DATUETATIK TIRAKA

Hiri-hondakinen gaikako bilketa beherantz doa Debagoienean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urr. 18a, 12:00

2014tik 2023ra bitartean, 2016an jo zuen goia bilketak, %80,19ko bilketa-tasarekin; egun, %72,41ean dago. Batik bat, bio-hondakinak batzen dira, eta hiri-hondakinak gehien sailkatzen dituen herria Antzuola da; Gipuzkoan, bigarrena da Debagoiena.

Hiri-hondakinen gaikako bilketak beheranzko joera du eskualdean, Debagoieneko Mankomunitateak emandako datuen arabera, hamar urteko epeari –2014tik 2023ra, zehazki– erreparatuz gero.

Hiri-hondakin horiek gaika biltzeko, Oñatin eta Antzuolan atez ateko sistema dago; gainontzeko herrietan, aldiz, txartel bidezkoa. Aretxabaleta izan zen sistema hori ezartzen azkenekoa 2016an, eta, ordutik, Debagoieneko herri guztiek dute hiri-hondakin guztiak gaika sailkatzeko aukera. Bada, lehen urte horretan, 2016an, ibili ziren finen debagoiendarrak: hiri-hondakinen %80,19 jaso zituzten gaika, eta datua bestelakoa zen lehenago: 2014an, esate baterako, %59,77. 2016tik aurrera, ordea, ez da gorakadarik izan, beheranzkoa izan baita joera –2018tik 2019ra salbu, %0,02ko igoera egon baitzen– gaur egunera arte: 2023an hiri-hondakinen %72,41 bildu zen gaika.

Batik bat, bio-hondakina

Hiri-hondakinen 24.087.050,80 kilo batu ziren iaz Debagoienean gaika, eta, batik bat, bio-hondakinak (%29,25) eta errefusa (%27,59) izan ziren. Ondoren, bata bestearen atzetik daude: papera eta kartoia (%12,62), bestelakoak –garbiguneetan-eta berezitako hondakinak– (%11,37), ontzi arinak (%9,69) eta beira (%9,48).

Datu orokorrez harago, badira bildutako hiri-hondakinen zenbatekoak emateko beste era batzuk, gertuagokoak izan daitezkeenak: Debagoienean, adibidez, iaz sortu zen hiri-hondakinen zenbatekoa pertsonako 385,9 kilokoa izan zen; motaren arabera, berriz, bio-hondakinak 112,87 kilo ziren; errefusa, 106,47; papera eta kartoia, 48,69; bestelakoak, 43,89; ontzi arinak, 37,39; eta, azkenik, beira, 36,59.

Gehienbat, Antzuolan

Datuei herriz herri erreparatuz gero eta 2023koak gogoan izanez gero, ondorioetako bat da Antzuola dela hiri-hondakinak gehien sailkatzen dituen herria Debagoienean –bai, behintzat, iaz–, %77,45ekoa baita kopurua; hurrenez hurren, berriz, Oñati (%74,69) eta Bergara (%74,06) ditu. Gutxien sailkatzen dituzten herrietan Eskoriatza (%69,71) eta Arrasate (%70,41) daude.

Aramaiori dagokionez, ez da Debagoieneko Mankomunitatearen parte, eta ez dago datu eskuragarririk.

Gipuzkoan, bigarren

Gipuzkoako gainontzeko mankomunitateekin alderatuz gero, hiri-hondakinen gaikako bilketan Sasietakoa –Urola Garaia eta Goierri batzen ditu– dago Debagoienekoaren aurretik, hiri-hondakinen %76,13 biltzen baita; gutxien, berriz, San Markosen –Donostia barne du–: %49,7koa da bilketa-tasa. Gipuzkoako datu orokorrari dagokionez, azkenik, %57,16koa da; horrenbestez, errefusera doa gainontzeko guztia.

Dorleta Elkorobarrutia: "Uste dugu biztanleria erlaxatu egin dela pixkanaka"

2014tik 2023ra bilakaera nahiko irregularra izan du hiri- hondakinen gaikako bilketak eskualdean: 2016an jo zuen goia, eta beherantz egin du ordutik. Bada, datu horretatik abiatuta, gaiaz jardun du Dorleta Elkorobarrutiak, Debagoieneko Mankomunitateko lehendakariak.

Zerk eragin du jaitsieran?

Hondakin bilketen sistema pil-pilean zegoen lehen urteetan, eta debagoiendarrok oso barneratuta geneukan, eragin positiboa izanez. Hala ere, zerbaiti buruz hitz egiteari utziz gero, ahaztu egin ohi da, eta ingurumen arloan kontzientzia asko ez dutenengan hori gertatu delakoan gaude; erlaxatu egin da pixkanaka biztanleria. Mankomunitatetik hondakinen bereizketa hobetzeko kanpainak egitea dugu asmo legealdi honetan.

Gipuzkoan, ordea, gehien sailkatzen duen bigarren mankomunitatea da.

Eskualde heldua, konprometitua eta arduratsua gara, hobetzeko tarte nabarmenarekin bada ere jarrera eraikitzailea duena.

Ze ondorio dakartza behar bezala ez sailkatzeak?

Ingurumen kaltea da garrantzitsuena: jatorrian ondo bereizten ez den hondakina askotan ezin izaten da bereizketa-plantetan bereizi, eta errefusa izatera igarotzen da. Eta hori Zubietako plantan ezin bada bereizi, erraustu egiten da. Bestalde, ondorio ekonomikoak daude: jatorrian geroz eta hobeto bereiziz gero, hondakinen kudeaketa kostua murrizten da. Hau da, hondakinak jatorrian ondo ez bereiztea garesti irteten zaio ingurumenari eta herritarren poltsikoari.

Posible al da egungo bilketaren zenbatekoa igotzea?

Helburua galdutakoa errekuperatzea, behintzat, izan beharko litzateke, eta uste dugu posible dela beheranzko joera irauli eta berriro ere goranzkoa erdiestea.

Horretarako, zeintzuk dira Mankomunitatearen baliabideak?

Hondakinen bilketari dagokionez, zati handi bat zuzeneko langileen bidez egiten du Mankomunitateak, eta gainontzekoa azpi-kontratekin. Zuzeneko zein zeharkako hondakin-bilketaren jarraipen eta kontrolerako, berriz, zortzi langile daude Ingurumen Zerbitzuan, eta garbiguneez eta Epele zabortegiaz ere arduratzen dira, nagusiki. Horrez gain, baliabide materialetan, bilketarako ibilgailuen flota zabala dugu, eta ehunka edukiontzi, esekitoki,...

Mankomunitatea, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa, udalak,...; zein rol du bakoitzak?

Udalek, hondakin bilketa eta kudeaketari dagokion eskumena, Mankomunitatearengan dute transferitua, eta berak du eskualdeko etxeko hondakinen bilketaren ardura; tratamendurako Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzio, Ecovidrio, Ekogras eta Emaus daude.

Orain, zaborraren tasa igoko dute udalek. Zein eragin du?

Europako legediak zehaztu du herritarrek hondakin bilketa eta kudeaketari dagokion kostu guztia ordaindu behar dutela ezinbestean, ezin delako zerbitzu defizitarioa izan udalentzat. Horregatik igo beharko dute ia udal guztiek hondakinen tasa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak