Goienagusik 2024-2025 ikasturtera begira dituen asmoen berri eman die bazkide eta udalei goizean Bergarako Seminarixoan egindako ekitaldian. Hasi aurretik, ordea, orain arte hamahiru urte hauetan egindako lana egonkortzeko unea dela azpimarratu gura izan dute. "Urte hauetan asko hazi gara eta ekintza ugari ditugu. Orain, ekintza horiek lantzea eta hobetzea da gure asmoa" adierazi du Arantza Gardoki Goienagusiko lehendakariak.
Ikasturte berriko helburuak
Egonkortze horretan, ikasturte begira dituzten helburuak finkatu dituzte. Bazkideei dagokionez, egun 270 bat lagun direla aipatu dute, baina zifra hori "hazten" ari dela ere esan dute, eta hori da, hain zuzen ere, helburuetako bat. Bazkideen partaidetza sustatzea, Goienagusiren web orrialdea hobetzen jarraitzea eta eskualde izaera sustatzen jarraitzea dira aipatutako beste helburuak.
Azken honetarako, Oñatiko, Bergarako eta Arrasateko udalekin dituzten hitzarmenak "gakoak" direla aipatu du Gardokik, eta, horiei "eustea" asmo dutela ere gaineratu du. Oñatiko eta Bergarako udalarekin sinatu dute dagoeneko aurtengoa, Arrasatekoarekin "lanean" dabiltzala esan du. Hiru herri hauetaz gain, gainontzekoetara zabaltzeko helburua ere jarri dute, beste behin. "Gure asmoa eskualde osoko elkarte bat izatea da. Egia da ekintza gehienak hiru herri handienetan egiten ditugula, baina ahal dugunetan beste herrietara iristea ere nahi dugu" dio Gardokik.
Lehen hiruhilekoa
Helburuez gain, lehen hiruhilekora begira prestatu duten agenda ere izan dute hizpide ekitaldian. Hitzaldiekin, irteerekin eta ikuskizunekin osatutako hogei ekintzatik gora dituzte programatuta, eta, lehena, hurrengo astelehenean izango da Seminarixoan bertan. June Fernandez komunikatzaile eta eragile feministak, haurdunaldi subrogatuen analisi feministen gaineko hitzaldia emango du. "Urtean antolatzen ditugun 50 hitzaldi horiek ahalik eta interesgarrienak eta puntako gaien ingurukoak izaten saiatzen gara" azaldu du Goienagusiko lehendakariak.
Lehen hiru hilabeteko ekintzak ez ezik, bigarrenekoak ere nahiko "bideratuta" dituztela aitortu du Gardokik, baina horien berri aurrerago emango dutela esan du.