Puntua aldizkariaren 424. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Turismo handia dagoen tokian bertako etxebizitzak –eta bizitza– garestitu egiten direlako, turista askok ez dituztelako bertakoen ohiturak errespetatzen, hirietako erdiguneetan batzen den jendetzaz bizitzerik ez dagoelako, hondartzak edo mendi tontor ezagunenak jendez lepo daudelako, edota ingurumenari kaltea eragiten diolako… Asko dira neurririk gabeko turismoaren kontra egoteko motiboak. Hor dago gakoa, leku askotan gehiegizko bilakatu dela.
Turismo masifikatua, alabaina, hirietan eta kostaldean kontzentratzen da, bereziki. Eta turismo mota horrek eragin du bertako bizilagunen artean haserre handiena, protesta ekitaldiak antolatzeraino. Hala, oporretako etxebizitzak alokatzeko Alemaniako Holidu web plataformak iazko datuak oinarri hartuta estatuko leku bisitatuenen zerrenda egin du. Eta Mallorcako Sant Llorenç des Cardassar herriak izan du irabazle izateko ohorea. Biztanle bakoitzeko 73 turista izan zituzten iaz. Euskal Herrian Donostia da lehenengo erreferentzia: 50. postuan dago eta biztanleko ia bost turista izan zituzten iaz.
Debagoiendarrok ere badugu zer esana, eta hainbat ahots jaso ditugu: Juan Telleria eta Oihane Urzelai arrasatearrek badakite zer den hiri turistiko batean bizi izatea; lehena Donostian bizi da eta bigarrena, Bartzelonan, eta urteotako joera bertatik bertara ikusi dute. Oporretan Eivissara joan den Aratz Losada turisten kontrako eraso baten testigu izan da. Enrique Mayerrek nahiago du Toscanara orain joan, masifikazioetatik ihesi. Bidaia agentzia batean lan egiten duen Esther Guillaumek dio sektoreak hausnarketa egin behar duela, kalitatean behera ez egiteko. Eta Oñatiko Udal zinegotzi Xabier Igartuak abuztuko egoeraz egin du berba.
Juan Telleria arrasatearrak bertatik bertara bizi izan du azken bi hamarkadetan turismoak Bartzelonan eta Donostian izan duen eragina, bi hiriburuetan bizi izandakoa da eta. "Bartzelonara 2003an joan nintzen ikastera, eta sei urtez egon nintzen han. Ondoren, Donostiara etorri nintzen bizitzera, eta hemen ikusi dut orduan Bartzelonan ikusitako joera berbera".
Telleriak dio azken urteotan Donostiak galdu egin dituela erreferentziako toki lokalak: "Bereziki, erdialdean eta alde zaharrean igartzen da gehien. Bestelako hiriburuetan dituzun komertzio berberak dituzu orain Donostian. Lehen, alde zaharra donostiarren topalekua zen, eta orain, turistak baino ez daude. Kontrara, esango nuke Egiak, Antiguak, Grosek... auzo horiek bizitasuna irabazi dutela; bertako bizilagunek bertan egiten dute bizimodua, eta lehen erdialdera joaten ziren denak".
Horrek, besteak beste, eragina izan du etxebizitzen prezioetan. "Inguruan asko ikusten dut Donostiara jende asko etortzen dela, adibidez, urtebetez bizitzera. Lan kanpoko enpresa batendako egiten dute, hango soldata dute, eta hemengo prezioak ez dira eurendako garestiak. Eta, noski, asko geratu egiten dira. Baina, aldi berean, kontziente izan behar dugu Donostiari XIX. mendean burgesiaren turismoak ze bultzada eman zion; horrenbestez, kontu hau ez da berria".
Oihane Urzelai arrasatearrak 11 urte daramatza Bartzelonan bizi izaten, eta onartzen du abuztuan jasanezina dela erdialdera joatea: "Gerturatu ere ez naiz egiten; terraza batean lekua aurkitzea drama hutsa da". Are gehiago, lanak baimentzen dionean, hiriburutik alde egiten saiatzen da. Anekdotak ere bat baino gehiago ditu: "Duela gutxi gertatu zitzaidan; domeka goiza zen eta lagun batekin batera Bartzelonetara joan nintzen goizeko lehenengo orduan arraun surfa egitera. Imajinatu, lasaitasun bila joan ginen, egunsentia uretan ikusi... eta Bartzelonetako hondartzara iristeaz batera, kanpotar mordoa parrandan, zikintasuna... Harrituta geratu nintzen. Seguruenik, izango da gu ere aspaldian ez garelako horrela ibiltzen, baina turismo mota dekadentea da, ez da kalitatezkoa".
Urzelaik ez ditu zuzenean ikusi Bartzelonako bizilagunen partetik turisten kontra egon diren ekintzak, baina ulertzen du jendea nekatuta egotea: "Telebistaz ikusi dut jendea ur-pistolekin turistak bustitzen ibili dela. Jendea haserre dago, besteak beste, etxebizitzen prezioak asko garestitu direlako. Nik zortea izan dut alokatuta daukadan etxebizitza lehen Airbnb bat zelako, eta pandemian askok alokairu normaletara bideratu zituzten etxebizitzak. Baina oso garesti dago dena".
Aratz Losada oñatiarrak abuztu hasieran astebete egin du Eivissan. Turismoagatik tentsio handien dagoen puntuetako bat da hura, baina bertan taxi gidari batek esan zien iaz jende gehiago ibili zela. Eurak lasaitasun bila joan ziren, ez ziren jende asko pilatzen den lekuetan egon. "Egun-pasak egiten ibili ginen han eta hemen. Paseo batzuk egin, kala lasaietara joan, uretako kirol jarduerak egin... Lasai ibili ginen. Hori bai, oporretako anekdota azken gauean izan genuen: Eivissan herrigunera joan ginen jatetxe batean afaltzera, eta lagun talde handi samarra ginen. Erreserba eginda geneukan mahai batean, eta azken orduan aldatzea erabaki genuen, denok batera egoteko. Bada, harresi gainetik kakaz eta txizaz betetako baldekada bota zieten gure mahaian jarri zirenei. Sekulakoa izan zen; hasieran, zarata entzunda pentsatu genuen harresitik norbait erori egin zela edo zerbait okerragoa... Jendea gora begira ikusten genuen, uluka... eta usain txarraz jabetu ginen berehala; orduan konturatu ginen zer gertatu zen. Kanpotar kuadrilla baten gainera bota zuten dena, kakaz beteta... Ikustekoa zen egoera: jatetxekoak zer egin jakin ezinik... Gu txiripaz libratu ginen". Hasieran, pentsatu genuen ume batzuen okerkeria- edo izango ote zen, baina gero, taxi gidari batek esan zigun irlan jendea oso haserre zegoela eta tentsio handia zegoela".
Enrique Mayerrek etxean, Arrasaten, igaro du abuztua, eta orain aprobetxatuko du kanpora joateko. "Erretiratuta nago eta ez daukat abuztuan gainontzeko guztiekin batera oporretara joateko beharrik. Abuztua sasoi ederra da Arrasaten geratzeko; ibili gara ikusten gehiegizko turismoaren bueltan zelakoak sortu diren han eta hemen, eta guk garbi dugu iraila edo urria hilabete hobeak dela oporretan joateko". Mayerrek datozen asteotan Toscana aldera egingo du bidaia: "Florentzian eta halako hirietan seguru nago ez garela bakarrik egongo; badaude leku batzuk urteko hamabi hilabeteetan jendea egongo dela, baina espero dugu abuztua baino lasaiagoa izatea".
Izan ere, Mayerrek ondo gogoan ditu abuztuan beste lasaitasun batekin bidaiatzea posible ziren garaiak: "Gogoan daukat Ordesako parkera joan eta autoa goiko aparkalekuan uzten genuen garaia. Gaur egun ezinezkoa da, beheko aparkalekuetan utzi behar da autoa, eta autobusean igo… Baina ez dago beste aukerarik. Zorionez, leku batzuetan jabetu dira daukagun hori zaindu egin behar dela, eta neurriak hartu dituzte. Gaztelugatxe izan daiteke adibide bat, Asturiasko Katedralen hondartza… Denok ezin dugu toki berera joan, jende larregi gara. Zenbat lagun egon gaitezke Donostiako alde zaharrean poteatzen?"
Egunotan lanez lepo dabiltza Halcon bidai agentziako bulegoan; besteak beste, zenbait talderendako datozen asteotan egingo dituzten bidaiak prestatzen. Esther Guillaumek bertatik bertara bizi du gehiegizko turismoaren arazoa, baina ez bidaia saltzaile gisa bakarrik, baita turista gisa ere. "Bai, ni ere gehiegizko turismoa zegoen leku batera joan naiz abuztuan: Greziako Santorini irlara. Alabek sare sozialetan horren ezagun egin den irlako argazkiak nahi zituzten, eta iristen da momentu bat oporretan eurekin joan ahal izateko gurasook halakoak onartzen ditugula. Bada, Tiktoken horrenbestetan erakusten duten argazkia nahi zuten eurek ere, baina ordu eta erdiko ilara itxaron behar zen argazki hori egin ahal izateko. Bada, alabekin nengoela, bertako gizon nagusi bat pasa zitzaigun ondotik; han inguruan zuen bizitokia, baina kalea jendez beteta zegoen eta ezin zuen aurrera egin. Erabat atsekabetuta zegoen esanaz horrela ezin zela bizi, jasanezina zela. Gizon haren egoeraz jabetu ginen, eta joan egin ginen handik".
