'Hartzea ematea DA!' leloa izango du aurten Durangoko Azokak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urr. 16a, 14:45

Durangoko Azokaren leloa eta kartela aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur Durangon. Irudia: Durangoko Azoka.

Abenduaren 5etik 8ra egingo da azokaren 59. edizioa, eta Udatxo eta Balu artistek eginiko kartela ere aurkeztu dute gaurkoan.

Hartzea ematea DA! leloa izango du aurten Durangoko Azokak, eta horren berri eman du Beñat Gaztelurrutiak, Durangoko Azokaren koordinatzaileak: "Jakin badakigu euskarazko sorkuntza oso aberatsa dela, baina ez dauka nahiko nahikoa hartzaile bere herrian. Hor dago premia momentu honetan, eta Durangoko Azokak horri erantzuteko ahalegina egingo du, Durangoko Azokara etortzea, ikustea, hartzea... kulturgintzari hauspoa ematea ere badelako". Haren hitzetan, Durangoko Azokan egotea "euskal kulturaren alde egitea da".

Durangoko Landako Gunean egin dute gaur leloaren eta kartelaren aurkezpena, eta Gerediaga elkarteko eta azokako guneetako arduradunez gain, erakunde babesleak eta kolaboratzaileak bildu dira. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak eskerrak eman dizkie haiei guztiei, eta aipamena egin dio abuztuan hil zen Jon Irazabali, 30 urtez azokaren zuzendari izandakoari. Horrez gain, azokaren osasunari dagokionez, lan egin beharra dagoela aipatu du: "Hasierako ametsak marrazten joan gara, eta begira zelako irudia sortu dugun: koloretsua, anitza, indartsua eta ederra. Fantasia hutsa, iaz esaten genuen bezala. Hala ere, euskarak oraindik badu lan horren beharra, eta Gerediaga elkartetik ekinean jarraituko dugu, euskarak ez baitu trabarik eta epairik behar, guztiok kabitzeko moduko bide zabalak baizik".

Kartelaren aurkezpena

Udatxo eta Balu artistek egin dute aurtengo kartela, elkarlanean, eta "hainbat ikuspuntutatik berritzailea" dela azaldu dute antolatzaileek. Haien hitzetan, "sorkuntza bereziaren emaitza" da, geruza ugari dituen artelan bat sortu baitute eta pieza hori kartelean integratu. Bestelako elementuen artean, gainera, eskuak ageri dira, eta hortaz aritu da Udatxo: "Eskulana da guretzat garrantzitsuena, eskuak baitira gure eguneroko tresna".

Udatxo eta Balu artistak gaur eginiko aurkezpenean. Irudia: Durangoko Azoka.

Collage bat egin dute bi artistek, euskal kulturaren erreferentzia diren irudiekin eta azokako aurreko edizioetako kartelen zatiekin. Gainera, Baluk erantsi du geruzak eta koloreak gehitzen joan ahala, "forma berezi bat" hartu zuela lanak: "Kasualitatez, nabaritu genuen kartelaren forma bihotz batena zela, eta hasi ginen solasten bihotzak ere hartu eman bat duela, odola gorputz guztira garraiatzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak