Lankidetza hitzarmena sinatu dute Antzuola-Bergara bidegorria eta kolektorea eraikitzeko

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urr. 7a, 16:41

Antzuolako saneamendu kolektorea eraikitzeko hirugarren –eta azken– fasea egitea falta da, eta bidegorriaren lanekin batera egingo dute, Galartza auzoko zubitik Bergarako Urteaga kaleko industrialdera arte. 2025eko lehen hiruhilekoan hasiko dituzte lan horiek.

Irailaren hasieran jarri zuten jendaurrean Antzuola eta Bergara bidegorriz lotzeko eta Antzuolako saneamendu kolektorearen zati berri bat –zehazki, hirugarren eta azken fasea– eraikitzeko proiektua, eta hori ahalbideratuko duen lankidetza-hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ura Agentziak eta Gipuzkoak Urak-ek. "Berri positiboa da. Herriak 1982az geroztik du kolektorea, baina orain arte errekara joan dira gure zikin guztiak; beraz, Antzuolarentzako ez ezik, denontzako izango da onura saneamendu kolektorearen lanak amaitzea", adierazi du Olatz Lezetak, Antzuolako alkateak.

Hain justu, gaur, hilak 7, sinatu dute akordioa, Donostian, eta han izan dira Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatua; Antonio Aiz, Ura Agentziako zuzendari nagusia; eta Leire Artola, Gipuzkoako Ur Kontsortzioko lehendakaria. "Antzuolako saneamendu-kolektore berria eraikitzeak hondakin-uren kudeaketa arduratsua bermatzen du, ibaira isurketak saihestuz eta gure ur-baliabideak babestuz", azpimarratu du Asensiok, eta Antzuola-Bergara bidegorriaren egokitzapenak herritarren "eskaera historikoari" erantzuten diola erantsi, ur-kolektorearen aldi berean egingo baitituzte bidegorriko lanak.

Egin beharreko jarduketak

Egun, Arizti baserriaren inguruan –Matz Erreka alboan– isurtzen dira Antzuolako hondakin eta industria isurketa guztiak, baina horiek tratatzeko Bergarako Deba erdiko hodi-biltzailearekin lotu eta Mekolaldera eraman behar dira. Horretarako, eginda daude lehen bi faseak, baina hirugarrena falta da, Galartza auzoko zubitik hasi eta Bergarako Urteaga kalerainokoa –Talleres Antzuolaraino, gutxi gorabehera–; bada, hori sinatu dute lankidetza-hitzarmenean. "Hodiari dagokionez, Antzuola ibaian behera dagoen zubiari atxikita proiektatzen da, albotik. Oro har, kolektorea bizikleten eta oinezkoen bidearen azpian edo albo batean dago, zenbait puntutan izan ezik", adierazi dute sustatzaileek.

Kolektorea eta bidegorria, beraz, bat datozen bi proiektu dira, kolektorearen trazadura bizikleta bidearen zati batekin bat datorrelako GI-632 errepidearen paraleloan, Antzuola eta Bergara artean. Bidegorriak, guztira, 2,33 kilometroko luzera du, baina 806 metro egitea falta da; bada, zati horri dagokionez, hiru metroko zabalera izango du, eta 80 zentimetro gehituko dizkiote barandetarako eta hormigoizko areketarako. "Bizikleta bidezko mugikortasunera bideratuko da tartea, eta bizikletaren erabilera sustatzeko politiken bidez sustatu behar da", azpimarratu dute hitzarmenean.

Epeak eta aurreikuspenak

2025eko lehen hiruhilekoan hasiko dituzte lanak, eta zortzi hilabete iraungo dute, aurreikuspenen arabera. Ura Agentziak hartuko du Antzuolako saneamendu kolektorearen zati berriko obrak kontratatzeko, zuzentzeko eta obrak finantzatzeko konpromisoa, eta 1.359.838,08 euroko aurrekontua du; Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura da, berriz, bidegorriaren zatia, 1.604.076,62 euroko aurre- kontuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak