Azken urteetako joera izan du turismoak ibarrean

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko ira. 6a, 15:11

Datu zehatz argirik gabe, bailarako hainbat turismo bulego, interpretazio zentro eta museotan galdetuta, bat egin dute: iazko jende kopuru bertsua ibili da Debagoienean. Natura eskaintza eta ondare historikoa dira Debagoiena aukeratzeko arrazoi nagusiak.

Uztailean oporrak hartu, maleta egin eta kanpora joateko ohitura dago, herriak hutsik utziz, baina badira, era berean, ibarreko herriak betetzera etortzen diren turista edo bisitariak ere. Hala, hemengo turismo bulego, museo eta bestelakoak lanpetuta ibiltzen dira urtero, eta aurten ere halaxe izan da. Datu zehatzen faltan –gehienak irailean argitaratzen dira–, Debagoienean dauden turismo bulego, museo eta interpretazio zentroetan galdetuta, ia denek bat egin dute: udan jendea ibili da, eta, iazko kopuruei buruz galdetuta, gorabehera batzuk izan diren arren 2024ko uda iazkoaren "antzekoa" izan dela adierazi dute.

Aldaketa bat nabaritu dute, ordea, esaterako, Oñatiko Turismo Bulegoan: informazio eske "jende gutxiago" joan dela diote, gaur egun mugikorrekin eta Interneten dagoen edukiarekin jendeak hori baliatzen duelako informazio iturri gisa. Bisitarien profila izaten da azpimarratzeko beste puntuetako bat, eta aurten ere Euskal Herritik eta Espainiatik etorritako jendea izan da gehiengoa, nahiz eta nazioartetik etortzen direnek ere ez duten hutsik egiten. Inguru hau aukeratzeko arrazoiak galdetuta, kokapena da arrazoietako bat, hiriburuetatik gertu dagoelako ibarra, baina ondare historikoa eta eskaintza naturala dira gakoetako bi.

Irailean ere lanpetuta

Uda sasoia amaituta, errutinara itzultzeko garaia izan da gehienentzat, baina bada azken urteetan gora egiten ari den joera ere, irailean oporrak hartzearena. Nola ez, hori ere nabari dute turismo bulegoetan. Esaterako, Arantzazuko Turismo Bulegokoek diote irailean "bidaia agentzien bitartez zein euren kabuz" joaten direnen bisitak aurreikusita dituztela dagoeneko. Bisitarien jatorria, berriz, gehiengoa "estatu mailakoa" dela adierazi dute, baina baita Euskal Herriko talderen bat ere.

Gatz Museoan ere dagoeneko agenda betetzen dihardute irailerako, baina, kasu horretan, turistak baino gehiago, "elkarteetako eta ikastoletako bisitak" izaten direla diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak