Kabia erakundearen hizkuntza-eskakizunen kontrako epaia dela-eta elkarretaratzea egin dute Bergaran

Txomin Madina Milikua 2024ko urr. 29a, 11:25

Donostiako administrazio auzitegiak bertan behera utzi du Aldundiaren Kabia erakundearen hainbat adinekoen egoitzetan, tartean Bergarakoan eta Oñatikoan, lanpostuak egonkortzeko lan-eskaintza, euskararekin lotutako hizkuntza-eskakizunak "neurriz kanpokoak" direla argudiatuta.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpekoa den eta lurraldeko hainbat adinekoen egoitza bere barne hartzen dituen Kabia erakundeko euskararekin lotuta hizkuntza-eskakizunak "neurriz kanpokoak" direla egotzita, Donostiako Administrazio Auzitegiak 54 lanpostu egonkortzeko 2022an abian jarritako lan-eskaintza bertan behera utzi du.

Bost herritako nagusien egoitzari eragingo die horrek, tartean Oñatiko San Martin eta Bergarako Mizpirualderi, eta hori horrela, gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean Jardun euskara elkarteak eta Udalak deituta. Eraso eta sententzia euskarafoborik ez! lelo nagusia zeukan pankartarekin egin zuten elkarretaratzea, eta deialdiarekin bat egin zuten EH Bilduren udal gobernuko kideek eta baita EAJren udal taldeko ordezkariek ere. Agerraldia amaitzeko, Jardun euskara elkartekoek beste hainbat herritako euskara elkarteekin adostutako testua irakurri zuten.

Jardun: "Ez dira kasu konkretuak, dinamika bat baizik"

"Kasu honetan Kabiaren kontrako epaia da irten dena, baina euskara elkarteetatik ikusten dugu behin eta berriz ari direla auzitegietara eramaten euskara irizpideen kontua, eta epaitegien erantzunak euskararen kontrakoak direla. Ez dira kasu konkretuak, dinamika bat baizik, behin eta berriz gertatzen dena eta ikusten dugu honek ezin duela horrela jarraitu", azaldu zuen erabakiaz galdetuta Jarduneko Nerea Mendizabalek. Eta irakurri zuten testuan aipatu moduan, gaineratu zuen euskaraz zainduak izateko eskubidea dugula: "Mizpirualde bezalako egoitzetan dauden pertsonak zaurgarriak dira, eta are gehiago merezi dute haien hizkuntzan eta ondo artatuak izatea. Hori horrela, kasu hau larriagoa da". Gertatutakoaren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiari epaiaren kontrako helegitea aurkeztea eskatu zioten.

Ainhoa Lete alkateordean esanetan, "larritasunez eta kezkaz" hartu dute epaia: "Gure herriko egoiliarren hizkuntza eskubideen kontra doa, argudio faltsuak erabilita", esan zuen atzoko agerraldian, eta gaineratu azkenaldian epaitegietatik euskararen inguruan datozen epaiak "norabide garbi" baten datozela:  "Oinarrizko eskubide baten kontra doaz, ez dira doako sententziak". Kasu honetan epaiak adineko pertsonei eragingo dienez "are larriagoa" dela iritzita, sententzia horien aurrean mobilizatu beharra azpimarratu zuen: "Euskarak aurrerapauso sendoak emateko legedia baten beharra dauka ezinbestean".

EAJren Udal Taldeko bozeramaile Mikel Letek ere zentzu berean hitz egin zuen: "Ebazpen hau azkenaldian egon direnen artean bat gehiago da eta gure balorazioa ez da batere positiboa, lan-eskaintza publikoak bertan behera geratzen ari direlako. Herritarrek eskubidea dute zerbitzuak kalitatezkoak izatea, eta horiek bakoitzak aukeratzen duen hizkuntzan jasotzekoa ere bai". "Azkenaldiko epaien harira, langileen eskubideak eta herritarren hizkuntza eskubideak kontrajartzen dira. Lanketa bat egin behar da egungo lege-babesa nahikoa ez bada, elkarlanaren bidez Administrazio ezberdinak martxan jarritako prozedurak babesteko”, gaineratu zuen Letek.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak