1.098 izan ziren boto baliodunak, eta 315 jaso ditu rock alternatiboarekin, post punkarekin eta beste soinu batzuekin esperimentatzen duen Ondare laukoteak. "Oso pozik gaude publikoak izan duen inplikazioarekin. Jasotako boto kopurua itzela da. Zorionak, bada, Ondare taldeari eta besarkada bat kanpoan geratu diren zortzi taldeei", azaldu du Danbakako koordinatzaile Jokin Bereziartuak.
Orain dela bi urteko formatua
Lau emanalditan banatuta, hamasei talde izango dira Bergarako Seminarixoa aretoan lehian: taldeen egutegia fintzen ari da antolakuntza taldea. Urriaren 25ean izango da lehenengoa, azaroaren 15ean bigarrena, azaroaren 29an hirugarrena eta laugarrena abenduaren 13an; finala, berriz, urtarrilaren 17an jokatuko da. "Orain dela bi urteko formatu bera izango du lehiaketak; hau da, 21:30ean hasita, kontzertu gau bakoitzean lau musika proiektu izango dira, eta ordu erdiko emanaldia egingo du bakoitzak. Musikazaleok, bada, askotariko estilo eta formatutako proposamen interesgarriekin gozatzeko aukera izango dugu oraingoan ere" gaineratu du Bereziartuak.
Hona hemen emanaldien egutegia:
- Urriak 25: Korda Rota (Arrasate); Ktarsia (Bergara); Sotoalde (Bergara); eta Malko (Oñati).
- Azaroak 15: Eten (Aretxabaleta); Low Cost Deluxe (Bergara); Rebel Noise (Arrasate); eta K-PO (Bergara).
- Azaroak 29: Del Val (Arrasate); Henko (Oñati); Txerrikumeak (Aretxabaleta); eta Karena (Antzuola eta Hernani).
- Abenduak 13: Banana Shake (Arrasate); Ondare (Arrasate); 721-Gogor Gabiltza (Aretxabaleta); eta Maider Mimi (Aretxabaleta).
Guztiontzako ateak zabalik
Musikazaleen topagune izan gura du Goienak, Bergarako Udalarekin elkarlanean, eta beste erakunde batzuen laguntzarekin antolatutako seigarren Danbakak. "Musika lehiaketa inguratzen duten gainerako aldagai edo elementuak ere bertan izango ditugu; izan ere, bi gune izango dira aurten ere: Seminarixo barruko lehiaketaz harago, aretoaren kanpoan, arkupeetan, chill out gunea izango da, non bestelako musika proiektuekin gozatzeko aukera izango dugun, bertan izango den Sanprubusean mokadutxo bat hartu edo zerbait edaten dugun bitartean".
Kontzertu guztien grabaketa
Jarraipen zabala egingo zaie Seminarixoko emanaldiei Goienaren euskarrietan. "Kontzertu guztiak grabatu egingo dira eta Goiena telebistan eta Goiena.eus atarian eskainiko dira gero. Horrez gainera, erreportajeak ere egingo ditugu, hain zuzen, protagonistei eta ekimenera batzen diren guztiei merezitako tokia eginda".
Aurten, berrikuntza moduan, baina, Danbakast musika-tertulia dago. "Goiena telebistako platoan eta sekulako atrezzoarekin bideopodcast bat ari gara egiten. Lehiaketari buruz gain, musika esparruko askotariko arloen gainean ere jardungo dugu. Sekulako tertuliakideak eta gonbidatuak fitxatu ditugu; bada, hortxe gonbidapena Danbakari modu horretan ere jarraipena egiteko".
Danbakast estreinatuta
Lehiaketak iraun bitartean, eguenero izango da Danbakast bideopodcastaren atal berri bat Goiena telebistan, 20:00etan eta 22:00etan ikusgai; eta ondoren, Goiena.eus atarian eta Spotify plataforman ere bai.
"Danbakaren hastapenetaraino hurbildu ginen estreinako kapituluan. Lehen edizioko epaimahai-kide izan zen eta gaur egun ere musikaria eta musika irakaslea den Nagore Sanz bergararra eta Inigo Biain Oñatiko musikaria, orain dela hogei urteko Danbakan Amonal taldearekin parte hartu zuena, izan genituen mahaiaren bueltan, eta, haiez gainera, Danbaka proiektua abiarazi zuen lantaldeko kide Iker Barandiaranek ere istorio polit asko kontatu zituen".