Mikel Zubimendi kazetari bergararrak idatzitako Jose Luis Elkoro han egon zen liburuaren aurkezpena egiteko aitzakian, aitortza ekitaldia egiteko aprobetxatu zuen Antzuolako Udalak, eta, liburuan jasotzen diren bizipenak kontatzeaz gain, maitasun osoa adierazi zioten antzuolarrek. Hala agertu zen aitortza ekitaldiaren amaieran Jose Luis Elkoro, Bergarako alkate ohia eta enpresaburua: "Ekitaldia omenaldi bat izan da, baina, aberastasun handiarekin. Pertsona batek egin dezake, erakunde batek…, baina, herri batek egitea, hori izugarrizko aberastasuna da. Beraz, niretzat oso hunkigarria eta eskertzekoa izan da gaur sentiarazi dudan herriaren atxikimendua".
Elkororen bizipenak berbagai
Ekitaldian, Elkorok enpresari gisa eta politikari gisa egindako ibilbideaz jardun zuen Mikel Zubimendi idazleak, Bergarako alkate ohiak bizi izandako une esanguratsu asko hizpide izanda: ikurrinaren legeztapena, Alkateen mugimendua, lantegien euskalduntzea, Xibertako eta Zuricheko bake negoziazioak, Egin egunkariaren sorrera eta itxiera..., bere aurkako erasoak eta espetxealdiak…
Elay enpresakoen errekonozimendua
Jose Luis Elkoro Antzuolako Elay eta Balzers enpresen sortzailea izan zen, eta horietan euskaraz aritzeko ahalegina eginda, herrian euskararekiko erabilera handitu zuela ere azpimarratu zuen Antzuolako alkateak. Horren baitan, Eleder Albizuk, Elay enpresako zuzendari orokorrak enpresaren partetik eskerrak emateko tartea ere hartu zuen. Hala, oroigarriak eman zioten berari, eta, lore-sorta eskutik helduta, bide osoan bere bidelagun izan duen Mari Karmen Aiastui emazteari. "Egindakoa biok batera egin dugu, bata bestearen aldamenean, eskutik helduta. Batzuetan tokatu izan zaio bati leku baten egotea eta besteari beste batean, baina, beti elkarrekin egon gara".
Antzuolari eskainitakoa hizpide
Elkorok berak ere hartu zuen hitza, eta berak herriari eskainitakoaren baitan ere jardun zuen. "Antzuolan, lehendabizi, lantoki bat eta lanpostu asko; bigarrena, euskara; eta hirugarrena, teknologia berriak ekarri ditugula herri honetara nabarmenduko nuke".
Euskararekiko konpromisoa
Olatz Lezetak, Antzuolako alkateak nabarmendu zuen Antzuolan euskara indartzen lan handia egin duela Elkorok. "Jose Luis Elkoro han egon zen liburua oso gomendagarria da, eta liburuaren aurkezpena egiteko aprobetxatuz, Jose Luisek Antzuolan bi enpresa sortuta, merezi zuela Antzuolaren partetik aitortza bat pentsatu genuen. Elay-k euskararekin izan duen filosofiarekin, Antzuolako erdal hiztun batzuk bertan euskaldundu ziren, eta, zinegotzi bat ere izan zen, han euskara ikasita eta plenoak euskaraz egin ahal izan zirenak… beraz asko eskertu behar zaiola Jose Luisi uste dut".
Horrekin batera, Herriko bandera eta Hiri Gutuna jaso zituen Olatz Lezeta Antzuolako alkatearen partetik ekitaldiaren amaieran, eta gero, herriko txistulari taldeko kideek, guztiak Elay enpresako kideak, eta dantzariak, honakoa ere Elayko langilea, aurreskua dantzatu zioten senar-emazteari, bertaratutakoen txalo artean, saioa borobilduz.