Puntua aldizkariaren 422. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Irailaren 14an Aramaioko rallysprinta jokatuko da, 2024ko egutegiaren baitan, Debagoienean egingo den hirugarrena eta azkena. Irailaren 8ra arte eman dezakete izena pilotuek, baina, zalantza izpirik barik, bertan egongo dira hainbat emakume: izan pilotu lanetan edo kopilotu. Horietako gehienak Emakumeak Automobilismoan (EME) taldeko kide dira. "2022ko abenduan emakume pilotuok eta kopilotuok Automobilismo Federazioaren gutun bat jaso genuen. Gurekin hitz egin nahi zuten berdintasunari buruzko proiekturen bat abian jartzeko. Elkartu ginen eta esku artean zerbait ote genuen galdetu ziguten. Bilera hark ez zuen Federazioaren partetik ezer ekarri, baina bertan bildutako emakumeek ikusi genuen bagenuela talde bat sortzeko gogoa, baita beharra ere. Ostera, gure kabuz sortu genuen Emakumeak Automobilismoa taldea", esan du taldeko presidente eta pilotu Oihane Urangak.
Emakumeen aburuz
Arantzazu Araneta, Ane Lazkano, Alazne Apalantza, Irati Atxa, Ione Tapia, Leire Odriozola, Maria Aranberri, Miriam Iztueta, Nagore Hidalgo, Nerea Campos, Oihane Uranga, Olatz Aizpiolea, Garazi Beitia eta Maider Usandizaga elkartu ziren lehen batzar hartan. Azken biak, debagoiendarrak: Beitia antzuolarra eta Usandizaga oñatiarra. "Automobilismoan genbiltzan emakumeon arteko sare bat sortzeko beharra zegoela ikusi genuen, eta guk egiten dugun lanari ikusgarritasuna ematekoa ere bai. Lanketa horretan, adibidez, San Migel rallysprinta berreskuratzera animatu ginen. Emakumeak egon ginen parte hartzen eta antolatzen", azpimarratu du Usandizagak.
Gabirian 26 emakume
2022ko abenduan hasitako bidearen lehen erretratua 2023ko martxoan egindako Gabiria-Legazpi rallysprintean atera zuten. Proban parte hartu zuten emakumezko pilotuek eta kopilotuek talde-argazkia egin zuten. 26 emakume, guztira: pilotu bat eta 25 kopilotu. Mekanikariak, egiaztatzaile teknikoak eta automobil- taldeko kideak batu zitzaizkien haiei.
OIHANE URANGA: "PILOTU ETA KOPILOTU AITZINDARIEI AURPEGIA IPINI GURA IZAN DIEGU"
Gainera, Gabiriako rallyak zilarrezko ezteiak betetzen zituela aprobetxatuz, proba horren gaineko datuak plazaratu zituzten. Bereziki, emakumezko parte-hartzaileen bilakaera aldarrikatu gura izan zuten: 1999ko proban hiruk hartu zuten parte –Aintzine Arroyo pilotua eta Nerea Aizpurua eta Aintzane Goñi kopilotuak– eta 2023koan, 26k. "Orain arte batu ditugun datuetan ikusten da nola aldatu den emakumeen presentzia automobilismoan. Maila gorenean lehiatzen diren geroz eta emakume pilotu eta kopilotu erreferente gehiago ditugu, eta haiek egiten duten lana erakustera dator Emakumeak Automobilismoan taldea", dio Usandizagak.
Instagram kontua
Grafikoak, datu historikoak, argazki zaharrak, izen propioak... Horiek izan ziren hasieratik EME taldearen helburuak; alegia, automobilismoan ibili zirenen eta dabiltzanen datu historikoak eta argazki zaharrak. Euskal Herriko Federazioari 2023ko egutegia eskatu, eta banan-banan hasi ziren proba bakoitzaren gaineko datuak batzen. Gabiria-Legazpi, Aiako Igoera, Lea-Artibaiko rallya, Opakuako Igoera, Lodosako rallya, Azpeitikoa... Bakoitzaren historikoa, eta lehen edizioan eta 2023koan parte hartu zuten emakumezkoen izenak. "Ez genuen gura datu soilak eman. Aitzindari izan ziren pilotuei eta kopilotuei aurpegia ipini gura genien. Gaur egun dihardutenak nortzuk diren erakutsi. Historikoki gizonen kirola izan den automobilismoan parte hartzen duten emakume guztiak erakusteko modu bakarra argazkien eta datuen bidez da. Horrela, motorraren munduan zenbat emakume dauden ikus daiteke. Protagonista izan direnen aldetik feedback handia jaso dugu, eta esker mezu pila bat ere bai", azpimarratu du Urangak.
Orain arte jasotako informazio eta argazki guztiak eta aurrerantzean batuko dutena @Emakumeak Automobilismoan Instagram kontuan partekatzen dituzte.
Erreferenteen beharra
MAIDER USANDIZAGA: "EMAKUMEZKO PILOTU GUTXI DAUDE ORAINDIK; IZAN DAITEKE LOTSARENGATIK, BOLANTEA HARTZEKO BELDURRARENGATIK EDO EZJAKINTASUNARENGATIK"
Modu horren, EME taldeak erakutsi gura du emakumezkoak gelditzeko heldu direla automobilismora. Historikoki gizonezkoen kirola izan da, baita Euskal Herrian ere. Erreferentziazko izenez galdetuta, gehienek ezagutzen dute Andres Vilariño pilotua, baina oso gutxik haren emazte Carmen Facal, hura ere pilotu izandakoa. Alegia, Ander eta Angela Vilariñoren ama. Egia da, era berean, gizonezkoak gehiengoa direla oraindik ere. Adibidez, uztailaren 13an jokatutako Eskoriatzako rallysprintean gizonezko pilotuak 44 izan ziren, eta ez zen emakumezko piloturik egon. "Egia da gizonezko gehiago daudela oraindik ere, baina ez dugu uste arrakala hori generoari lotutakoa denik. Alegia, ezberdintasuna ez da gizonezkoa edo emakumezkoa izan. Kirol honen arazo handiena ekonomikoa da. Oso garestia da. Era berean, gizonezkoek egin dituzte gehiago automozio ikasketak, eta horrek laguntzen du norbere autoa ezagutzen", dio EME taldeko presidenteak.
Iritzi berekoa da Maider Usandizaga: "Kirol honetan, beste kiroletan ez bezala, ez da horrenbeste kontuan hartzen indar fisikoa. Izan ere, bolantean daukazun trebetasuna, kontzentrazioa, erreflexuak, autoaren potentzia… eta beste zenbat aldagai dira funtsezkoak automobilismoan. Eta horretan generoak ez duela eragiten esango nuke".
Debagoiendarrak
Emakumeak Automobilismoan taldearen sorreran parte hartu zuten Debagoieneko hainbatek. Bailarako pilotu-kopilotuak taldeko kide dira, eta horietako batzuk jada erreferente dira pilotu eta kopilotu gazteendako. Automobilismoan hasten diren emakumezko gehienen antzera, bailarako ordezkari gehienak kopilotuak dira: Alaitz Urkiola –Euskadiko txapelketan dihardu– eta Garazi Beitia antzuolarrak, Dorleta Urkia aretxabaletarra, Maddi Gutierrez bergararra eta Lasagabaster oñatiarra. Azken horrek Monika Muñoz ama du pilotu eta asfaltozko probetan parte hartzen dute. Maider Usandizaga kopilotu lanetan hasi zen, baina azken denboraldietan pilotu izatera pasa da: beste emakumezko batekin taldea osatu du. "Pilotuak gidatzen du autoa, baina kopilotuak emandako azalpenei kasu eginda. Bi lanak dira zailak, baina bateragarriak, era berean. Dena den, emakumezko pilotu gutxi gaude oraindik. Izan daiteke lotsarengatik, bolantea hartzeko beldurrarengatik edo ezjakintasunarengatik. Alegia, mekanika ez jakitea eta autoa prestatzeko baliabiderik ez izatea. Ez dakit zein den arrazoia".
Antzine Arroyo (Zumarraga, 1963) aitzindaria izan zen asfaltozko rallyetan. 1997an egin zuen debuta Gabiriako rallyan. Emakume bat gizonen artean.
Nola gogoratzen duzu 1997ko rally hura?
Gogoan dut nerbio ikaragarriak nituela. Nire debuta zen pilotu gisa, eta nire lehen karrera. Baina, hala eta guztiz ere, esperientzia zoragarria izan zen. Oso aberasgarria, eta dena primeran atera zen. Duda barik, egun perfektua izan zen.
Hiru emakumek bakarrik hartu zenuten parte proba hartan; zelan sentitu zineten gizonezkoen artean?
Ni, behintzat, gizonen artean beti sentitu izan naiz bat gehiago. Inoiz ez dut errespetu faltarik igarri emakumea izatearren. Bakoitza bere kategorian lehiatzen zen eta gure pikeak genituen, baina oso harreman sanoa zen. Nik ez nuen inoiz arazorik izan emakume izateagatik.
Asfaltozko probetan aitzindaria izan zinen; nola sartu zaizu auto batera igotzeko harra?
1996an eslalom bat izan zen Azkoitian. Nire ak parte hartu zuen eta ikustera joan nintzen. Han nengoela, eta proba hasi aurretik, Jose Antonio Araneta antolatzaileak galdetu zidan ea proba egin nahiko nukeen. Nik esan nion ez nengoela federatuta. Baina zirkuitu itxia zenez, ez zen beharrezkoa. Animatu nintzen, probatu nuen, eta orduan sartu zitzaidan harra. Urtebete geroago etorri zen Gabiriako rallya.
Kopilotu ere izan zinen; zein postutan zeunden gusturago?
Pilotu gisa askoz gusturago sentitzen nintzen. Bizitzan bertan bezala da, egunerokoan. Zure bizitza zuzentzen baduzu edo auto bat gidatzen baduzu, edozein ezbeharren aurrean badakizu nola erreakzionatu dezakezun, eta beste pertsonak, berriz, ez. Beraz, nahiago dut autoa neronek gidatu.
Nolakoak ziren orduko lasterketak? Asko aldatu dira?
Halako lasterketa batek behar duen antolaketa ez da askorik aldatu. Teknologia berriak eta beste sartu dira, eta horrek asko agintzen du. Baina nik esango nuke aldaketa handiena pilotuek eta kopilotuek duten mailan gertatu dela. Oraingo gidariak apartak dira. Oso-oso onak.
Emakumeak Automobilismoan taldeko kideak zurekin ipini ziren kontaktuan zure gainekoak jakiteko; harrituta?
Egia esan, bai. Haien deiak ustekabean hartu ninduen, baina oso gustuko dut izan duten ekimena, gogorarazteko emakumea aspalditik dagoela presente automobilismoan, eta gure aletxoa ipini dugula. Halako ekimenak eta taldeak beharrezkoak dira gizartearen edozein esparrutan.
Gaur egun lasterketak ikustera joaten zara?
Rally batzuk ikustera joaten naiz. Batez ere, gertu izaten direnak, eta ahal dudanean. Horietako bat Gabiriakoa da. Esan behar dut nahiko urduri jartzen nautela eta gaizki pasatzen dudala. Urduritasuna gorabehera, oso harreman berezia dut hasi berria den Soriako mutil batekin. Seme bat bezalakoa da niretzat. Eslalomak egiten ditu, eta ahal dudan guztietan hura ikustera joaten naiz. Baina Soriara edo Burgosera joateko denbora behar da, eta ez da erraza izaten.
Baduzu loturarik rallyekin?
Ez, ez dut inolako loturarik motorraren munduarekin, lehen Soriako pilotuarekin aipatu dudan harremanaz harago. Proba gutxi batzuk ikusten ditut.
Aramaioko rallyan debutatu zuen Gutierrezek (Bergara, 2000), 2018an, Iñigo Errastirekin.
Etxetik datorkizu zaletasuna.
Txikitatik egon naiz automobilismoaren munduan sartuta. Osaba ibiltzen zen autoekin eta beti izan dut kopilotu izateko jakin-mina. Iñigoren kopilotu izateko aukera sortu zenean, ez nuen zalantzarik izan.
Kopilotua zara; ardura duen postu bat, duda barik.
Probak dituen denborak ondo kontrolatu, ibilbidearen datuak zuzen eraman, pilotuari lasaitasuna eta segurtasuna transmititu... Horiek daude, besteak beste, kopilotuaren esku. Ardura handiko postua da.
Izango zinateke pilotu?
Zalantza barik, bai. Probatuko nuke gidari lanetan, baina horretarako autoa eduki behar da, eta hori zailagoa da.
Nola baloratzen duzu Emakumeak Automobilismoan taldea sortu izana?
Oso positiboa dela uste dut. Automobilismoan dihardugun emakumeei indarra ematen digu. Era berean, guk egiten dugun horri ikusgarritasuna emateko lan egiten duen taldea da.
Nolakoa da emakumeen egoera motorraren munduan?
Nik esango nuke nahiko babestuta gaudela, oro har. Gizonezko pilotuek eta kopilotuek babesten eta errespetatzen gaituzte, eta emakumeen artean edozertan laguntzen eta babesten diogu elkarri. Are gehiago, esango nuke kirol honetan ez dagoela genero arrakalarik. Nik ez dut sumatu. Izan ere, gizonezkoek eta emakumezkook proba baten aurrean aukera eta baldintza berak ditugu.
Osabaren eta aitaren arrimuan hasi zen Alaitz Urkiola (Antzuola, 1994) automobilismoan. Aitor Arrietaren kopilotu izan zen, San Migel rallyan, 15 urterekin.
Kopilotu lanetan hasi zinen, baina pilotua ere bazara; lan ezberdinak dira, baina, ezinbestean, bateragarriak.
Hala da. Kopilotuak lan batzuk egiten ditu eta pilotuak, beste batzuk; bereziki, autoa gidatu. Baina bien arteko konfiantza ezinbestekoa da. Kopilotuak markatzen du nondik eta nola joan, eta pilotuak haren aginduekiko konfiantza izan behar du. Era berean, kopilotua lasai joan dadin, konfiantza izan behar du gidariarengan. Alegia, auto barrukoa talde-lana izaten da.
Gorlako Igoeran pilotu ibili zinen; etxetik gertu.
Bai. Esperientzia itzela izan zen. Oso polita eta aberasgarria. Ea, bada, berriro dudan autoren bat gidatzeko aukera.
Emakumezko gehienak kopilotu lanetan hasten zarete, eta gutxi batzuek ematen dute saltoa; zergatik izan daiteke?
Automobilismoan hasteko biderik errazena kopilotu izatea da. Ostean dator pilotu izatearena. Autoa gidatzeko harra barruan duenak, behin ez bada ere, probatu egiten du. Gogoa duenak ezin dio ukorik egin aukera duenean. Nik ere hala egin nuen.
Emakumeak Automobilismoan taldea babesgune da zuendako?
Bai. Gure lana erdigunean ipintzeko balio du. Gure lana ahalduntzeko eta ikusgarri egiteko. Bereziki, mundu honetan hasi gura dutenei babesa emateko gunea izango da.