren jarraitu nuen, eta sentitzen nuen gustura egongo nintzela ni ere lan hartan. Geroago, 2013an, BECeko Bertso Txapelketako finalerako akreditazioa lortu nuen. Egia esan, ez nuen oso garbi zer egin gura nuen, nire kabuz joan nintzen, ez zen ordainpeko lan bat, baina ordurako zuri-beltzeko argazkiekin nahiko obsesionatuta nengoen, argazki trepidatuekin –dardara daukatenak–, eta, gainontzeko argazkilarien lana erabat errespetatuta, nik zerbait diferentea egin nahi nuen. Bada, argazkiok sareetan zabaldu eta Berria egunkariak erreportajea argitaratu zuen nire argazkiekin. Halako inflexio-puntuak egon dira bidean, bai".

2015ean salto egin zuen arte. "Etxekoen babesa izan nuen, baina erabaki hura hartzeak lo-ordu asko kendu zizkidan. Galtzen duzu lantegiko lan finkoak ematen duen segurtasuna, ez dakizu datorren hilabetea zelakoa izango den, baina irabazi dut denbora, gustatzen zaidanaz bizi ahal izatea, argazkilaritzako errealitateak ezagutzea... Inoiz damutu naizen? Lan gutxi daukadan bakoitzean damutzen naiz [Barre], baina niri gustatzen zaidan horrekin etengabe konektatzeak asko balio du".

Eider Otxoa: "Lagun Arotik kanpo bizitzea posible da?"

Eider Otxoak (Aretxabaleta, 1974) hamabost urte egin zituen kooperatiban lanean, eta azken sei urteak dolu perinataleko terapeuta moduan egin ditu, formakuntza eskaintzen du, baita berbaldiak egin ere. Bi lanbide erabat ezberdin dira. Gaztetan, baina, bestelakoetan ibili zen. "Txatxilipurdin hasi nintzen gazteekin lanean, Zigarrolako gazte txokoan; gero, Txikilandiako eta ekintza kulturalen arduradun izan nintzen, eta lan hura munduko pena handienarekin utzi nuen. Sasoi hartan kooperatiban deialdiak egoten ziren bertan bazkide egiteko. Eta halaxe sartu nintzen. Bada, kooperatiba barruan hainbat lanpostu eta ardura izan nituen. Eskoriatzan hasi nintzen, lapikoak egiten, eta, ondoren, arduradun egin ninduten han. Handik etxetresnetara joan nintzen, giza baliabidetako departamentura, eta azken urteak marketin departamentuan egin nituen. Gogoan dut Alemaniara lanera joandako bidaietako batean gertatutakoa; feria batean geunden, eta atseden-une batean kanpora irten nintzen haizea hartzera. Han ondoan umeen jolas-parke bat zegoen, eta hutsune handia sentitu nuen orduan; konturatu nintzen ez nuela umeengandik horren urrun egon gura".

Ikasgai gogorrak

Otxoak aitortu du bizitzak eman dizkion kolpeetatik asko ikasi duela, baina izan direla orain iritsi den puntura iristeko lagungarri. "Kuriosoa da. Ikasle ginenean, Almenen etorkizunean zer izan gura genuen definitzen joateko test moduko bat egin ziguten, eta, nire kasuan, emaitza izan zen Psikologia ikasi behar nuela. Baina bai, hona iristeko prozesu bat bizi izan dut. Tokatu izan zait lan-giro desegokian lan egin behar izatea, eta horrek eragin izan dit antsietate handia. Ondoren, Ekaitz semearen heriotzak erakutsi zidan heriotzatik ze gertu gauden, bizitza bakarra dela eta erabaki behar dugula non egon gura dugun, eta nire bikotearengandik banantzeak ere beste irakaspen batzuk eman zizkidan, Fagorren itxiera ere bertatik bertara bizi izan nuen... Hala, hainbat galera bizi ondoren inflexio-puntu batera iritsi nintzen, eta zera galdetzen nion neure buruari: Eider, orain zer egin nahi duzu?".

"ALMENEN, ZE IKASKETA EGIN ERABAKITZEKO TEST BATEAN 'PSIKOLOGIA' ATERA ZITZAIDAN"

Galdera haren erantzun bila sei hilabete eman zituen. "Barrura begira jarri nintzen, barruko teklak ukitzen hasi, eta galera horiekin guztiekin lanketa egin nuen. Behin hori eginda, hurrengo galdera zera izan zen: zelan biziko naiz kooperatibatik kanpo? [Barre] Alegia, Lagun Aro gabe bizi daiteke? [Barre] Sei hilabete haietan indar handia hartu nuen; zorionez, etxekoen babesa nuen, baita ekonomikoa ere, eta eszedentzia eskatuta kontsulta ireki nuen".

Lanbide berrian Otxoak hasieratik izan ditu bezeroak: "Gure umea hil zenetik mundu horretan banenbilen lanean, elkartegintzan, dolu terapeutikoaren gaineko formakuntza egiten, gaia ezagutzera ematen, medikuak ere ezagutzen nituen... Eta hasieratik izan nuen lana, preskriptoreak ere banituen...". Ordutik, sei urte daramatza pertsonen dolu eta ondoezak atenditzen. "Eta ohartu naiz inguruan jende asko dagoela ni orain dela sei urte nengoen egoera berean, eta haiek ere etortzen dira kontsultara".

Uxue Barrena: "Ez nekien zer ikasi behar nuen suhiltzaile izateko"

Badira aparteko motiborik gabe erakargarriak diren lanbideak, eta horien zergatia azaltzea ere ez da erraza izaten. Horixe da Uxue Barrenari (Oñati, 1993) gertatzen zaiona. "Nik Erizain ikasketak egin nituen Nafarroako Unibertsitatean (2002-2006), eta segituan hasi nintzen lanean. Iruñean bertan egon nintzen 8 hilabetez, Etxarri Aranatzera joan nintzen gero... Eta ondoren, Debagoieneko ospitalera etorri nintzen lanera, lehenengo plantara eta gero ebakuntza-gelara. Hala, 2019tik 2021era bitartean Debagoieneko ospitalean ibili nintzen, baita Donostiako Poliklinikan ere. Eta esan behar dut erizain lana gustura egiten nuela; hau da, ez nengoen damututa ikasketa haiek egin izanagatik. Ez, gustura nenbilen; lanean zabiltzala besteei laguntzea beti iruditu zait erakargarria".

Baina kalean zebilela suhiltzaile-kamioi bat pasatzen ikusten zuen bakoitzean begira-begira geratzen zen. "Txundituta moduan geratzen nintzen, eta neure buruari galdetzen nion nora joango ote ziren, zein izango ote zen larrialdia... Hala, 2016an ezbehar bat izan zen gure bizilagunen etxean, eta suhiltzaileak etorri ziren. Eta eurak lanean ikusita erabaki nuen probatu egin behar nuela hura, suhiltzaile izan nahi nuela; ez dakit zergatik, baina oso lanbide erakargarria iruditu zitzaidan".

Ikasketa jakinik ez

Suhiltzaile izateko, baina, ez dago ikasketa konkreturik, ez dago prestatuko zaituen unibertsitaterik; oposizioak gainditu behar dira, eta ikasgai-zerrenda luzea da, bai arlo teorikoan eta baita fisikoan ere: "Azterketa horiek zelan prestatu galdezka ibili nintzen eta Foru Aldundian informazioa jasota kamioiko gidabaimena eskuratu nuen eta ikasgaiak prestatzen hasi nintzen; hala, 2017an oposizioetara aurkeztu nintzen. Urte hartako azterketa, baina, oso zaila izan zen, oso gutxik gainditu zuten, baina lan-poltsan sartu nintzen, eta 2021ean lauzpabost hilabetetako formakuntza eginda lanean hasteko eskaintza egin ziguten. Formakuntza hura egin eta halaxe hasi nintzen suhiltzaile lanetan, 2022an oposizioak gainditu nituen arte".

"BIZILAGUNEN ETXERA SUHILTZAILEAK ETORRI ZIREN; HURA EGIN GURA NUEN NIK ERE"

Barrena ez da inoiz lanbidez aldatu izanagatik damutu: "Lehen ere aipatu dut erizain moduan gustura egiten nuela lan, baina bai, asko gustatzen zait suhiltzaile lana, larrialdi bakoitza gainditu beharreko erronka da eta guardietan ere asko gozatzen dut, bertan ere simulazioak egiten ditugulako. Gainera, asko gustatzen zait kamioiak gidatzea, baita kamioietan dugun tresneria guztiarekin ibiltzea ere. Eta suhiltzaile moduan ere jendeari laguntzen diogu". Bi lanbideak alderatuta, Barrenak dio erizain lanetan egunerokoan estres handiagoa zuela eta suhiltzaile gisa lan-baldintza hobeak dituela. "Gero, egia da suhiltzaile lan eginda tarteka gauza gogorrak ikusten dituzula, baina, lehenago ere ebakuntza-gelan lanean ibilita, tira, ohituta ere banengoen".

Barrenak aitortu du aldaketa guztiek eragiten dutela beldurra, baita zalantzak ere: "Baina etxetik animo mezuak besterik ez nuen jaso, ingurukoen babesa sentitu nuen, eta, aldaketetarako prest bazaude, esango nuke beti direla onerako".

Unai Agirrebalzategi: "Biltegian lanean zerbait falta zitzaidan, ez nengoen pozik"

Unai Agirrebalzategik (Oñati, 1977) azkar aurkitu zuen kooperatiban lanpostu finkoa izateak ematen duen lasaitasuna. "Ulmako biltegian hasi nintzen lanean eta bertako arduradunak lanpostua erakutsi zidan, hark laster hartu behar zuen-eta erretiroa. Eta halaxe hasi nintzen, lanpostu seguru batek ematen duen patxadarekin". Lan hartan hasi aurretik, baina, etorkizuna irudikatzeko orduan esanguratsua da oñatiarrak izan zuen zuhurtasuna. "Kirolarekin zerikusia duten ikasketak egin nituen lehenengo, TAFYD ikasi nuen Almenen, eta kirol irakasle ikasketak egin nituen ondoren Gasteizen. Hala, Legazpin izan nintzen bi urtez lanean, baita Almenen tutore ere. Baina, irakasle lanbidearen ziurgabetasunagatik edo, eta gurea lantegiz betetako bailara izanda, badaezpada beste ikasketa batzuk egitea pentsatu nuen, aurrekoarekin zerikusirik ez zutenak; Mekanizazio Bidezko Produkzioa ikasi nuen, eta orduan bide erraz bat ireki zitzaidan lan mundura, eta Ulman hasi nintzen".

Aldaketa beharra

Urteak aurrera joan ahala, baina, Agirrebalzategi konturatu zen Ulmako biltegian ez zegoela erabat gustura. "Ez nengoen pozik, zerbait falta zitzaidan. Biltegiko arduraduna nintzen, eta horrek ere eragiten zidan estresa; ardura postuek hori ere badute. Lankideekin harreman ona nuen, baina ez nenbilen gustura. Hala, emazteak ez ninduen batere pozik ikusten eta hark animatu ninduen haren ondoan [emaztea fisioterapeuta da] lanean hastera".

"BELDUR GUTXIAGO BAGENU, JENDEAK AMETS GEHIAGO GAUZATUKO LITUZKE"

Saltoa ez zuen egun batetik bestera eman: lanean murrizketa eskatu eta formakuntza prozesuari ekin zion ostera ere, Donostian: "Kiromasajea, K-strecha, kirol masajista izateko formakuntza... Lehenago ere Kirol Soinketa ikasi nuenez, banuen oinarria. Berehala konturatu nintzen ikasketa prozesu harekin gozatzen nenbilela, baina, hala ere, kooperatibatik irteteko erabakia hartzea ez da batere erraza, errespetua ematen du". Edozelan ere, hartutako erabakiarekin ez da damutu. "Emaztea hasi zitzaidan bere bezero batzuk pasatzen, eta poliki-poliki bidea egiten joan naiz. Ahoz ahokoak asko funtzionatzen du, eta, konturatu orduko, nire bezeroak izatera pasa nintzen. Egia esan, minez etortzen den jendeak hobera egiten duela ikustea ederra da, eta euren ahotik eskerrak entzutea, asko betetzen nau horrek".

"Beldur gutxiago bagenu..."

Agirrebalzategik dio kulturalki hemen aldaketak egitea asko kostatzen dela. "Suitzan bizi den lagun batek esaten dit han pentsaezina dela pertsona bat bizi osoan lanpostu berean egotea, eta hemen, ordea, oso arrunta da. Alde horretatik, aldaketetarako beldur gutxiago izango bagenu jendeak amets gehiago gauzatuko lituzke". Hala, zer irabazi duen eta zer galdu galdetuta, garbi dauka galdu duen gauza bakarra kooperatiban bazkide izateak ematen duen segurtasuna dela: "Hemen ez dakizu datorren hilabetean zenbat lan egingo duzun, eta horren aurrean lasai egoten ikasi behar duzu; hau da, hori ere kudeatu egin behar da. Baina osasunean eta bizipozean irabazi dut".

Igor Larrañaga: "Lantegiko txandakako lana gogorra da"

Igor Larrañagak (Bergara, 1977) ez zuen denbora askorik behar izan ikasketak amaitu eta lantegian lanean hasteko. "Bergarako Elementalean egin nituen goi-mailako Mekanika ikasketak, eta ikasketak amaituta Antzuolako Elayra joan nintzen praktikak egitera. Bada, udan kontratua luzatu egin ziguten, oporretan joan ziren langileak ordezkatzeko, eta irailean lana zegoela-eta jarraitzeko proposamena egin ziguten, eta halaxe geratu nintzen Elayn lanean; 1998a izango zen".

Mekanika ikasketekin batera, baina, musika-zale amorratu horrek modu paraleloan beste ikasketa batzuk ere egin zituen; musikakoak, alegia. "Hain zuzen, 1998an gainditu nuen klarineteko azterketa, baina aparteko garrantzirik eman gabe egin nituen ikasketa haiek; alegia, gaztetatik musika ikasten ibilita, ba, hura ere amaitu egin behar zen. Eta hala ibili nintzen 2006ra arte, Elayn hiru txandatan lanean. Lan gogorra da lantegikoa, eta, gainera, txandakako lanaldian ibilita... Lo-orduak, otorduak... Erabat nahasten zaizu gorputza".

Arrasaten lehen aukera

Musika irakasle izateko lehen aukera Arrasatetik iritsi zitzaion Larrañagari. "Astean 4-5 ordu ziren, ez zen asko, baina onartu egin nuen. Ez zen erabaki erraza izan, askok ez zuten musika irakasle izatea lanbide moduan ikusi ere egiten [Barre]. Baina Elayn eszedentzia eskatu nuen eta erraztasun guztiak eman zizkidaten; oso eskertuta nago eurekin. Eta halaxe hasi nintzen irakasle lanetan". Behin saltoa emanda etorri ziren ahoz ahoko lan eskaintzak: Azpeitira, Amurriora, Araiara, Bergaran bertan... "Ordutegiak betetzen joaten nintzen, eta halaxe joan zitzaizkidan bost urte. Eszedentzia agortuta, Elayra bueltatu ala musika irakasle jarraitu, hori zen galdera, baina garbi neukan erantzuna".

"ELAYN ERRAZTASUN GUZTIAK EMAN ZIZKIDATEN; OSO ESKERTUTA NAGO EUREKIN"

Gaur egun, Larrañagak Arrasate Musikalen dihardu eskolak ematen, eta astean behin Zestoara ere joaten da. "Klarineteko eskolak ematen ditut, solfeoa, musika hezkuntza... Eta lan polita daukadala iruditzen zait, gustura nabil. Egia da umeekin pazientzia handia izan behar dela: batzuetan, aztoratuta etortzen dira klasera; beste batzuetan, oso nekatuta. Eta denek ere ez dute erritmo berbera izaten. Batzuekin lasaiago joan behar duzu, beste batzuek berezko trebetasuna dute... Baina hortxe dago, nire ustez, erronka, gazte bakoitzari aurrera egin dezan laguntzea. Eta askotan konturatzen naiz musika irakasle hutsak baino gehiago garela, gurekin beste konfiantza bat dutela eta beste askori kontatzen ez dizkieten gauzak kontatzen dizkigutela. Tira, batzuetan, bost minutu hartu behar izaten dira musika kontuak alboratu eta beste kontu batzuez berba egiteko, eta saiatzen zara honekin eta bestearekin kontuz ibiltzeko esaten".

Larrañagak garbi dauka gustatzen zaion horretatik bizi izateaz batera bizi-kalitatean irabazi duela. "Orain, denbora gehiago daukat niretako. Antzuolako lankide ohiekin elkartzen naizenean kontatzen dizkidate laneko kontuak, eta ikusten dut oraindik txandakako lanaldian dabiltzala. Eurak igartzen ditut faltan, baina lantegiko lana ez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak