Aiala Elorza: "Egunero 400 odol-emate behar ditugu, gutxienez"

Gontzal Belategi Zubia 2024ko ira. 12a, 18:00

Udan izandako odol-emateen beherakadari aurre egin nahian dabil Euskadiko Odol Emaileen Elkartea, berriro ere biltegiak bete ahal izateko.

Uda sasoi zaila izan ohi da odol-emateei dagokienez. O+, O-, A+, A- eta B- motako odolen behar berezia dago gaur egun. Debagoieneko odol-emateak kudeatu izan ditu Aiala Elorzak (Gasteiz, 1983), Arabako Odol Emaileen Elkarteko sustapen arduradunak.

Asko nabaritu da odol-emateen beherakada?

Odol-emateen beherakada gertatzen da udan. Urtean zehar unitate mugikorra, besteak beste, lantegietan, unibertsitateetan eta halako lekuetan egoten da. Udan hori dena aldatu egiten da, leku horietan jartzeak ez duelako zentzurik. Horrez gain, kontuan izan behar dugu emaile asko oporretan izaten direla. Euskadi mailan, egunero, 400 odol-emate behar ditugu, gutxienez. Kurtsoan zehar kopuru horretara heldu ohi gara, baina udan asko kostatzen da. Aurten, uztailaren 25etik abuztuaren 5era bitartean jaitsiera ikaragarria izan zela nabaritu genuen, oso odol gutxi sartu zen, eta horrek larritu egin gintuen. Beste uda batzuetan jaitsiera izan dugu, baina ez horren azkarra. Abuztu hasieran odol-emateen beharra gogorarazi behar izan genuen, azpimarratuz horrela jarraituz gero ez ginela irailera iritsiko. Azkenean, ez zen egon estutasun handirik. Orain hobeto gaude, baina gure biltegia ez dago beteta, edo ez egon beharko lukeen erosotasun egoeran. Ezin gara erlaxatu.

"Lau pertsonatik hiruk odolaren osagairen bat beharko dute euren bizitzan zehar, gizartearen %75ek"

Odol emaileez gain, 10.000 plasma-emaile ere behar dira.

Plaketekin eta globulu gorriekin sendatu daitezkeen gaixotasunak ondo ezagutzen ditugu eta ez da larrialdi handirik egoten. Baina azken urteetako aurrerakuntzei esker ikusi dugu plasmak geroz eta erabilera gehiago dituela. Odolaren hainbat osagai garraiatzen ditu: proteinak, koagulazio faktoreak, albumina... Horiek hainbat gaixotasun sendatzeko erabili daitezke. Albumina, adibidez, gibeleko gaixotasunak sendatzeko erabiltzen da, baina dosi bakar bat lortzeko sei-zazpi litro plasma behar ditugu, albumina kantitatea oso txikia delako. Berdina gertatzen da gainontzeko osagaiekin. Plasma asko behar da medikamendu horiek guztiak lortzeko, eta ge- roz eta gehiago erabiltzen ari dira botika horiek. Horregatik behar ditugu 10.000 emaile. Behar hau ez da solik Euskadikoa, Europa mailako behar bat da.  Egun, erabiltzen dugun plasmaren %60a hemen lortzen da, eta gainontzekoa erosi egin behar da, normalean Estatu Batuetatik. Bertan, odol-emate politika ezberdina dute, ordaindu egiten da plasmaren truke, eta gehiago lortzen dute. Hala ere, pandemia hasi zenean kolokan geratu zen merkatu hori, beraiek ere plasma ezin lortu zebiltzanez uko egin ziotelako hau saltzeari. Ezin gara horren esku egon. Bi urte dira Arrasaten, Debagoieneko ospitalean, plasmaferesiak eskaintzen ditugula. Zoragarri ari gara lanean. Orain, hilabetean bi egunez izaten gara bertan, hilabeteko bigarren eta laugarren astearteetan. Bertara joaten dira Debagoieneko plasma-emaileak; horretarako, gurekin harremanetan jarri behar da aurrez. Askotan, guk eskaintzen diegu aukera odol-emaile aproposenei, baina beste bide batzuetatik informazioa jaso eta interesa erakusten duten pertsonek ere hartzen dute hitzordua, egokiak direla ikusita.

Zein da odol-emaileen eta plasma-emaileen arteko aldea?

Plasma-ematea odol-emate berezi bat da, non emaileak plasma bakarrik ematen duen. Odola ematen dugunean gure odola Galdakaora joaten da, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrora. Bertan, odola hiru osagai ezberdinetan banatzen da: Plaketak, plasma eta globulo gorriak. Kasu honetan, plasmaferesia egiten badugu, banaketa laborategian egin beharrean odola ematen den momentuan egiten da. Emailea makina batera konektatzen da eta honek odol kantitate txikiak hartuko ditu. Makinak odol hori filtratu egingo du, plasmarekin geratu, eta gainontzeko osagaiak emaileari itzuliko dizkio. Horrek odol-ematea luzatzea suposatzen du, baina lortze dugun plasma kantitatea handiagoa da; 600-700 mililitro lortu daitezke eta bestela 300 bat izaten dira. Gainera, odol emaile horrek plaketak eta globulo gorriak ematen ez dituenez, maiztasuna ere handitu daiteke. Emaile horrek hilabetero eman ahalko du plasma.

Zer esango zenioke odola eman edo ez zalantzan dagoen norbaiti?

Lau pertsonatik hiruk odolaren osagairen bat beharko dute euren bizitzan zehar, gizartearen %75ek. Libratzen den hori bagara zortea izan dugu, baina gure inguruko norbaitek beharko du, edo behar izan du. Behar horri erantzun ahal izateko, aurretik norbaitek odola eman behar izan du, eta katea ezin daiteke eten. Hori jakinda, eta jakinda tokatu dakigukeela, denon ardura izan behar du behar horri erantzuteak. Inork ez luke ulertuko ospitalera heldu eta entzutea: "Etxera itzuli behar duzu ez dugulako odolik". Ez da gertatzen, eta ezin da gertatu. Horretarako, aurretik norbaitek odola eman behar du.

Zeintzuk dira odola eman ahal izateko baldintzak?

Derrigor bete beharreko baldintzetako bat lehen aldian 18-60 urte bitarte izatea da. Gerta liteke ohiko odol emaileek 70 urtera arte odola ematea; betiere, osasuntsu badaude. Ezinbestekoa da baita ere 50 kilo baino gehiago pisatzea, pisuaren arabera gorputzeko odol kantitatea aldatu egin daitekeelako. Odola ematerakoan beti 450 mililitro ematen dira, eta legeak ezartzen du ezin dugula gure odol guztiaren %10 baino gehiago eman. Kontua da 50 kilo baino gutxiago pisatuz gero posible dela kantitate hori gainditzea. Ezinbesteko azken baldintza odola baraurik ez ematea da. Analitiketarako baraurik ematen da, baina hemen ez. Hortik aurrera, salbuespen asko daude, eta horiek atzemateko odola eman aurretik galdetegi bat bete beharko dugu beti. Horri esker, medikuak jakingo du momentu zehatz horretan odola emateko egokia zaren edo ez. Gehienetan, ezetz esaten badigute aldi baterako ezetza bakarrik izango da. Behin betiko ezetzak oso gutxi dira. Lehen aldian nortasun agiria eraman beharko da, datuak batzeko.

"Gure biltegia ez dago beteta, edo ez egon beharko lukeen erosotasun egoeran"

Sexu harremanek edo droga kontsumoak eragin dezakete zelabait?

Hori galdetegian ere galdetzen dute. Adibidez, droga kontuan askok uste dute egunero porru bat erretzeagatik ezetz esango dietela; baliteke baietz edo baliteke ezetz. Droga kontuekin gehiago arduratzen gaitu droga horren menpe egon zarenean zer nolako jokabidea izan duzun, eta jokabide hori arriskutsua izan den edo ez. Hau sexuarekin erlazionatuta dago, gaixotasun batzuk sexu harremanen zein odolaren bidez kutsatu daitezkelako: Hiesa, sifilisa, B hepatitisa eta C hepatitisa. Zer gertatzen da gaixotasun hauekin? Medikuntzan bada lehio-aldi edo gaixotasunaren inkubazio-aldi deitzen den gauza bat. Honek zer esan nahi du? Gaixotasun batekin kutxatzean seguruenik lehen egunetan ez dela sintomarik izango, eta analitiketan ere ez dela agertuko. Sifilisaren, hepatitisaren eta hiesarekin lehio-aldi murritza izan daiteke, 15 egun inguru, baina kasurik txarrenetan gertatu izan da lau hilabetetara detektatzea. Orduan, aurreko astean juerga egin, beste norbaiten etxean esnatu eta gertatutakoa gogoan ez duen pertsona batek ezin du ziurtatu ez duela arrisku jokabiderik izan. Odola aztertu egiten da, noski, baina jakinda tarte bat dagoela non aztertu arren arriskua egon daitekeen, pertsona horrek ezingo du odolik eman. Odola emateko bikote egonkor bat behar da, eta hori guretzat azken lau hilabeteetan pertsona berdinarekin bakarrik egotea edo sexu harremanik ez izatea da. Horretan oso zorrotzak gara. Inork ez luke ulertuko ospitalera joan, transfusio bat egin eta bapatean sifilisa harrapatzea. Ez da gertatzen, eta ezin da gertatu. Bikotez aldatuz gero edo pertsona ezberdinekin sexua izanez gero, ezingo da odolik eman.

Nola eman daiteke odola?

Odola unitate mugikor zein puntu finko batean eman daiteke. Puntu finkoak, batez ere, hiriburuetan daude: Gasteizen, Olagibel anbulatorioan; Donostian, Manuel Lekuona kalean; eta Bizkaian, Galdakaon, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan. Horiek egunero irekitzen ditugu, goiz eta arratsaldez, normalean. Ordutegi zehatzak gure webgunean kontsulta daitezke. Bestalde, unitate mugikorrak ditugu eta horiek Euskadi osoan ibiltzen dira. Ez da txandarik behar izaten. Non izango diren jakiteko, donantesdeangre.eus ataria edo Donantes Euskadi aplikazioa erabili daiteke. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak