Aurten ere egon da erreketatik zer atera

Imanol Beloki Unamuno 2024ko urr. 19a, 17:59

Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean egitasmoak deituta, erreka garbiketa egin da gaur bailarako zenbait herritan. Antolatzaileen esanetan, 300 lagundik gora pertsonak hartu dute parte ekimenean eta pozik gelditu dira egindakoarekin: "Erreka nola zegoen ikusita azken egunetan zalantzak izan ditugu baina aurrera egin dugu, eta, beraz, balorazio ona egiten dugu".

Antzuolan, Oñatin eta Leintz Gatzagan ekintza gauzatu ez duten arren, gainontzeko herrietan neurriak hartuta, errekara jaitsi dira zaborra jasotzera. Patineteak, baloiak, latak, aspaldi urpean zeuden gauzak, plastikoak… denetarik topatu dute Deba ibaiaren barnean garbiketa lanean aritu diren haur zein helduek.

Neurriak hartuta eta ondo antolatuta

Bergaran, esaterako, errekara ez sartzeko erabakia hartu dute, Beti-busti taldeko piraguistak izan ezik. Hala ere, erreka bazterretako zaborra jasotzen lan dezente izan dute. Izan ere zakar poltsa ugari bete dituzte erreka bazterretatik ateratako gauzekin eta gero ondo sailkatu dute guztia. Bergararrek azaldu dutenez, puntu beltzetan atera dute zabor gehien, eta, horietako bat izan da autobus geltoki nagusiaren ingurua.

Eskoriatzan, berriz, bi taldetan banatuta egin dute garbiketa; batzuk, Alberjazaharretik behera jaitsi dira, eta, beste batzuk, Intxaurtxuetan aritu dira. Guztira, hogei lagun inguru batu dira aurtengo ekinaldian. Ura aztertzeko tartea ere hartu dute, gainera, eta errekan dagoen biodibertsitatea ezagutzeko tartea ere izan dute. Aretxabaletan, hiru eremutan banatuta egin dute garbiketa; uraren maila altu zegoen zenbait eremutan eta ondorioz  erreka bazterretan aritu dira, batez ere, garbiketa egiten; Aretxabaletan. 50 lagun inguru aritu dira auzolanean.

Elgetan, berriz,  Asentzio inguruan egin dute garbiketa, eta Aramaion eta Arrasaten ere zabor bilketa handia egin dute eremu ezberdinetan batutakoarekin. Arrasatearren kasuan, Musakolan edukiontziak zaborrez beteta utzi dituzte, herritarrek horiek ikusi eta kontzientziak pizteko.

Plakak iturrietan jarrita

Itsasoa hemen hasten da plakak jartzeko tartea ere hartu dute gaur. Auzolanean aritu direnek iturrietan jarri dituzte plaka horiek, iturrietako ura errekara doala ondo adierazteko.

Auzolanaren garrantzia

Antolatzaileek adierazi dute, gainera, erreka garbiketa auzolanean egiteak beste pertsona batzuk eta erreka ezagutzeko aukera emateaz batera, nork bere herria beste ikuspuntu batetik ikusteko ere balio duela. Hala, Bergaran Kukubasokoen eskutik eta Eskoriatzan Ibarraundi museokoen laguntzarekin, esaterako, gaztetxoenei biodibertsitatearen inguruko azalpenak emateko ere aprobetxatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak