2022an onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpe dagoen eta lurraldeko hainbat adineko egoitza barnebiltzen dituen Kabia erakundeak 54 lanpostu egonkortzeko lan-eskaintza egitea. Urte hartan, lan-eskaintzaren aurkako salaketa jarri zuten bi langilek, eta azkenean, Donostiako Administrazio Auzitegiak arrazoia eman zien. Gonzalo Perez Sanz epaileak "neurriz kanpokotzat" jo zituen lan-deialdi hartan euskararekin lotuta egiten ziren hizkuntza-eskakizunak, eta oinarrizko eskubideen urraketa gertatu zela ebatzi zuen.
Hizkuntza-eskakizunak euskararen ezagutzarekiko proportzionala izan behar duela eta kasu horretan proportzionaltasun hori ez dela bete argudiatu zuen epaileak, eta 49 lanpostutan euskarazko B1 eta B2 maila eskatzea gehiegizkoa eta baztertzailea dela azaldu. Horrenbestez, auzitegiak bertan behera utzi zuen 2022ko lan-eskaintza hura. Epaiak Debagoieneko bi egoitzatan izango du eragina: Oñatiko San Martinen eta Bergarako Mizpirualden. Horrez gain, Eibarko, Tolosako eta Irungo egoitza banatan ere eragingo du. Arrasateko Iturbide egoitzari, Kabiaren parte izan arren, epaiak ez dio zuzenean eragiten.
Helegitea jarriko dute
Lehen momentutik asmoa erakutsi arren, martitzenean baieztatu zuen Irune Berasaluze Gobernantza diputatuak Gipuzkoako Foru Aldundiak helegitea jarriko duela Kabiarako jarri ziren hizkuntza-eskakizunen defentsan. Herritarrek zerbitzua nahi duten hizkuntzan jasotzeko eskubidea dutela azaldu zuen Berasaluzek, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian. "Gure eguneroko lana euskaraz egiten dugu, eta ez dugu atzera urratsik egingo euskararen normalizazioaren bidean", adierazi zuen.