Adibide gisa, Mediterraneoko herri askoren masifikazioan gurutzaontzi handiek duten eraginaz egin du berba Guillaumek: "Beldurra nuen ea zenbat ontzi iritsiko ziren egun hartan Santorinira. Adriatikoko gurutzaontziak ez dira horren handiak, itsasoak ez duelako sakonera handirik, baina bakoitzean 5.000 pertsona joan daitezke. Imajinatu halako sei iristen badira Satorini moduko herri txiki batera".
Iaz baino gutxiago saldu dute
Gehiegizko turismoarena aurten izan da bereziki albiste, baina Guillaumek dio berez iazko urtea hobea izan zela salmentei dagokienez. Eta motiboen gainean egin du berba. "Ez dut uste ekonomiak aparteko gorakadarik izan duenik denok oporretara joan ahal izateko; esango nuke pandemia ostean gure lehentasunak aldatu egin ditugula, eta gurago dugu eguneroko erosketetan gutxiago gastatu baina gero oporretan joan".
Hala, turismoaren sektorea horren garrantzitsua izanda, aurreikusten du urte gutxian hiri askotan neurriak hartuko dituztela. "Masifikazio horiek inori ez diote egiten mesede, eta leku horietako bizilagunak hasi dira nazkatzen. Horrekin batera, sektoreak ere autokritika egin behar du; uste dut orokorrean kalitatean zerbitzu askotan behera egin dugula, eta, gainera, prezioak garestitu egin dira. Pandemiako urteak oso gogorrak izan ziren denondako; turismoak asko sufritu zuen, baina ezin dena da orduan galdu zena kolpean errekuperatu. Gainera, prezioak garestitu egin dira, baina ez sektoreko langileen bizi baldintzak hobetzeko".
Turismo denboraldiaren gaineko balorazio zehatza egiteko neurketa ekainetik iraila amaierara bitartean egiten badute ere, abuztuan egon den mugimenduaren gaineko azterketa egin du Oñatiko Udalak; pozik daude, aparteko arazorik eta masifikaziorik sortu barik, iazkoarekin alderatuta turismoak apur bat gora egin duelako. "Bertako jatetxeetan, hostaletan eta hoteletan lanean ibili direnekin egin dugu berba, eta abuztuan zehar lan ondo egin dutela esan digute, besteak beste, okupazio maila oso ona izan dutela eta jendea ibili dela", adierazi du Oñatiko Udaleko Turismo batzordeburu Xabier Igartuak. "Baina bai, balorazio orokorra iraileko datuekin batera egingo dugu; izan ere, joera ere horrantz doa. Alegia, denok oporretara abuztuan joan beharrean, geroago eta gehiago dira iraila aukeratzen dutenak. Gaur bertan, esaterako, talde polita dabil Oñatin bisita gidatuak egiten".
Sektorearekin hartu-emana
Hain zuzen, neurketa horiek egiteko Udaletik geroago eta garrantzi handiagoa ematen diote turismora begira lan egiten duten zerbitzuekin berba zuzenean egiteari. Izan ere, bestelako neurketak turismo bulegoetan egiten dituzte, baina azken urteotako joera da turismo bulegoetara jendea geroago eta gutxiago joaten dela. "Joera orokorra da, bai Gipuzkoa mailan, EAEn... Eta gure turismo bulegoetan ere jaitsiera sumatu badugu ere, bestelako lekuekin alderatuta ez da izan horren nabarmena. Baina bai, alde horretatik, beherakada dago. Badago turista mota bat geroago eta gutxiago erabiltzen dituena turismo bulegoak, besteak beste, Interneti esker behar duten informazio guztia eskura izaten dutelako. Horregatik uste dugu bisitari kopuruaren gaineko datu errealagoak direla okupazio mailakoak, ostalariek eta hoteletako arduradunek esaten digutena".
Gehiegizko turismorik ez
Debagoienean ez da gehiegizko turismorik egon, baina beste leku batzuetako jende pilaketek bai eragin dute gurera jende gehiago etortzea. "Zeharka bada ere, esango nuke badagoela eragina: Donostian jende asko dabil, Kantabria aldean turismoak gorakada handia izan du... Leku horietara joan direnetako batzuek gurean amaitu dute, kostaldean jende larregi zebilelako... Eta hemen lasaitasun handiagoa aurkitu dute. Etorri diren turisten jatorriari dagokionez, aurten bizkaitarrak eta nafarrak etorri dira asko, baita Kataluniatik ere. "Kanpotarrei dagokienez, Olinpiar Jokoak izan dituztelako-edo ohi baino frantziar gutxiago etorri da, eta, kontrara, Belgikatik etorri da jende dezente".