Hezkuntza digitala: etenik gabeko eguneraketa

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko urr. 29a, 14:30

Bergarako Mariaren Lagundia ikastolako DBH-1eko ikasleak chromebook ordenagailuekin lanean.

Belaunaldi berriak prestatzea da hezkuntza sistemaren xedean, eta gaur egun ere erronka garrantzitsu asko daude mahai gainean. Horien artean da ahoz aho dabilen hezkuntzaren digitalizazioa. Gaiak eztabaida sortzen du: hezkuntzaren digitalizazioa bai, baina nola eta zertarako?

Puntua aldizkariaren 429. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Hamarkada batean asko aldatu dira gauzak. Ikaragarri. Aldaketa horietako askoren atzean daude Interneten zabalkundea eta gailu teknologikoen demokratizazioa. Gaur egun, ia guztien eskura dago mundu digital oso bat, zeinek abantaila handiak dakartzan, baina baita askotariko mehatxuak eta arriskuak ere.

Hezkuntzaren digitalizazioa ez da erronka berria. Eusko Jaurlaritzak 2010. urte inguruan jarri zuen martxan Eskola 2.0 proiektua, eta orduan egin ziren lehen urrats esanguratsuak hezkuntzaren digitalizazioan.

Maria del Mar Sanchez: "Haur Hezkuntzatik hazi behar da konpetentzia digitalean"

Urteak pasa dira ordutik, eta oso bestelakoa da ikastetxeetako errealitatea. Pandemiak ere eman zuen bere bultzadatxoa. Liburu digitalek hedapen handia izan dute, eta adin batetik aurrerako ikasle ia guztiek dute chromebook bana eskolako zereginetarako. Hori bakarrik ez: ikasleak programazioan, robotikan eta pentsamendu konputazionalean trebatu behar dituzte ikastetxeek. Horrek guztiak hainbat edukiren eta ikas metodologiaren eguneratzea eskatu du, eta, horrekin batera, gailu teknologikoen erabileran trebatzea. "Aurreko bi ikasturteetan Europako Batasunak eta Eusko Jaurlaritzak erronka berriei aurre egiteko irakasleak eta ikastetxeak gaitasunak neurtzera eta formatzera behartu zituen, DIGICOMP erreferentzia markoa ezarriz. Formakuntza horrek aurrera jarraitzen du ikasturte honetan ere, eta irakasleen zati batek ziurtagiriak eskuratzeko ikastaroak egin beharko ditu", azaldu du Arizmendi ikastolako IKT arduradun Beñat Irazabalek. Konpetentzia digitala zertan datzan jakiteko eta pedagogiaren zerbitzura jartzeko ari dira ikastaro horiek egiten sistema osoko irakasleak.

Berriki heldu da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko agindu berria ikastetxeetara. Urtea amaitu aurretik, eskola eremuan gailu teknologikoen erabilera arautuko duen araudia egin behar dute. Gailu horien artean dira ikastetxean daudenak –chromebookak eta– zein ikasleek etxetik ikastetxera eramaten dituztenak – mugikorrak eta ordulari adimenduak–. Hala, ikastetxe bakoitza bere araudia egiten ari da. Badira urtarrila ezkero indarrean dutenak eta badira barne-lanketa egiten ari direnak hezkuntza komunitateko eragile guztien ekarpenak jasotzeko.

Jardunaldia adituekin BECen

Hainbat eztabaida edo zalantza sortzen dituzte digitalizazio erronka berriek. Gaur egun, inor gutxik jartzen du zalantzan hezkuntzaren digitalizazioaren eta umeen alfabetatze digitalaren beharra. "Gure gizartea ez da analogikoa; gizarte digital batean bizi gara eta belaunaldi berriak erabiltzaile kontziente izateko hezi behar ditugu. Alfabetatze digitala ezinbestekoa da", dio Bergarako Mariaren Lagundia Ikastolako zuzendari Nagore Muruak.

Hezkuntza digitala bai, baina nola eta zertarako da ikastetxe askotan mahai gainean duten galdera nagusia, eta Berritzegune Nagusiak antolatuta bi adituren parte hartzearekin egindako jardunaldia izan zen hilaren 4an BECen. Maria del Mar Sanchez izan zen hizlarietako bat; Pedagogian doktorea, Murtziako Unibertsitateko Hezkuntza Teknologiaren Ikerketa Taldeko kidea eta Didaktika eta Eskola Antolaketa Saileko irakaslea da. "Berrikuntza hobekuntzekin egindako aldaketa da. Aldaketarik ez badago, ez dago hobekuntzarik", esan zuen. "Ez du merezi testu- liburu digital bat erostea, testu-liburu inprimatuarekin egiten dugun gauza bera egiteko erabiliko badugu; izan ere, teknologiak, berez, ez du hezkuntza-hobekuntzarik eragiten. Ikastetxearen eta irakasleen estrategia da gakoa". Tresna digitalekin egin daitezkeen jarduerak asko direla azpimarratu zuen: "Informazioa bilatzea, multimedia- baliabideak sortzea, simulazioak eta errealitate birtuala erabiltzea, beste ikastetxe batzuekin elkarlanean aritzeko proiektuak egitea, programatzen ikastea, bitartekoen erabilera segurua lantzea, ziberjazarpena lantzea...".

Amaia Barcenilla: "Pantailen erabilera erakutsi egin behar da, eta modu progresiboan"

Adituari oso positiboa iruditzen zaio EAEko erakundeek ikastetxeen autonomiaren alde egin izana, eta azpimarratu du Haur Hezkuntzatik hezi behar dela mundu digitalean: "Alfabetatzea eta gaitasun digitala garatzea funtsezkoa da, eta hezkuntza-etapa guztietan landu behar da. Ohartu behar dugu, gainera, ume askorendako eskola izango dela alfabetatze digitala jaso ahal izateko leku bakarra. Geure buruari galde diezaiokegu ondo ari garen, ikastetxeek nahikoa baliabide dituzten, edo irakasleek zein gurasoek nahikoa prestakuntza dugun prozesua babesteko eta laguntzeko. Baina fake news-en, algoritmoen eta adimen artifizialaren munduan ezin dugu alfabetizazio digitalaren garrantzia zalantzan jarri. Hori bai, erabilera osasuntsua sustatu behar dugu".

Ikastetxeen bizkar jarritako erantzukizunari buruz ere argi hitz egin du: "Teknologiaren erabilera osasungarria gizarte osoaren erantzukizuna da, eta familiek ere oso eginkizun garrantzitsua dugu. Azterlan batzuek adierazten dute haurrek batez ere etxean gertatzen dena ikusita ikasten dutela".

Mugikorrak eskoletan

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak horrela eskatuta ikastetxeek urte amaierarako prestatu behar duten araudiak eragina izango du, baita ere, ikasleek etxetik eramandako mugikorren eta ordulari adimenduen erabileran. Ikastetxe bakoitzak bere araudia idatzi behar du, eta hainbat dira ereduak. Bergarako Mariaren Lagundian, esaterako, erabaki dute ezingo direla gailu horiek eskola eremuan erabili. Neurri bera hartu dute Bergarako Ipintza Institutuan eta Arrasateko Institutuan. Arizmendi Ikastolan "malgutasunez" jokatzen dute, oraingoz, eta hezkuntza komunitate osoaren iritzia zein den jakin nahi dute araudia finkatu aurretik.

Agipad elkarteko hezitzailea da Amaia Barcenilla, eta Arrasateko Udaleko Prebentzio Sailak antolatutako Mundu digitalean seme- alaben bidelagun izeneko tailerra gidatzen ari da egunotan. Bederatzi gurasok eman dute izena. "Azken urteotan hezkuntzaren digitalizazioa ikaragarrizko aurrerakuntza bezala hartu dugu eta garrantzitsua da gazteek tresna horiek erabiltzen ikastea. Gauza askotarako da positiboa, eta oso lagungarria da. Dena den, uste dut askorik pentsatu gabe sartu garela mundu horretan. Buru-belarri sartu gara, eta ezer zalantzan jarri gabe, eta teknologia horiek gehiegi erabiltzen hasi gara. Ikasketa prozesuan ere oztopo izan daiteke gehiegizko erabilera, eta orain, horri guztiari buelta bat ematen hasi gara. Gizarte digital batean bizi gara eta gazteen alfabetatze digitala ezinbestekoa da, baina pantailen erabilera erakutsi egin behar da, eta modu progresiboan. Heziketarik gabe ezin diegu horrelako tresna bat eman. Helduoi askotan zaila egiten bazaigu erabilera denbora kontrolatzea, nola izango da erraza umeendako? Haien burmuinak oraindik ez daude prest", azaldu du, eta azpimarratu helduok eredu garela. "Egiten dugunarekin ikasten dute umeek eta gazteek. Nire ustez, erronka nagusia oreka lortzea da. Mundu digitala gelditzeko etorri da eta, gainera, abantailak ere baditu, baina modu osasuntsuan erabiltzen ikasi behar dugu. Ikusi beharko genuke zein ekintzatarako izan daitekeen positiboa gailu digitalak erabiltzea, eta noiz den hobe betiko tresnak erabiltzea. Bi estrategiak uztartu beharko genituzke", dio.

Kontsultan seinale argiak

Pediatra da Bea Pacho. Arrasateko ospitalean eta Eskoriatzako osasun etxean du kontsulta. Oñatin ere lan egindakoa da. "Egia da teknologiak gauza asko errazten dizkigula, baina gehiegi erabiltzea ez da osasungarria, eta, uste badut ere gaur egun duela 10 urte baino kontzientziazio maila handiagoa dagoela, oraindik ere badugu bidea". Pachok dio poliki-poliki atzeratzen doala mugikorrak lehen aldiz emateko adina. Onartzen du osasun proba luzeak eta deserosoak egiteko ikusi izan duela osasungintzan ere tabletak erabiltzen, baina ez du uste pediatria-kontsulta batean beharrezkoak direnik. "Badira familiak nik umeari belarria begiratzeko edo kontsultako txandaren zain egoteko edo helduok lasai hitz egin dezagun umeari telefonoa ematen diotenak. Ez dut uste beharrezkoa denik. Umeek ere ikasi behar dute bizitza honetan gustuko ez dituzten gauzak egin beharko dituztela. Berdina gertatzen da autoz hamar minutuko ibilbidea egiteko umeari pantaila bat ematen diogunean. Gaur egungo umeek ez dakite aspertzen".

Bea Pacho: "Umeek ezin dute kontsumoa neurtu eta ez dute begirada kritikorik"

Pediatrak dio atera izan dela gaia kontsultaren batean, baina oso gutxitan. "Errebisioetan egiten ditugun galderen artean dago pantailen erabilerarena, baina familiek gutxi hitz egiten dute nirekin horren inguruan. Kontsultatu izan duten guraso apurrek seme-alaba nerabeak dituzte, eta kezkatuta daude haiek hasitako dietekin edo jarduera fisiko bortitzarekin. Sare sozialetako influencer-ak egoten dira atzean, eta haiek esandako guztia egiten dute gazteek argaltzeko edo gorputza garatzeko".

Detektatuta daukan beste kontu bat da gero eta ume gehiagok egiten dituztela bi gauza batera: aldi berean telebista ikusi eta mugikorrean jolastu, edo bideojokoetan jolastu eta Youtubeko bideo bat entzun...

Pachok nahiko luke pantailen erabilera osasun publikoko arazo moduan ikustea bai gizarteak, bai osasun sistemak. Hain zuzen ere, aldarrikapen hori dute, besteak beste, Altxa Burua ekimeneko lantaldeek. "Tabakoarekin ere gertatu zen. Sasoi batean, kirolari ospetsuek iragarkiak egiten zituzten tabakoaren publizitatea egiteko. Gaur egun, hori pentsaezina da. Teknologia etorri da eta bat-batean zabaldu da erabilera, eta poliki-poliki konturatzen ari gara arriskuak ere badaudela. Umeak ez daude prest kontsumoa neurtzeko, ez dute edukiak desberdintzeko begirada kritikorik… Iruditzen zait osasun arlotik ere neurriak hartuko direla denborarekin".

Olatz Altzua: "Institutuan eredu mistoa bultzatzen dugu"

Arrasateko Institutuan 600 bat ikasle dituzte, eta digitalizazio prozesua ez da berria: "Ikastetxean eredu mistoa bultzatzen dugu; baliabide analogikoen eta digitalen arteko oreka bilatzen dugu. Irakasleak azken urteetan ikuspegi teknopedagogikoaren inguruan formatu gara, ikuspegi hori baita aplikatu behar dena: teknologiaren erabilera pedagogiaren mesedetan. Gaur egun gizarteak duen erronka garrantzitsuena baliabide digitalak modu arduratsuan erabiltzea da. Teknologiaren erabileran ere izaera kritikoa izan behar dute ikasleek, eta eskoletan landu behar dugu".

Aurreko araudia osatu dute

Hezkuntza komunitatea osatzen duten taldeen ekarpenekin – ikasleak, familiak, irakasleak eta irakasle ez diren langileak– osatu dute aurretik zuten araudia. "Mugikorrak ezin dira eskola orduetan erabili, helburu pedagogikoa egiteko ez bada. Ikasleen adina kontuan hartuz atsedenaldietako erabilera ere arautu dugu maila batzuetan. Ikasturte honen hasieratik jarri dugu martxan araudia, eta laster egingo dugu lehen balorazioa".

Altzuak dio zentroan kezkatuta daudela bai teknologiaren gehiegizko erabilerarekin bai eduki desegokien kontsumoarekin: "Jarraitu behar dugu ikasleekin gai horiekin lotutako lanketa egiten, eta ikastetxeak eta gurasook batera joan behar dugu noranzko berean: ikasleak bizitzarako prestatu behar ditugu, digitalki konpetenteak bihurtu behar dute, baina iritzi kritikoz erabilera arduratsua egin behar dute".

Rakel Gamito: "Digitalizazioa paradigma pedagogikoaren aldaketa da"

EHUko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko irakaslea da Rakel Gamito (Arrasate, 1984). Hezkuntza-teknologia eta gaitasun digitala ditu lan-ildo nagusi, besteak beste.

Belaunaldi berrien alfabetatze digitala ezinbestekoa da?

Bai, eta horrela jasotzen dute, aspalditik, hezkuntza-legeek. 1996an Europako Kontseiluak oinarrizko gaitasunak edo gaitasun gakoak definitu zituen, zortzi guztira, eta horien artean da gaitasun digitala.

Ze gogoeta egiten duzu pantailen erabileraren inguruan?

Digitalizazioak testuinguru berri bat ekarri du eta urgentea da horri erantzutea adingabeak babesteko. Ez bada pantailen eta adingabeen harremana modu egokian kudeatzen, ondorioak oso larriak izan daitezke. Azken finean, pantailen aurrean pasatako denbora eta, batez ere, pantailen bitartez jasotako edukiek eragin zuzena dute haurren eta nerabeen garapenean. Hala ere, ez da erraza, formakuntza, kontzientzia eta ardura behar direlako.

Arreta hezkuntza alorrean jarrita, zer iruditzen zaizu eskola eremuetan gailuen erabilera arautzeko araudia egiteko agindua?

Ondo. Eskolan egunerokotasunaren alderdi ugari daude arautuak; adibidez, noiz eta non jan daitekeen, zer-nolako jarrerak ez diren onartzen… Teknologiaren edota, zehatzago, mugikorraren erabilera egunerokotasunaren parte da eta bizikidetzan eragin zuzena du. Arauak beharrezkoak dira, baina garrantzitsua da araua ez izatea debeku soila, erabilera arduratsua bideratzeko eta lortzeko laguntza bat baizik.

Nola sumatzen dituzu irakasleak eta zuzendaritza taldeak?

Urduri, askori gaiak ihes egiten dielako. Oso ohikoa da ez jakitea eremu digitalean haurrek eta nerabeek zer, zenbat, nola edo zergatik egiten duten. Ezjakintasun horren aurrean askoren erantzuna debekua da, baina irakasleek gogoratu behar dute hezkuntzak integrala izan behar duela. Horretarako, eskolak errealitatearekin bat egin behar du eta, besteak beste, gaitasun digitala bermatu. Horretarako, formakuntza beharrezkoa da beti, baina baita ikasleei hitz egiteko aukera ematea eta esaten dutena interesez entzutea ere. Interneten arriskuei buruzko informazioaz gain, ikasleek bizi dituzten egoerak azaltzeko eta izan ditzaketen ardurak edota zalantzak mahai gainean jartzeko beharra dute. Hala ere, adingabeen hezkuntza digitalaren arduradun bakarra ez da eskola. Adingabeen osasuna eta babesa familien zereginak ere badira eta gobernuek ere zeresan handia dute auzi horretan.

Zer da hezkuntza digitalizatzea?

Hezkuntzaren digitalizazioa ez da gelak gailu digitalez betetzea eta, are gutxiago, tresna horien bitartez ikasleak software jakin batzuen erabiltzaile izatera behartzea. Hezkuntzaren digitalizazioa paradigma pedagogikoaren aldaketa da eta berrikuntzarako aukera bat bezala ulertu behar da. Teknologia irakasteko eta ikasteko osagai bat izan behar da eta harremana modu eraikitzailean eta hezitzailean garatu behar da.

Irakasleek formakuntza handiago behar dute?

Bai, noski, baina dena ez da formakuntza jasotzea. Erronkari interesez eta arduraz erantzun behar zaio. Haurrak eta nerabeak entzun behar ditugu gelan hausnarketa errealitatean oinarritzeko eta ikuspegi kritikoa euren arduretatik bideratzeko. Epaitu gabe, eta argi izanda irakasle bezala hori guztiori egitea ez dela hautazkoa, zeregin profesionala baizik.

Larraitz Agirre: "Erabakiak hartu behar dira, egoera larriagoa izan aurretik"

Gaur-gaurkoz, Debagoieneko herri guztietan daude Altxa Burua taldeak, eta saretuta daude. Gurasoz osatuta, mugimenduak hiru helburu nagusi ditu: Interneterako sarrera duten gailuak ematea atzeratzea, eskolak telefono mugikorrik gabeko arnasgune bihurtzea eta helduak eta seme-alabak erabilera egokian trebatzea. Larraiz Agirre (Bergara, 1983) Bergarako lantaldeko kidea da.

Nolakoa beharko luke hezkuntzaren digitalizazio prozesuak?

Digitalizazioa ezin dugu ukatu, iritsi da eta geratzeko etorri da. Baina kontziliazioak osasungarria izan behar du, eta, momentuz, ez da. Chromebookek eta smartphoneek liburuen tokia hartu dute. Argi dago ez gabiltzala ondo; aisialdia smartphonera lotuta pasatzen dute gazteek, medikuek estres eta antsietate gero eta handiagoa ikusten dute eta eskolan kontzentrazio-ahalmena gero eta urriagoa da.

Hezkuntza Sailak horrela eskatuta, ikastetxe bakoitzak bere araudia prestatu behar du; zer iruditzen zaizue?

Ez du zentzurik eskola bakoitza bere protokoloa idaztera behartzeak; eskolen gain utzi da gizartean pil-pilean dagoen arazo baten kudeaketa. Herrietako gurasoak batu gara gure seme- alabak babesteko. Ados jarri gara, erabakiak hartu ditugu… Zergatik Hezkuntza Sailak ezin du protokolo bateratu bat proposatu? Altxa Burua osatzen dugunok adostu dugu protokolo bat, eta hori da eskola askotan ezartzen ari den eredua.

Hezkuntza Sailarekin hartu-emanetan zaudete.

Hezkuntza Sailarekin hainbat bilera izan ditugu eta esango nuke oraingoz ez dela aurrerapausorik eman. Erabakiak hartu behar dira, egoera larriagoa izan aurretik. Nahiko genuke, esaterako, eskolek protokolo eredu bakarra izatea. Haur guztiek dituzte eskubide berak, eta eskolek arnasgune izan behar dute. Bergaran lanketa bat egin dugu eta azken bileran eskolentzako protokolo eredu bat proposatu genuen. Aho batez onartu zen eta eskolen gehiengoak ezarri du. Kasu batzuetan, gainera, are eta araudi zorrotzagoa egin dute.

Ikastetxe askotan debekatu egin dute smartphoneen eta ordulari adimenduen erabilera.

Eta aldaketa ikaragarria sumatu dute. Oso positiboa izan da. Smartphoneak eskola eremuetatik ateratzeak bizikidetza errekuperatzea ekarri du; pasilloetan berriketa eta jolas gehiago dago eta ez da bakoitza bere gailuari begira egoten, bakartuta. Jolas-orduko talde-jolasak indartu egin dira eta mahai-jokoak agertu dira berriz. Irakasleen balorazioa oso positiboa da; ikasleak askoz ere lasaiago eta alaiago ikusten dituzte. Eskolak arnasgune bihurtzeak ekarri du ikasleek begiak zabaltzea, aurrez aurreko harremanak garatzera bueltatzea eta ulertzea disfrutatu daitekeela dispositibo baten menpe egon gabe.

Osasun Sailarekin ere bazaudete harremanetan; nahi duzue gailu teknologikoen mendekotasuna osasun arazo publiko izendatzea.

Osasun Sailarekin ere izan ditugu bilerak, eta medikuak bat datoz: arazoa uste baino larriagoa da. Osasun Sailak badihardu lanean eta aurrerantzean ere Altxa Burua mugimenduarekin elkarlanean aritzeko asmoa du. Hortaz, ontzat jotzen dugu.

Lanean jarraituko duzue.

Noski. Herri bakoitzak bere lan-dinamika du, baina saretuta gaude eta denbora gutxian emaitza handiak lortu ditugu. Hainbat kanpaina ditugu martxan eta saretuta egoteak aukera ematen digu erakundeen aurrean beste indar batekin aurkezteko.

Beñat Irazabal: "Bide hau taldean, modu kolektiboan egin beharrekoa dela uste dugu"

Arizmendi Ikastolan 3.200 bat ikasle dituzte. "Gaur egun, beste ikusgarritasun bat eman zaio, baina hamarkada bat baino gehiago da ikastolan prozesua martxan jarri genuenetik", dio ikastolako IKT arduradun Beñat Irazabalek. "Guk argi dugu etorkizuneko Leintz, Euskal Herria, digitala ere izango dela, eta ez dugu instrumentalista soilik izango den digitalizaziorik nahi. Erantzukizunez bizi dugu, eta, digitalizazio etiko eta arduratsua nahi dugunez, gure ikasleen eta komunitatearen ahalduntze prozesua gure esperientzian eta, batez ere, ebidentzia zientifikoetan oinarritutakoa izatea da gure asmoa. Horretarako, marko teknopedagogikoa osatzeko taldetxo bat osatu genuen", azaldu du. "Pantailen inguruan ere hausnarketa fasean gaude, eta asmoa da haien erabilera eta erabileraren intentsitatea ikasleen garapenaren arabera doitzea. Mugikorren erabilerari dagokionez, neurriak hartu beharrarekin guztiz bat gatoz, eta, araututa dugun arren, komunitatearen iritzia ere jaso nahiko genuke. Neurri berriek ikastolan telefono adimendunen erabilera zehatzago arautuko dute. Begi onez ikusten dugu gurasoen inplikazioa eta gizartearen mobilizazioa modu kolektiboan gizarteko eta hezkuntzako arazoen eta gaien inguruan, oro har. Bide hau taldean, modu kolektiboan egin beharrekoa dela uste dugu. Horrekin lotuta, burujabetza teknologikoaren bidean pausoak egitea ere gustatuko litzaiguke: hezkuntza sistemaren kontrolpean dauden erreminta libreak behar ditugu. Oraindik bide luzea dugu egiteko".

Nagore Murua: "Gailuek ez dituzte liburuak ordezkatu"

Bergarako Mariaren Lagundia Ikastolan 600 bat ikasle dituzte eta urteak dira prozesu digitalean sartuta daudela. "Zerbait hibridoa egin dugu; gailuek ez dituzte liburuak eta koadernoak ordezkatu", azaldu du Nagore Murua zuzendariak. Urte hasieran jakinarazi zuen Jaurlaritzak arautu egin behar zela gailuen erabilera, eta hori barne hartuta ikasleek kanpotik ekartzen zituztenak. "Aukera ona iruditu zitzaigun denentzako bera izango zen araudia jartzeko. Gure ikastetxean ezin dira mugikorrak edo ordulari adimenduak erabili, eta araua denentzako da bera; ikasleentzako –Lanbide Heziketakoak barne– zein irakasleentzako". Urtarriletik dute araudi berria indarrean. "Ez da arazorik egon. Gainera, arazo asko saihestu egin ditugu. Ikasleak lasaiago daude, elkarrizketa gehiago daude pasilloetan eta irakasleek ez dute polizia lanetan ibili behar". Argi dute konpetentzia digitala HHtik hasten dela, eta matematikoa edo hizkuntza konpetentzia bezain garrantzitsua dela. "Ikastetxeak ingurune babestuak dira; kontrolatuta dugu ikasleen wifi domeinuan zertan sartu daitezkeen eta zertan ez".

Chromebooken erabilera

Bestelako neurriak ere hartu dituzte: "Gurean LH-4 eta LH-5 mailetan hasten dira ikasleak chromebook ordenagailu banarekin. LH-4koak ezin dituzte etxera eraman, eta LH-5ekoak ez daukate debekatuta, baina ez dute zertan eraman, jarduerak antolatzen ditugulako premia hori ez izateko. Gauza ez da gailu ba

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak