Bizitzak salbatzeko desfibriladoreak

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko urr. 8a, 14:40

Albeniz, panpina batekin desfibriladorea nola erabili behar den praktikan jartzen.

Kanpo desfibriladore automatizatu geroz eta gehiago daude gure herrietan. Leku batzuk legez derrigortuta daude halakoak izatera, baina beste askok borondatez erabaki dute desfibriladorea, esaterako, euren enpresan jartzea. Izan ere, desfibriladorea gertu izanda eta azkar erabilita, bizitzak salba daitezke.

Puntua aldizkariaren 426. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Geroz eta ohikoagoa da desfibriladoreak Debagoieneko kaleetan, enpresetan eta tabernetan ikustea. Joera hori aurrerapen handia da osasun publikoarentzat; izan ere, larrialdi baten dagoen edonori bizia salbatzeko aukera ematen dio. Kanpo desfibriladore automatizatuen euskal erregistroa Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari dagokio eta hemen kontsulta daiteke non dauden: labur.eus/IbT9I. Hala, 112ra deitzean, horrelako baten beharra badago, lekua adierazita eurek esaten dute nondik har daitekeen. Hainbat eraikin derrigortuta daude halakoak izatera; esaterako, 700 pertsonatik gorako edukiera baimendua daukatenak. Baina, geroz eta enpresa gehiagok ere jarri dituzte euren eraikinetan halakoak, jakinda aparatu horrek bizitzak salba ditzakeela eta edozeinek izan dezakeela horrelako baten beharra noizbait. Erreportajean parte hartu duten suhiltzaileek eta erizainak esan dute herritarrek horren erabilerari buruzko azalpenak jasotzea oso garrantzitsua dela, eta, horretarako, ikastaroak ematen dituzte hainbat esparrutan, desfibriladorea nola erabili jakiteko, bihotz-biriketako gelditzeren bat gertatzen bada.

Azkar erabiltzearen garrantzia

Desfibriladorea lehen minututik eskuragarri izateak bizirik irteteko probabilitatea asko igotzen du: lehen hiru minutuetan erabiliz gero, %70-73koa da biziraupen-tasa; lehen bost minutuetan erabiltzen bada, berriz, %50ekoa.

Fernando Albeniz: "Elgetan desfibriladorea jartzea eskatu nuen"

Fernando Albeniz bergararra Elgetan bizi da eta 22 urte daramatza lanean Legazpiko suhiltzaile parkean, eta, hari egokitu ez zaion arren, haren lankide batek erabili behar izan zuen desfibriladorea behin, euren parke ondoko lantegi bateko pertsona bati bihotzekoak eman eta gero. Enpresatik 112ra deitu zuten, eta bihotzekoa eman zion pertsonaren lankide bat kanpora atera zen, anbulantzia ez zedin galdu eta, bide batez, laguntza eskatzera. Albenizen lankide batzuk berehala joan ziren bertara, eta, anbulantzia iritsi bitartean, bihotz birikak suspertzeko masajeak eman eta desfibriladorearekin deskargak eman zizkioten. "Denbora oso garrantzitsua da, eta enpresatik kanpora irten zen langile hark oso ondo egin zuen", adierazi du. Handik gutxira, egindako lana eskertzeko, suhiltzaileei plaka bat oparitu zien bihotzekoa izan zuen pertsonaren senitarteko batek, "oso emozionatuta".

Herrian eskaera

Desfibriladore batek egiten duena oso garrantzitsua dela kontuan hartuta, eta bihotzekoa edonork izan dezakeenez, Albenizek halako bat herritarren eskura jartzeko eskaera egin zuen Elgetako Udalean duela sei urte inguru: "Erreminta oso ona da bizitzak salbatzeko. Bihotzekoa izan duen bati bihotz-birikak suspertzeko masajea eman eta arnasketarekin lagundu arren, desfibriladorea erabilita dezente igotzen da biziraute-tasa. Horregatik eskatu nion Elgetako Udalari halako bat denon eskura jartzeko. Gainera, Elgetan ez dago anbulantziarik, Bergaratik etortzen dira, eta denbora pixka bat behar izaten du, eta, egoera larri baten aurrean, denbora oso garrantzitsua da".

Eskaera onartu eta plazan bertan jarri zuten desfibriladorea, udaletxe azpian.

Ikastaroak herritarrendako

Desfibriladorea denen eskura jarri ostean, Albenizek horri buruz zeukan ezagutza herritarrekin partekatzeko ardura hartu zuen, inoiz erabili beharra baldin badago geroz eta pertsona gehiagok jakin dezaten nola dabilen eta zer egin behar den. Ordutik hona, bi ikastaro egin ditu Elgetan bertan: 2019an eta 2023an. Hauxe azaldu du: "Lehenengo ikastaroan hamalau pertsona inguru izan ziren eta hurrengora beste hamabi herritar inguru etorri ziren. Beraz, guztira ia 30 pertsona gaude herrian, behintzat, badakigunak nola erabili, eta aurrerapausoak ematen joan beharko genuke. Larrialdiren bat gertatzen bada, gerturatu, 112ra deitu, eta anbulantzia datorren bitartean jardun egin behar da". Adierazi du plazan jarritako desfibriladore hori behin atera behar izan zutela kaxatik, baina, azkenean, ez zela beharrik egon erabiltzeko. Dena den, azpimarratu du ondo dagoela denon eskura izatea.

Gainera, Albenizek esan du eskolan irakatsi beharreko zerbait dela: "Larrialdi bat gertatzen denean nola jokatu badakigu, askoz hobeto".

Bixente Elgero: "Sergio Maiztegiri esker nago bizirik orain"

Bixente Elgerok (Oñati, 1942) dio 2016ko abenduaren 18an berriro jaio zela. Oso kirolaria izan da beti eta bizitza osasuntsua eraman izan du. Baina, hala ere, ustekabean, bihotzekoak eman zion orain dela zortzi urte. Gabonetako kontzertua ikustera joan zen Oñatiko San Migel parrokiara, eta, bat-batean, eserita zegoen bankutik lurrera erori zen, bihotzekoak jota. Zorionez, erizainak eta medikuak zeuden inguruan, eta haiek egindako suspertze-masajeei eta Sergio Maiztegi (Oñati, 1968) suhiltzaileak eraman eta erabili zuen desfibriladoreari esker erreanimatzea lortu zuten.

Nola gogoratzen duzu 2016ko abenduaren 18a?

Bixente Elgero: Ondo gogoratzen naiz egun hartaz. Gabonetako kontzertura bidean nindoala, zeozer arraroa nabaritu nuen bular aldean. Baina ez nion aparteko garrantzirik eman. Parrokian eseri nintzen, eta handik 45 bat minutura eman zidan bihotzekoak. Bat-bateko heriotza deritzon horretan nengoen. Eskerrak kontzertuan nengoela, jende asko zegoela bertan eta segituan erreakzionatu zutela inguruan zeuden erizainek eta medikuek.

Izan ere, segituan joan ziren zuregana eta lanean hasi ziren.

B.E.: Bai. Tartean zegoen erizaina den nire iloba Miren Maite Elgero. Koruan zegoen kontzertua entzuten eta lurrera erori nintzela ikusi zuenean segituan etorri zen nigana. Baita beste erizain eta mediku batzuk ere eta segituan hasi ziren bihotz-biriketako suspertzea egiten.

Eta tarte hartan zuk telefono-dei bat jaso zenuen, ezta, Maiztegi?

Sergio Maiztegi: Bai. Suhiltzailea naiz eta kabo posturako ikasten nenbilen etxean. Nire familia parrokian zegoen kontzertua entzuten eta deitu zidaten esaten etxean neukan desfibriladorea hartu eta segituan eramateko.

Nolatan zeneukan desfibriladorea etxean?

S.M.: Euskal Mendizale Federazioko kide nintzen eta erreskate edo sorospen talde batean parte hartzen nuen. Gasteizko biltegi batean geneukan irteeretarako behar izaten genuen material guztia gordeta: sokak, tornua, mosketoiak, desfibriladorea… Eta irteera haietako bat egin ostean, pentsatu nuen desfibriladoreak ez zuela ezertarako balio biltegi hartan utzita. Horregatik, etxera eraman eta familiakoei erakutsi nien nola erabili behar den. Ni suhiltzailea naiz, eta, kasualitatez ni kanpoan baldin banengoen eta inguruan zerbait larria gertatuko balitz – orduan inguruan ez zeuden desfibriladorerik–, erabiltzen jakin zezaten, beharra izanez gero. Oso erraz erabiltzen den aparatu bat da, eta han neukan. Esan bezala, kasualitatez, etxean ikasten nenbilela, nire familia zegoen parrokian Gabonetako kontzertuan eta deitu zidaten esaten desfibriladorea hartu eta bertara joateko. Joan nintzen, eta hemen daukagu Bixente.

Nola oroitzen duzu parrokiako momentua?

S.M.: Momentu haren oroitzapen oso polita daukat. Badaukat anekdota bat, gainera: pijaman nengoen etxean, eta pijamaren prakak erantzi eta kaleko prakak eta kirol-jertse bat jantzi nituen. Bizikletan joan nintzen parrokiara, Kurtzebidetik. Parrokiara berotuta iritsi nintzen. Kirol-jertsea eranzten nenbilen eta momentu hartan gogoratu nintzen Supermanen irudia zeukan pijamaren kamiseta neukala jantzita. Eskerrak dena ondo joan zen!

Eta laster iritsi zen anbulantzia ere.

B.E.: Bai; Txagorritxura eraman ninduten. Han proba ugari egin zizkidaten eta lau bat egun eman nituen. Gabonetarako bueltatu nintzen etxera, bi arteriatan stent bana ipinita. Esan zidaten hainbat ariketa egiteko, eta horiek egitera joan nintzen 26 egunez Zumarragan dagoen Bihotz zentrora. Bertan kontu kardiologikoak lantzen dituzte, eta, besteak beste, zintan eta bizikletan ibiltzen nintzen, gorputza errekupera zedin.

Gelditu zaizu ondorioren bat?

B.E.: Ez, bat ere ez. Ariketa egiten jarraitzen dut; izan ere, betidanik izan naiz kirolaria eta bizimodu osasuntsua eraman izan dut beti. Tabakorik ez dut inoiz ere erre. Orain, bizimodu normala egiten dut: paseoak ematen ditut, mendira joaten naiz, igerian ere ibiltzen naiz... Gainera, medikuari galdetu nion ea nolako errendimendua zeukan nire bihotzak, eta esan zidan nire adinean [82 urte ditu] %70ean edo %80 inguruan ibiltzen dela, eta nik %70ean daukat.

Pozik zaude, orduan.

B.E.: Bai, horixe. 2016ko abenduaren 18an desfibriladoreak bizitza salbatu zidan, Sergio Maiztegik bizitza salbatu zidan. Eta noski, parrokian artatu ninduten erizainei eta medikuei ere oso eskertuta nago. Eskerrak eman behar dizkiet nire ondoan egon ziren guztiei. Zortea izan nuen bihotzekoaren momentuan jendez inguratuta nengoelako, eta oso ondo jakin zuten azkar eta ondo lan egiten. Esan daiteke egun hartan berriro jaio nintzela.

Eta ospatzen duzu abenduaren 18a modu bereziren batean?

B.E.: Familiak ospakizuna egiten du urtero egun horretan. 2016az geroztik, bi ospakizun-egun izaten ditut urtean: jaio nintzen egunekoa eta berriro jaio nintzen abenduaren 18koa.

Azkenengo urteetan geroz eta desfibriladore gehiago ikusten dira kalean.

B.E.: Bai, eta hori oso ona da. Herrian bertan ere badaude ikusgai hainbat lekutan. Niri gertatu zitzaidanean, eskerrak Maiztegik etxean eskura zeukan bat. Baina dagoeneko kalean ere badaude, eta garrantzitsua da edozeinen eskura izatea, niri gertatutakoa beste edozeini gerta dakiokeelako.

Zuk oraindik desfibriladorea etxean duzu?

S.M.: Ez; talde hori desegin egin zen eta desfibriladore hori Federaziora bueltatu nuen. Zortzi urte pasa dira orduz geroztik eta herrian bertan eta baita hainbat enpresatan ere jarri dira eta badaude gaur egun. Beraz, eskura dauzkagu. Baina, egia esan, faltan igartzen dut jendeari erakustea nola erabiltzen den aparatua. Oso-oso onuragarria da desfibriladorearekin egin daitekeena, eta, batez ere, eskoletan erakustea garrantzitsua iruditzen zait.

Faltan igartzen duzu, orduan, gaztetatik herritar guztiei erakustea?

S.M.: Bai. Izan ere, desfibriladorea erabiltzen jakitea inportantea da, eta gutxieneko maniobra batzuk ere badaude; Heimlichen maniobra eta bihotz-biriketako suspertzea, esaterako. Hori ez egotea curriculum akademikoan sinesgaitza da. Ezin dut sinistu nola horrelako gauzak ez diren egiten. Nik hiru aldiz egin du Heimlichen maniobra: bat Urbian, beste bat Arantzazun eta beste bat Errioxako jatetxe batean. Eta konturatzen zara modu tontoenean agian bizitza bat salbatu duzula.

Marina Madariaga: "Haren erabilerari beldurra kendu behar zaio"

Behin baino gehiagotan erabili behar izan du desfibriladorea gaur egun Oñatiko osasun etxean lan egiten duen Marina Madariaga erizain bergararrak. Aurretik anbulantzietan lanean jardundakoa ere bada, besteak beste, eta haren lanarekin bat datorren gauza bat dela dio, baina azpimarratu du egunerokotasunean, kalean, lantegietan... edozeini gerta dakiokeela desfibriladorea erabili beharra izatea. Desfibriladorea bihotz-biriketako gelditzeak bizkortzeko orduan erabili izan ditu. "Oso egoera larriak eta urduritasun handikoak" direla aitortu du. Baina gaineratu du betiere "zorte handia" dela horrelako baten erabilgarritasuna edukitzea.

Erabiltzen jakitea

Desfibriladorea nola erabili behar den herritarrei azaltzeko askotariko ikastaroak eman izan ditu Gurutze Gorriarekin, 2009. urteaz geroztik. Hauxe adierazi du: "Hainbat esparrutan eman izan ditugu ikastaroak: desfibriladorea ezartzen zituzten enpresetan, eskoletan edo goi-eskoletan, udaltzainei, kiroldegietako langileei eta abarri. Hasiera-hasieratik oso harrera ona izan dute, jendea oso kontzientziatuta egon da haren erabileraren garrantziarekin. Baina orain urte batzuetatik hona, gure helburu garrantzitsuenetako bat da jendeak aparatu horren erabilerari beldurra kentzea, eta poliki-poliki lortzen ari dela esango nuke; ontzat jotzen ditut egindako ikastaroak". Esan du, era berean, hasieran desfibriladoreak jartzen zituzten enpresetan oso ohikoa zela hura nola erabili irakasteko tailerrak eskaintzea, baina gaur egun badaudela, esaterako, jantoki edota hotel batzuk ere nahiz eta euren instalazioetan desfibriladorerik ez izan ikastaroa jasotzeko eskatzen dutenak, bertako langileek egoera larri baten aurrean nola jokatu ahalik eta ondoen jakin dezaten.

Erabiltzeko oso erraza dela gaineratu du: "Desfibriladoreak kokatuta dauden tokietan idatzita edota 112tik telefonoz argibideak oso era garbian izango ditugu erabiltzeko orduan. Gainera, aparatua pizten dugun momentuan, ahots batek ematen dizkigu pauso guztiak banan-banan. Helburua da ahalik eta pertsona gehienek erabili ahal izatea".

Garrantzitsuena, beraz, erabiltzeari beldurrik ez izatea dela azaldu du, eta azpimarratu du edonork gutxieneko jakintza batzuk izanda erabiliz gero onurak izugarriak izan daitezkeela. Horrelako egoera baten aurrean – bihotz-biriketako gelditze batean– "desfibriladorea erabiltzea irabaztea da beti", adierazi du.

"Edozeinek" erabil dezake

Mezu honekin amaitu nahi du: "Desfibriladorea erabiltzearekin bat, bihotz-biriketako suspertzea egin behar da, gure gorputzeko odol zirkulazioa mantentzeko eta, horrela, bizi-organoak oxigenatzeko. Hala ere, gutako edozeinek egin dezakeen zerbait da, eta edozeinen bizitza salbatzeko probabilitatea oso handia da".

Antton Azpiazu: "Desfibriladore txiki bat daramat gorputz barruan jarrita"

Antton Azpiazuri (Oñati, 1955) 1989an eman zion lehen bihotzekoak. Ez zuen desfibriladore beharrik izan, baina, bihotz "makala" zuenez, desfibriladore txiki bat jarri zioten bihotzaren goialdean duela 16 urte. Hari "segurtasuna" ematen diola dio: "Nire lagun isila deitzen diot. Kiroldegi kanpoan dagoen moduko desfibriladore txiki bat daramat gorputz barruan, metxero baten tamainakoa. Eta horrek segurtasun handia ematen dit. Bihotz taupadak altu edo baxu doazenean makinak detektatu egiten du eta beharra dagoenean deskarga txikiak ematen ditu". Haren osasunari buruzko informazioa jasotzen duen makinatxo bat dauka oheko mesanotxean eta informazioa Internet bidez bidaltzen dio zuzenean makinak mediku espezialistari.

Azken 12 urteetan ez du intzidentziarik izan. Izan ere, ablazio bat eginez, zain bat erre zioten: "Makinak markatu zuen non zuen arazoa bihotzak, eta harrezkero oso ondo nabil.

Operazio sinple batekin jartzen da, eta, orain artean, lau urtean behin aldatu diote.

Iratxe Bengoa: "Enpresari eta inguruari zerbitzua emateko daukagu"

Goiena Komunikazio Taldearen Arrasateko eraikinean 2017ko apirilean jarri zuten desfibriladorea. Enpresa barrurako zerbitzua emango lukeen aparatua da, alde batetik, eta, bestetik, inguruan beste edozein herritarrek hori erabiltzeko beharra baldin badauka erabiltzeko aukera izango du. Hauxe adierazi du Goienako lan arriskuen prebentziorako ordezkari Iratxe Bengoak: "Gure enpresaren izaerak berak komunitatearen parte izatearekin bat egiten du guztiz, eta, hain justu ere, desfibriladorea erosita egin zen inbertsio hori ez da enpresarako bakarrik; alegia, inguru osoarendako da. Gure puntua zehaztuta dago Eusko Jaurlaritzan bertan, eta 112ra deitzen duen edozeinek, inguruan badago eta beharra baldin badauka, Goienan erabiltzeko moduan daukagu desfibriladorea".

Gainera, desfibriladorea jarri zenean langile guzti-guztiek jaso zuten lehen sorospenen gaineko ikastaroa, baita desfibriladorea erabiltzeko beharra badago nola jokatu behar den jakiteko ere.

Ainhoa Calonge: "Momentuz, ez zait tokatu erabili behar izatea"

Antzuolako aguazila da Ainhoa Calonge oreretarra. Dio udaletxean eta gimnasioan daudela desfibriladoreak Antzuolan, herritarren eskura. Herriko enpresa batzuetan ere badaudela gaineratu du, eta hori herritar guztiendako onuragarria dela adierazi du. Dena den, zorionez, hark inoiz ez du erabiltzeko beharrik izan: "Nik ez dut inoiz desfibriladorea erabiltzeko beharrik izan. Herrian larrialdiren bat dagoenean deitzen didate, eta gertatu izan zait halako egoera larri baten aurrean egotea, baina inoiz ezin izan dugu erabili desfibriladorea. Egoera larri baten aurrean, 112ra deitu izan dugu eta anbulantzia etorri izan da".

Hauxe gaineratu du: "Aparatu txiki bat da, baina bizitza salba dezake. Geroz eta leku gehiagotan egotea eta herritarrek hori nola erabili behar den jakitea garrantzitsua dela uste dut. Izan ere, edozeini gerta dakioke, eta momentu horretan hori modu azkar eta eraginkorrean erabiliz gero bizitza bat salba dezakegu". Dio dagoeneko normaltzat jotzen dugula hainbat txokotan ikustea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak