Puntua aldizkariaren 428. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Hileko obario-zikloak desagertzen direnean, hormona kopuruak nabarmen egiten du behera; batez ere, estrogenoarenak. Beherakada horrek eragiten ditu klimaterioari lotutako sintomak: hilekoaren ziklo irregularrak hasieran, beroaldiak, insomnioa, kilo gehiago izatea, izerdi gehiago botatzea... 50 urte inguruko emakume bat kalean abanikoarekin ikusten den bakoitzeko, klimaterioarekin dago erlazionatuta; klimaterioarekin, eta ez menopausiarekin. Izan ere, bi gauza ezberdin dira. "Obulutegi-funtzioa behin betiko amaitzeko trantsizio-garaiari deitzen diogu klimaterioa. 11-13 urterekin hasten da –menakia– eta 50 urte ingururekin amaitzen da, batez beste. Azken hori amaren menopausiaren adinarekin lotuta egon ohi da. Oso ezberdina da emakume batetik bestera. Horregatik, beti esaten dut prozesu hori indibidualizatu egin behar dela", esan du Debagoieneko ESIko Ginekologia eta Obstetrizia Zerbitzuko buru Jose Ramon Serranok.
Gizarteak, oro har, guztiari menopausia deitzen dio. Baina menopausia egun bakar bat izaten da. "Hamabi hilabete, urte oso bat, hileko barik betetzen den egunari deitzen zaio menopausia. Egun horri bakarrik. Etapa horren inguruan gerta daitezkeen sintomatologia aldaketen garaiari klimaterioa deitzen diogu. Trantsizio garaia izaten da eta 5-10 urte artean iraun dezake", azpimarratu du Debagoieneko ESIko emaginen ikuskatzaile Rebeca Garciak.
Informatzearen garrantzia
Klimaterioarekin eta menopausiarekin dagoen nahasmena gauza bakoitza denaz harago doa. Emakume gehienak galduta sentitzen dira fase hori iristen zaienean. Badakite gorputza aldatuko zaiela, baina ez dakite zenbateraino eta zergatik. Horregatik da ezinbestekoa emakume guztiek pasa behar duten garai hori erdigunean ipintzea. Debagoieneko ESIk klimaterioaren eta menopausiaren gaineko tailerrak egingo ditu azaroan (Ikus 15. orriko taula). "Gaur egun, geroz eta informazio gehiago dugu eskura, baina, hala ere, emakumeon osasunarekin erlazionatutako hainbat arlotan ezjakintasun handia dago gizartean. Emakumeek bizitzen duten zerbait da klimaterioa. Zer den eta zer gertatzen zaion gorputzari badakite, beste emakume batzuen esperientziak dituztelako. Baina gorputzean gertatutako aldaketen zergatia da askotan ezezaguna dena", kontatu du Rebeca Garciak.
JUNCAL ALZUGARAY, SEXOlOGOA: "INFORMAZIOA BILATZEA ETA TRESNAK ESKURA IZATEA OSO INPORTANTEA DA"
Haurdunaldiaren gaineko milaka liburu daude, bederatzi hilabete horien gaineko informazio osoa ematen dutenak. Klimaterioaren gainean, gutxi batzuk. Trantsizio-garai horretan dagoen emakumea arduratzen da informazio bilatzeaz: hitzaldiak, liburuak, artikuluak, bakarrizketak, jabetze eskolak... "Klimaterioari buruzko tailerretara datozen emakumeak beti datoz informazio bila. Erantzunen bila. Gehienak emakume formatuak izaten dira, baina kezka eta zalantza asko dituzte: loditu egin direla, min berriak dituztela, libidoa jaitsi zaiela... Haurdun gaudenean lau haizeetara zabaltzen dugu albistea, baina klimaterioarena erdi- ezkutuan gordetzen dugu. Zahartzarora bidean goazen seinale bat da, eta, oro har, ez zaigu gustatzen. Baina komentatu egin beharko genuke, eta lotsa barik, gainera", dio Arrasateko eta Oñatiko jabetze eskoletan tailerrak ematen dituen Juncal Alzugaray sexologoak.
Tabu izaten jarraitzen du
Klimaterioaren eta menopausiaren inguruan lan egiten duten espezialista gehienek diote tabu izaten jarraitzen duela gai horrek. Horregatik erdigunean ipintzeko ahalegina. Bereziki, emakumeen onerako. "Geroz eta gehiago hitz egiten da horri buruz, eta informazio asko daukagu, liburuetan eta Interneten. Baina tabu izaten jarraitzen du; bereziki, klimaterioarekin lotuta dauden sintoma batzuen inguruan. Horietako bat da sexualitatea klimaterioan nola bizi izaten den", azpimarratu du Garciak.
Menopausia tailerrak
40 eta 65 urte arteko emakumeendako. Aurrez eman behar da izena, 943-03 52 50 zenbakian.
Arrasate: azaroak 8, 15, 22 eta 29, 13:00etatik 15:00etara.
Oñati: azaroak 4, 11, 18 eta 25, 13:00etatik 15:00etara.
Bergara: azaroak 4, 14, 21 eta 28, 08:30etik 10:30era.
Aretxabaleta: azaroak 8, 15, 22 eta 29, 12:30etik 14:30era.
Are gehiago, gizarteak bidaltzen dituen mezuei erreparatzen die Alzugarayk: "Emakumeoi lotsa ematen digu zahartzeak. Kanpotik heltzen zaizkigun mezuak gazte izaten jarraitzera daude bideratuta. Eta okerrena da guk sinistu egiten ditugula. Klimaterioaren unea heltzen denean gure gorputz berria ulertzera bideratu behar ditugu indarrak, eta bizi ditugun aldaketen zergatiei erantzunak ematera".
JOSE RAMON SERRANO, GINEKOLOGOA: "KLIMATERIOA BIZITZAKO BESTE ETAPA BAT DA, EGOERA POSITIBO ASKOREKIN"
Serranok uste du klimaterioak badituela gauza positiboak beste emakume batzuekin partekatzeko: "Bizitzako beste etapa bat da, egoera positibo askorekin. Benetan etapa aberasgarria da, baina prestatu egin behar da: urteak betetzen ari garelako eta osasuna zaindu behar dugulako eta prebentzio-programetan parte hartu behar dugulako".
Ez da patologia bat
1980ko azken urteetan eta 1990eko hasierakoetan menopausia gaixotasuntzat zuten, orduko irizpen medikoak aintzat hartuta. Estrogenoek efektu onuragarriak dituzte emakumeen fisiologian. Hala, guztiei ematen zieten ordezkapeneko tratamendu hormonala. 2000. urtean argitaratutako berrikusketa batek gezurtatu egiten zuen prebentzioaren onura. Are gehiago, kaltegarria izan zitekeela ikusi zen. Ordutik, klimaterioa eta menopausia ez dira patologia bat. Beraz, ezin dira medikamentuekin sendatu. Puntu horretan, egoera berriaren onarpena izan daiteke lagungarri. "Onartu behar dugu aldaketa sakon bat dela. Informazio bilatzea eta tresnak eskura izatea oso inportantea da. Bizi dugun hori ulertuz eta tresnak izanda, errazagoa da klimaterioa goxotasunez bizitzea, sintomak izanda ere. Ahalik eta fase traumatiko txikiena izaten saiatu behar dugu", gaineratu du Alzugarayk.
Are gehiago, 5-10 urteko klimaterioa bukatzen denean, eta hilekoak alde egiten duenean, emakumearen gorputzak bizi izan dituen aldaketak betirako geratzen dira. Horregatik da garrantzitsua onarpena. "Gaur egungo emakumeen bizi itxaropena 84 urte inguruan dago. Hori horrela, emakume batek 30-40 urte artean pasa ditzake klimaterioak utzitako ondorioekin. Beraz, kontuan hartzeko garaia da, eta ondo barneratzea komeni izaten da", dio Garcia emaginak.
Klimaterioa aldaketa fase bat den heinean, sintoma batzuk, oreka lortzen duten heinean, baretzen joaten dira: beroaldiak, izerdia eta umore aldaketa, besteak beste. "Dena den, badaude sintoma batzuk geratzeko etortzen direnak; adibidez, sindrome genitourinarioa eta hezurreko dentsitate arazoak".
Emaginaren laguntza
Kirola egin, osasuntsu jan, ohitura osasuntsuak izan… Horiek dira menopausiari aurre egiteko ematen diren aholkuetako batzuk. Baina, horiek eginda ere, klimaterioa pasatu egin behar da. Unea heltzen denean emaginengana joatea aholkatu du Serrano ginekologoak: "Emaginak zeregin garrantzitsua du bizitzako fase honetan aholkulari gisa, osasun-ohitura egokiak aholkatu, lagundu eta maneiu espezializatua eskatzen duten egoerak detektatzeko. Orduan sartzen gara ginekologoak: baginako osasuna, osteoporosia izateko arrisku- faktoreak, gernu-inkontinentzia, prebentzioa...".
Debagoieneko ESIko emagin taldeak klimaterioari eta menopausiari buruzko ikastaroak egingo ditu azaroan Aretxabaletan, Oñatin, Bergaran eta Arrasaten.
Zergatik dira garrantzitsuak halako ikastaroak?
Gure esperientziaren arabera, menopausiaren bizipenean eragin zuzena duten bi faktore daude: informazio falta eta menopausiak gizartean duen ikusgarritasunik eza. Saio horien bitartez biak landu nahi ditugu. Informazioa eskaintzeaz harago joanez, esperientziak partekatu eta bizitzako garai honetan arduratzen gaituzten gauzei buruz hitz egiteko leku segurua sortu nahiko genuke. Taldeko partaideen artean ongizate fisikoa, emozionala eta sexuala hobetzeko tresnak eta baliabideak partekatuko ditugu. Maitasun eta ilusioz prestatu ditugu.
Klimaterioari eta menopausiari buruzko zein kezka izaten dituzte zuengana joaten diren emakumeek?
Egia esatearren, kezka ezberdinekin datoz. Normaltasunaren barruan sartzen den sintomatologia ezagutu gura izaten dute, eta sintoma horiek arintzeko zer egin dezaketen. Azterketa ginekologikoa beharrezkoa den galdetzen dute sarri. Halakoetan, garrantzitsua da klimaterioa bizitzako fase fisiologikoa dela azaltzea, eta sintoma arinak izatea normala dela. Bizitza normala egitea galarazten diguten sintomak dira emaginarengana joateko arrazoia. Era berean, sexualitatearen gaineko kezkak izaten dituzte –mina, desira falta...–, eta hezurreko arazoen gainekoak ere bai. Baina, batez ere, bizi duten egoeraren gainean entzungo dien norbaiten bila datoz kontsultara.
Sintoma orokor batzuk egonda ere, emakume guztiek bizi dute klimaterio ezberdina; hori horrela da?
Bai; klimaterioaren inguruan gertatzen diren sintomak guztiz lotuta daude emakumeak dituen bizi-ohitura osasungarriekin: haren genetikarekin, jarrerarekin, inguruarekin… Beraz, emakume batzuek oso trantsizio lasaia izango dute garai honetan eta beste batzuek, ordea, oso gorabeheratsua.
Bizi-ohitura osasungarriak izanda ere, klimaterioa pasa egin behar da; sintomak arintzen laguntzen dute ohitura horiek?
Aholku horiek bizitzako etapa guztietan dira lagungarriak, eta hori da norberaren esku dagoen benetako prebentzioa: osasunarentzako edozein mehatxuren aurrean gorputza ahalik eta hobekien prestatuta egoteko ahaleginak egitea. Hala ere, sintomatologia oso deserosoa izan daiteke, eta, adinean aurrera goazen heinean, jatorri askotariko beste patologia batzuk ager daitezke klimaterio garaian; ohitura osasuntsuak baditugu, haien eragina txikiagoa izango da.
Jarreraren araberakoa izaten da klimaterioa modu batera edo beste batera bizitzea?
Emakume adina modu daude klimaterioa bizitzeko eta faktore desberdinek eragin ohi dute bizipen horietan. Jarrerak eragin handia du, baina baita ere inguratzen gaituen gizarteak, tabakismoak, dietak, egoera sozioekonomikoak eta abarrek.
Titietako minbizia izan ostean hileko barik geratu zen Nekane Murua oñatiarra. Kimioterapiak moztu zion hilekoa, eta, osteko terapia hormonalarekin, menopausia probokatu zioten. "Nire minbizia hormonala zen. Hortaz, nire estrogenoek minimoetan egon behar zuten beste susto bat saihesteko. Baina pilulek oso gaizki jarri ninduten: artikulazioak trabatzen zitzaizkidan, hanketako mina nuen, eta depresioan erori nintzen. Dena beltz ikusten nuen. Estrogeno faltak tristura handia eragin zidan".
Pilulak aldatu zizkioten, eta animoa berpiztu zitzaion Muruari. Baina bigarren pilula haiek, egun hartzen dituenak oraindik, osteoporosia eragin diote. "Urte eta erdi daramat pilula horiekin, eta orain hasi naiz sintomak igartzen: belaunak minduta, eskuak gogortuta, jaikitzeko arazoak... Pilulak hamar urtez hartu behar ditut".
Terapia hormonala
Ikerketek baieztatu dute terapia hormonalak bizitza luzatzen duela, eta titietako minbizi hormonala izan duten emakumeek derrigor hartu behar izaten dute, horrek dakarren ondorio guztiekin: "Menopausia da horietako bat. Kimioterapiarekin barruko guztia galtzen da, eta terapia hormonalarekin azken kolpea eman zaio hilerokoari. Nik hiru urte daramat hileko barik". Gainera, emakume onkologikoek eta menopausikoek baginatik zikintzen dutenean, berehala joan behar dute medikuarengana. Alarma-seinale bat izan daiteke: "Nik ere susto bat izan nuen. Oso gogorra izan zen".
Beroaldiak dira Mertxe Valdivieso arrasatearraren bidelagun klimaterioarekin hasi zenetik. 52 urte ditu eta abanikoa gertu dauka beti. "Egia esan, nahiko ondo daramat. Batez ere, hilekorik ez daukadalako eta hilero izaten nituen min gogorrak saihesten ditudalako. Nik endometriosia eta kisteak ditut eta nire hilekoak oso mingarriak ziren. Orain, ez dut minik, baina beroaldiak dauzkat eta oso gaizki lo egiten dut", esan du.
Emakumeek pasa behar duten aldia dela kontziente, alde positiboa topatu dio bizi duen egoerari: "Arlo fisikoan aldaketa handiak datozkigu, baina, psikologikoki prest egonda, samurragoa dela esango nuke".
Kirola
Klimaterioa arinago pasatzen laguntzen du kirola egiteak. Kirol munduan egiten du lan Valdiviesok. Kirola egunero egiten du, baina horrek ez dio ekidin klimaterioaren sintoma batzuk izatea: "Gorputz guztiak dira ezberdinak. Kirolaria naiz eta nik beroaldiak ditut. Aldiz, nire ahizpak ez du inolako sintomarik. Primeran dago. Kirola ona da burua garbi edukitzeko, baina ez dut uste kirola egitearren sintomak alde batera utzi direnik".
Sexu-harremanak
Sexu-harremanetan ere eragina du klimaterioak: "Ezagutzen dut bagina lehortu zaion jendea, sexu-gosea galdu duena. Ez da nire kasua. Oso lubrifikatuta nago. Beroaldiez eta insomnioaz harago, sexu- mailan askoz hobeto nago".
Suabe hasi zitzaion klimaterioa Uxue Zabaleta bergararrari, baina aitortu du intentsitatea igotzen joan dela. "Nahiko ondo daramat. Orain bizi behar dudan garaia dela onartu dut, eta horrek lagundu dit. Baina gorputza aldatu zait, umorea ere bai, izerdi asko botatzen dut... Aurretik entzunda nituen barne aldaketa dezente sumatu ditut. Oraindik hilekoa daukat, eta bi urte daramat klimaterioarekin. Umorez eta onarpenetik daramat hau guztia. Nik esango nuke azken hori dela, onarpena, alegia, klimaterioa modu sanoan eramateko gakoa", esan du.
Naturaltasunez
Klimaterioak haren gorputzean eragin dituenaz harago, Zabaletak bere esku dagoena egin du gaiaren gainekoak jakiteko: liburuak irakurri, bakarrizketa umoretsu feministak ikusi, ahalduntzeko irakurketak egin... "Naturaltasunez berba egiten hasi gara etapa honetan gauden emakumeak. Dena den, oso larrituta daudenak ere ezagutzen ditut, eta esaten diet umoretik egin behar dutela aurrera. Zerbait ona izango duela honek guztiak!".
Kirolaria izan da betidanik Zabaleta, eta orain kontura da on egiten diola.
Informatu
Zabaletak garbi dauka pasa beharreko etapa bat dela eta horretaz berba egin behar dela: "Informazioak beti ahalduntzen gaitu. Aurretik jakin zer datorkigun, eta ahalik eta modu erosoenean eraman. Etapa gogorra da, bai, baina pasa beharrekoa ere bai".