"Pozik, gogotsu eta ilusioz gaude seigarren Danbaka abiatzeko. Bi urte pasatu dira aurrekoa antolatu genuenetik, ahaztu barik 2004an egin zela lehenengo aldia. Zalantza genuen zenbat taldek emango zuten izena, eta, beraz, oso harro gaude, 24 proposamen jaso ditugulako; kopuruagatik bakarrik ez, baizik eta formatu eta musika estilo askotarikoak direlako", azaldu du Danbakako koordinatzaile Jokin Bereziartuak Hemen Debagoiena saioan asteon.
Eskualdeko 16 lehiakide izango dira Seminarixoan, lau kontzertutan banatuta
Aurreko aldiaren bidetik, Bergarako Seminarixoa izango da Danbakaren gune nagusia eta lau talde lehiatuko dira saio bakoitzeko. Urriaren 25ean izango da Seminarixo barruan lehenengo kontzertu sorta, eta segidan izango dira hurrengoak: azaroaren 15ean, 29an eta abenduaren 13an; eta urtarrilaren 17an jokatuko da finala. "Lehiaketaz harago, bestelako osagaiak ere batuko ditu Danbakak; esaterako, Seminarixo kanpoan jarriko dugun chill out gunean bestelako musika proposamen gehiagorentzako tokia egingo dugu eta Sanprubusa ere gonbidatu dugu".
Epaimahaian, boskotea
Lehiaketa izanik, parte hartuko duten musikariez gain osagai garrantzitsua da epaimahaikide taldea ere. "Eta osatu dugun boskotearekin ere oso harro gaude. Aurreko aldian zeregin beretan izan genituen Julen Narbaiza bergararra eta Oñatiko Iñigo Ugarte aurten ere epaimahaikide izango dira, eta, haiez gainera, hiru emakume musikazale eta aditu ere taldera batu dira; hain justu: Amaia Arriaran bergararra, aurreko edizio batean epaimahaikide izandako musikazale amorratua eta gaur egun ipuin kontalari eta aktore ere jarduten duena; Gazteako esatari eta Yoko Ona podcastarekin buru-belarri ari den Ainhoa Vitoria arrasatearra; eta irrati bereko esatari eta NHIL taldeko abeslari eta teklatu-jole Sara Alonso aramaioarra. Sekulako boskotea da; bada, eskerrik asko proposamena onartu duzuelako".
Publikoak hamaseigarrena
Astelehenean argitaratuko da epaimahaiak aukeratu duen hamabost musika proposamenen zerrenda eta irailaren 30etik urriaren 6ra bitartean publikoak izango du hamaseigarren taldea edo bakarlaria aukeratzeko aukera. "Danbaka.eus eta Goiena.eus atarietan izango da hautagaien zerrenda; edonork du sartu eta botoa emateko aukera".
Saio berria abian
2022ko Danbakaren funtzionamendu bera izango du, baina izango da berrikuntzarik. "Seminarixoan gertatzen denaren berri Goiena.eus atarian eta Goienaren beste medioetan ere jasoko dugu, baina, horrez gainera, telebistako saio berri bat egingo dugu; tertulia formatuan izango da, askotariko musika aditu eta arituak gonbidatuta. Lehiaketa izango dugu berbagaietako bat, baina, hortik harago, musikagintzaren askotariko erpinei eta gaiei ere tokia egingo diegu".
24 hautagaiak
- 721-Gogor Gabiltza. Aretxabaleta. Trap-punka.
- Banana Shake. Arrasate. Ska-punka.
- Behi Bi Blues. Bergara eta Soraluze. Bluesa.
- Debeku. Bergara. Rocka.
- Del Val. Arrasate. Popa.
- Eten. Aretxabaleta. Rocka.
- Fango. Bergara. Rocka.
- Ginka Biloba. Arrasate. Rocka.
- Golden Blend. Bergara eta Antzuola. Rocka.
- Hankaz Gora. Arrasate. Punk-oi!-a.
- Hecetu Welo. Arrasate, Deba, Lezo eta Beasain. Grungea, blues-rocka eta stoner-rocka.
- Henko. Oñati. Metala.
- K-PO. Bergara. Housea, funk brasildarra eta reggaetona.
- Karena. Antzuola eta Hernani.
- Korda Rota. Arrasate. Eskanndinaviako rocka.
- Ktarsia. Bergara. Akustikoa.
- Lapur. Oñati. Grungea.
- Low Cost Deluxe. Bergara. Rocka.
- Maider Mimi. Aretxabaleta. Askotariko estiloak.
- Malko. Oñati. Rocka.
- Ondare. Arrasate. Rock alternatiboa.
- Rebel Noise. Arrasate. Ounk-oi! eta punk-rocka.
- Sotoalde. Bergara. Musika urbanoa.
- Txerrikumeak. Aretxabaleta. Punk-rocka.