Martxan da gripearen eta COVID-19aren aurkako txertaketa kanpaina

Goiatz Arana 2024ko urr. 9a, 15:38

Gripearekin eta Covidarekin apusturik ez. Jarri txertoa lelopean, abian da aurtengo kanpaina. Astelehenean hasi ziren 60 urtetik gorako pertsonak eta arriskupeko biztanleak txertoa hartzen –patologia kronikoren bat duten pertsonak, haurdun dauden emakumeak, osasun langileak eta gizarte-zerbitzuetako langileak eta zaintzaileak–, eta adineko pertsonen egoitzetan ere eman diote hasiera immunizazioari.

Osakidetzak gripearen aurkako txertoaren 755.600 dosi erosi ditu, orain arte aurreikusitako kopururik handiena; eta eskaera handiagoa izanez gero, % 20 handitu ahal izango du dosi kopurua.

Osasun Sailetik adierazi dute kanpainaren helburua herritarrak ahalik eta gehien babestea dela, bereziki pertsona ahulenak, konplikazio handienak izan ditzaketenak arnas gaixotasunen aurrean; eta gaineratu dute txertoa dela herritarrak babesteko modurik onena, gripea eta COVIDa aldi berean agertzea posible delako, batez ere. Ildo horretatik, arriskuko biztanleei, gripearen txertoarekin batera, COVIDaren aurkakoa jasotzeko aukera eskaintzen zaie. Txertoak jartzea erabat borondatezkoa da, baina Osasun Sailak eta Osakidetzak gomendatzen dute.

Kanpaina hasierako egunak mugimendu askokoak ari dira izaten Debagoienean; Arrasaten, esaterako, kanpo kontsulten eraikinean, beteta dute agenda: 110 hitzordu ari dira ematen egun bakoitzeko.

Bigarren urtez jarraian

Bigarren urtez, gripearen aurkako txertoa sistematikoki jarriko zaie 6 hilabetetik gorako eta 5 urtetik beherako haurrei eta arriskuan dauden 5 urtetik gorakoei. Berrikuntza gisa, 5 urte bitarteko haurrei sudurraren bidezko txertoa jarriko zaie, ziztada saihesteko, eta beraz, atxikidura handiagoa espero da.

Zita Osakidetzaren webgunearen bidez edo osasun-zentrora deituta har daiteke eta 80 urte edo gehiago dituzten pertsonei zuzenean deituko diete. Edozein kasutan, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute, txertoa jartzeaz gain, gripea eta COVIDa prebenitu daitezkeela zenbait neurri errespetatuz: eskuak garbituz, jende-pilaketak saihestuz, espazio itxiak aireztatuz eta maskara erabiliz. Eta euskal gizarteari eskatu diote maskara lotsik gabe erabiltzeko, batez ere espazio itxietan eta gripe-sintomak izanez gero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak