Itziar Ituño: "Lotsarekin ez da ezer ere egiten; probatu egin behar da"

Txomin Madina Milikua 2024ko urr. 15a, 14:49

Itziar Ituño aktore eta musikaria Oñatin. Irudia: Imanol Soriano.

Goenkale-rekin egin zen ezagun Euskal Herrian Itziar Ituño (Basauri, 1974), baina Loreak filmari eta La casa de papel eta Intimidad telesailei esker nazioartean ere ezagutzen da haren lana. Musikarena ere ez zaio mundu arrotza, eta Ingot taldeko kide gisa Zeugaz diskoa kaleratu berri du.

Puntua aldizkariaren 427. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Urriaren 6an Oñatiko jaietako txosnagunera joan zenak dagoeneko aurkezpen gutxi behar duen Itziar Ituño ikusiko zuen agertoki gainean. Baina ez antzerki obra bateko partaide gisa, Ingot musika taldeko kide gisa baizik.

"Itziar Ituño musikaria, noiztik?", esango du norbaitek; eta erantzuna da ez dela zerbait berria, ezta?

Ez! Aspaldi hasi nintzen Dangiliske taldearekin panderoa eta perkusio txikia jotzen eta kantatzen; 20 urte baino gehiago izango dira dagoeneko! Erromeriatan ibiltzen ginen, baina pandemiaren ondoren plazen falta egon zenez, orain apur bat geldirik dago eta beste proiektu berri hau sortu da, hain berria ere ez dena: Ingot. 2017an hasiko ginen, eta horretan ditut jarrita indarrak orain.

Disko oso bat kaleratuta, musikarena zerbait serioa bihurtu dela esan genezake?

Lehen baino serioagoa bai! Hamalau edo hamabost kanta genituen eta pentsatu genuen etxean grabatutako maketa baino harago joatea. Estudio batean sartu eta modu xume eta apalean, era autogestionatuan, disko oso bat gauzatzen saiatu gara. Badakigu modan dagoena digitala dela, baina guk biniloan eta CDan ere atera gura izan dugu, esku artean ibiltzeko zerbait materiala, liburuxkarekin eta. Akaso, eskola zaharrekoak gara eta... Elkar-ek esan zigun interesa zuela, euren taldean sartu gara eta Zeugaz diskoa kaleratu dugu.

Taldeko abeslaria eta hitzen egilea zara; abestu, zeri?

Nire baldintzetako bat zen kantuak nik idatzi nahi nituela, bihotzez kantatzeko. Saiatzen naiz letra guztiak bizkaieraz egiten, eta horietan apur bat denetarik dago. Egia da ez garela txoriez edo loreez idazten ibili, arazo sozial eta politikoen inguruan baizik; feminismoaz, adibidez. Gure identitateen aldarrikapena egiten dugu, eta ez euskaldunena bakarrik. Kantu bat Amazoniaren ikuspegitik egin dugu. Kide bat bertakoa da eta ikuspegi indigena talde gisa barneratuta dugu; jatorrizko herri guztiekiko enpatia edo kezka hori ere islatuta dago. Kantu batzuetan desengainua eta etsipena agertzen da, beste batzuetan itxaropena; gizarte moduan daramagun norabideari kritika... Eta hori guztia, rock-and-rolla oinarri hartuta, askotariko estiloetan: rhythm and bluesa, heavyrantz doazen doinuak, psikodelia dutenak... Garbi esanda, gura izan duguna egin dugu! Adin honekin gustuko duzuna egiten ez baduzu, zer egingo duzu?

"NIRE BALDINTZETAKO BAT IZAN ZEN KANTUAK NIK IDATZI NAHI NITUELA, BIHOTZEZ KANTATZEKO"

Zein da agertokira musikari edo aktore moduan igotzearen arteko alde handiena?

Badaude puntu komunak; komunikazioarena, adibidez. Baina hau askoz ere pertsonalagoa da; bestean pertsonaia bat hartu eta beste batzuek idatzitako istorioak gorpuzten dituzu. Musikari moduan, geure istorioa da kontatzen duguna, geuretik. Transmititzeko modua ere ezberdina da: musika beste arte bat da, eta sortzeko eta ondo egiteko ez da erraza. Horretan gabiltza, trebatzen, hobetzen eta modu xumean ahal duguna egiten; beldur barik, hori bai! Bere garaian sentitu nuen akaso ez zegokidan mundu batean sartzen ari nintzela, baina gero esan nuen: ze demontre, zergatik horrenbeste aurreiritzi? Lotsarekin ez da ezer ere egiten, probatu egin behar da; kritikak etorriko dira, baina guk geuk ondo pasatuko dugu!

2024an hainbat aldiz izan zara albiste: hasteko, Berlin telesailaren arrakasta; gero, Bilboko presoen bueltako manifestazioan parte hartu izanaren polemika; Aste Nagusiko pregoilaria ondoren; diskoa orain… Zure bizitza kanpotik pentsa daitekeen bezain zurrunbilotsua da?

Apur bat bai, baina une bareak ere baditut: etxean lasai, auzoan... Egia da atzera eta aurrera nabilela; atzo, esaterako, Madrilen nengoen telesail berri baterako entseatzen eta gaur Bilbon egon gara diskoa eta bideoklipa aurkezten. Ez naiz aspertzen, ez! Zirraragarria ere bada horrela bizitzea.

Behin baino gehiagotan agertu zara titularretan zure ideiengatik; aske adieraztea garesti irteten da?

Izaten dira bidesariak, ez dizut ezetzik esango; lan batzuk jausten dira, baina, akaso, jausi egin behar direlako. Ez ginen atzo jaio, badakigu gizarte honetan zer gertatzen den, eta, batzuetan, pentsatzen duzuna esateak ekarri dezake zigorren bat edo beste. Baina maitasun handia ere ekartzen dizu horrek, eta horrekin geratzen naiz ni; eta, batez ere, naizen horrekin. Norbaiti min ematen badio norbera denak bere arazoa da: ni hau naiz eta, gainera, harro nago hau izateaz. Eta kito!

4,6 milioi jarraitzaile dituzu Instagramen; zenbat aldiz pentsatzen duzu bertan zer argitaratu eta zer ez?

Ez dut askorik pentsatzen; bihotzetik irteten zaidana argitaratzen dut, eta momenturen batean norbaiti ez bazaio gustatzen, ez da nire arazoa. Aske da alde egin eta niri kasurik ez egiteko. Nik argitaratzen dudana nahasketa handi bat da. Batzuetan, ilunabarra ikusten gustura banago, argazki bat atera eta argitaratu egiten dut. Beste batzuetan, disko hau bezala lan berri bat kaleratzen badut, aprobetxatzen dut nire Instagram. Baina pertsonala da: neurea da, eta, bizitzan bezala, batzuetan lanak hartzen du garrantzia eta beste batzuetan momentuko bizipenek.

"ASKE ADIERAZTEAGATIK LAN BATZUK JAUSTEN DIRA; AKASO, JAUSI EGIN BEHAR DIRELAKO"

Zelan ikusten duzu sare sozialek hartu duten pisua?

Norantz goazen ikusteak ematen dit beldur apur bat. Nik Instagram dut eta hor geratzen naiz. Komunikazioaren aldetik badute alde ona, baina baita alde oso txarra ere. Alde zatar hori, zeinetan ez dakizun nor den nor, eta erasotzea horren merke ateratzen den leku bat ez dut gustuko. Gustuko dut nola hurbiltzen zaituen jende batengana, baina beste aldearekin kontu handiz ibili behar da eta kasu handirik ez egin. Argi izan behar da bizitza ez dagoela bakarrik hor, bizitza beste gauza bat dela: aurrez aurrekoa, aurpegiak ikusten. Batzuetan, denbora lar xahutzen dugu sare horietan, eta denbora urrea da; bizitza erreala bizi behar dugu, ez digitala.

Nazioarteko oihartzuna duten proiektuetan zaude, baita, adibidez, hemengo Prosopagnosia film laburrean ere, Ekain Martinez de Lizarduyk zuzendua; zelakoa izan da esperientzia eta zer ematen dizute horrelako lanek?

Ekainek proposatu zidalako onartu nuen. Erraiak dokumentalean parte hartu izanari esker ezagutu genuen elkar, eta Prosopagnosia-n parte hartzeko proposamena helarazi zidanean oso interesgarria iruditu zitzaidan. Film laburrak maite ditut eta horretan kontatzen dena, nork bere burua ispiluan ikusi eta aurrean duena ez ezagutzea, horren interesgarria iruditu zitzaidan metafora moduan, aurrera egin genuen. Ekain maila pertsonalean hobeto ezagutzeko aukera izan nuen, eta pertsona zoragarria da, jakingura handikoa, apasionatua. Asteburu bat haiekin pasatzea oso polita izan zen; ederra da beti nazioartean ibili ostean etxera itzulitakoan jendeak zuri proiektuak eskaintzea.

Aktore moduan Uzal telesaila da zure hurrengo proiektua; zer da eta zein puntutan dago?

Iberseries izeneko ekitaldi batean egon berri gara aurkezten. Txilen eta Euskal Herrian grabatukoa da. %60-edo Txilen grabatu da eta beste zatitxo batzuk Euskal Herrian izango dira. Baina proiektua erabat burutzeko dirua behar da eta plataformen parte-hartzearen bila gabiltza. Espero dezagun aurrera egitea, proiektu oso majoa delako: komedia beltza, kritikoa, barregarria... Netflixerako beste telesail bat entseatzen ari naiz Madrilen: El cuco de cristal du izena eta Caceresen grabatuko da.

Netflixekin lan asko ari zara egiten; nola ikusten duzu plataformek hartu duten indarra euskarri tradizionalekin alderatuta?

Bai, Netflix da orain nire lantegi nagusia. Ikusten dut plataformekin lana sortzen ari dela gure arloan, eta hori handia da. Baina euskaldun moduan, euskara hizkuntza txikia izanda, nire kezkak ere baditut; nahiz eta apurka-apurka badabilen plataformetan sartzen eta badabiltzan kontuan hartzen. Plataformenak badakar beste gauza bat, eta da zinema-aretoak husten ari direla. Niri gustatzen zait zinemara joatea den ekintza kolektiboa: hainbeste ezezagunekin batera pelikula bat ikusi eta denok batera barre edo negar egitea edo beldurtzea. Gauza polita da hori. Pelikula bat nork bere egongelako pantailan ikustea erosoa izango da, baina apur bat tristea ere bai.

Zer behar du proiektu batek zuk baietz esateko?

Istorioa eta pertsonaia, eta zerbait esatea, zerbait eragitea. Pertsonaia polita bada eta istorioak harrapatzen bazaitu... Gero etorriko da zenbat ordainduko dizuten edo zenbat ez; hori bigarren mailan uzten dut.

"EUSKARA HIZKUNTZA TXIKIA IZANDA, NIRE KEZKAK ERE BADITUT PLATAFORMEKIN"

Ezezko asko ematen dituzu?

Ez asko, baina batzuetan eman izan ditut; orain daukadan luxua da. Batzuetan, orain gutxi gertatu zaidan moduan, printzipioengatik izan da. Beste batzuetan, mila bider egindako pertsonaia eskaini didatelako eta gauza berrien bila nabilelako. Lan bati ezetz esatea luxua da, baina puntu horretan nago, eta pozik; garrantzitsua da bizitzan lan batera joatekotan gustura joatea.

Zer sentitzen du Basauriko Kareaga auzoko alabak glamourez betetako alfonbra gorrian paseatzerakoan?

Pertsonaia bat egiten ari zarela: hau ez naiz guztiz ni, baina banaiz; naiz ni egoera horretan. Eta jakin behar da egoten. Hasieran, erabat galduta nengoen, baina orain, ikasi egin dut eta lasaiago hartzen dut; nire beharraren parte bat da eta egin egiten dut. Baina gusturago nago lagunen artean ardo batzuk hartzen ikasitako postureo hori barik.

Zerk kentzen dizu loa?

Gazak, adibidez. Emakumeen kontrako basakeriek. Euskarak: gazteek ez dute horrenbeste erabiltzen eta beldur naiz galduko ote dugun. Maite dudan jendearen gaixotasunek. Batzuetan, baita bizitzaren zentzuak ere. Lanak, gero eta gutxiago!

Eta bat-batean hori guztia, alfonbra gorriak, diskoa... desagertu eta pertsona arrunt bilakatuko bazina berriz?

Zoriontsua izango nintzateke, jende zoragarria dudalako inguruan. Horixe da garrantzitsuena. Egindakoa bai, baina, azken finean, uzten ditugunak sentsazioak dira, emozioak, eta horiek dira baita ere eramaten ditugunak. Joaten garenean ez dugu gauza fisikorik eramaten, bizitako guztia baizik: abenturak, momentuak, barreak...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak