Errekak Bizi Auzolanean egitasmoak ekintza egitarau bateratua aurkeztu du

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko urr. 9a, 19:44

Erreka garbiketa iaz Antzuolan.

Martitzenetik aurrera zortzi ekintza izango dira eta Oñatin, Bergaran, Elgetan, Aramaion, Aretxabaletan eta Arrasaten burutuko dira. Motorrak berotzeko izango dira hilaren 19rako deituta dagoen auzolanera begira. Antzuolan zapatuan egingo dute erreka garbiketa.

Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean ekimeneko kideek hitzaldiekin, ikus-entzunezkoen emanaldiekin, eta bisita gidatuekin osatutako egitaraua bateratua aurkeztu dute. Errekak auzolanean garbitzeko dei egin dute hilaren 19rako. Ekintza sorta sentsibilizazioan sakontzeko eta auzolana prestatzeko izango da.

"Debagoiena mailako hirugarren erreka auzolana ate joka dugu. Aurten ere, bailarako herri guztiak izango gara horren parte. Aurreko urteetako kopuruak errepikatuz gero, 500 lagunek baino gehiagok Leintz Bailaratik hasita bailara zeharkatzen dituen urak  ezagutu eta ingurua zainduko dugu", azaldu dute. "Antzuolako herritarrak izango dira sartuko diren lehenak, ausart! Urriaren 12an egingo dute auzolana. Beste herri guztiak, berriz, urriaren 19rako adostu dugu Erreka Bizi auzolan erraldoiaren eguna.

Erreka garbiketa baino gehiago

Erreka auzolanean garbitzeaz gain bestelako erronkak ere baditu ekimenak. "Ekimen horren  bueltan bailarako herrietako batzordeek ekintza ezberdinak antolatu ditugu, eta horrekin egitarau bateratua osatu dugu. Antolaturiko ekimenek Deba ibaia eta bere arroa ezagutu eta honen inguruan hausnarketak sustatzea dute helburu nagusi".

Hona hemen iragarrita dauden hitzaldiak, emanaldiak eta bisitak.

Urriak 15, martitzena

  • Elgeta. 17:30-19:30 artean baso bainua Asentzion. Elgetako Aste Berdearen barruan.
  • Bergara. 18:30ean Olaso Dorrean, Joserra Diezen hitzaldia. Bergarako ibai-sarea nola hobetu? Hausnar dezagun elkarrekin.
  • Oñati. 19:00etan kultura etxean, Ta argiya in zan ikus-entzunezkoa eta solasaldia. Urumeako zentral hidroelektrikoei buruzko lan artistikoa. Eli Pagola Apezetxeak eta Ainhoa Gutierrez del Pozoren lana.

Urriak 16, eguaztena

  • Aretxabaleta. 18:00etan Arkupeko goiko gelan Arturo Elosegiren hitzaldia. Erreken garbiketatik errestauraziora.
  • Arrasate. 18:00etan elkarguneko sarrera nagusitik abiatuta araztegira bisita.  
  • Oñati. 19:00etan kultura etxean Lurpeko ura, babestu beharreko altxorra hitzaldia Inma Mugerza Perello geologian doktorearen eskutik.

Urriak 17, eguena

  • Aramaio. 18:30ean kultura etxean, Ander Izagirreren hitzaldia narrastien eta anfibioen inguruan.

Urriak 18, egubakoitza

  • Oñati: 19:00etan kultura etxean Ja! Uraren krisia Chiapasen dokumentala eta solasaldia. Ane Nafarrate, Ihana Iriondo eta Aitziber Jimenez de Aberasturiren dokumentala da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak