Danbakan ariko diren taldeen eta haien kontzertuen berri emango da, kronika mamitsuz, eta musikaren inguruko beste hainbat gai jorratuko dituzte. Horretarako, askotariko gonbidatu eta tertuliakideak batuko dira eta haietako bakoitzak ikuspegi eta kolore desberdin bat eskainiko dio atal bakoitzari. Danbakari jarraipen irmoa egingo dio bideopodcastak, eta musika munduarekin lotura estua duten gonbidatuen zein tertuliakideen ahotsek osatuko dute saio bakoitza. Aniztasun horrek ikuspuntu desberdin asko bilduko ditu, eta, modu horretan, atal bakoitzak bere berezitasunak izango ditu. Betiere, Danbaka Musika Lehiaketa ardatz hartuta. Bideopodcast izaera duenez, bi modu desberdinetan kontsumitu ahal izango da saioa: telebistan emitituko da ikus-entzunezkoa, baina podcast gisa entzuteko aukera ere egongo da.
Gaur estreinatu den saioa 2025eko urtarrilaren 23ra bitartean eguenero emitituko da Goiena telebistan, 20:00etan eta 22:00etan. Ondoren, Goiena.eus-en, Youtuben eta Spotifyn ere egongo da kontsumitzeko moduan.
Lehenengoan, atzera begiratua
Lehenengo atalerako Iker Barandiaran gonbidatu dute; hura izan zen Danbaka lehiaketaren lehen lau edizioetako koordinatzailea. Hasiera hartara bidaiatzearekin batera, lehen edizioan modu batera edo bestera parte hartu zuten bi tertuliakide berezi izan ditu saioan: 2004an epaimahaia osatu zuen Nagore Sanz bergararra eta edizio berean Amonal taldearekin parte hartu zuen Iñigo Bian. Memoria ariketa bikaina egin dute biek ala biek. Sanz azken edizioan, 2022an, Arragoa taldearekin aurkeztu zen; beraz, bi ikuspegi desberdin plazaratzeko aukera izan du. Gaur egun hain zabalduta dauden musika kontsumo berriak aztertu dituzte.