Mediku falta, ZIU Mugikorretan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko abu. 22a, 14:08

Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat ZIU Mugikorretan mediku falta dagoela salatu du Emergentziak Osakidetzako Langileen Batzordeak. EAEn azken bi hilabeteetan, ehun txanda baino gehiagotan geratu dira medikurik gabe, eta horietatik, gutxienez, 30 txanda Oñatiko anbulantzia medikalizatukoak izan dira.

Emergentziak Osakidetzako ZIU Mugikorra mediku, erizain eta mediku banak osatzen dute, baina Osakidetzako Langileen Batzordeak –ESK, ELA, CCOO, LAB, SATSE, SME eta UGT sindikatuek osatutakoa– salatu du EAEko anbulantzia medikalizatuetan mediku falta dagoela. Ekainetik hona ZIU Mugikorretako 100 txanda baino gehiagotan ez da medikurik egon, eta horietako 30 txanda, Oñatiko anbulantzia medikalizatukoak izan dira.

Oñatiko ZIU Mugikorrak Debagoieneko larrialdiei erantzuten diete urte osoan zehar, 24 orduz. Mediku falta "prebisio ezagatik" dela azaldu du Oñatiko ZIU Mugikorreko erizain Guille Dublanek. Nabarmendu du, kasu askotan, beste eskualde bateko anbulantzia medikalizatuko medikuaren hutsunea betetzeko lekualdatzen dutela Oñatin egon beharko lukeena. "Prebisio falta egon da, eta gertatu dena da medikuak aldatu egin behar dituztela leku batetik bestera. Orduan, erabaki dute eskualde batzuk garrantzitsuagoak direla jende kopuruagatik edo beste arrazoi batengatik eta hemen egoten diren medikuak mugitu egin behar dituztela. Askotan, nahiz eta hemen mediku bat egon bidaltzen dute beste eskualde batera, hango anbulantzian ez dagoelako medikurik".

Azken unera arte ezin jakin

Dublanek azpimarratu du lanpostura iritsi arte ez dutela jakiten txanda horretan medikua egongo den ala ez. Debagoienean beste bi anbulantzia daude, Bergaran eta Aretxabaletan,baina horiek "oinarrizko anbulantziak" dira. Dublanek azaldu du anbulantzia horietan beste bi tekniko daudela, baina haiek laguntza behar dutenean eurengana jotzen dutela, pentsatuz, erizaina, teknikoa eta medikua daudela. Kontatu du, zenbait kasutan, haiei laguntzera joan direnean, figuraren falta izan dela, eta, normalean, medikua izan dela; eta kasu askotan, medikua beharrezkoa dela.

Denbora urre

Gipuzkoan larrialdietako bost ZIU Mugikor daude. Oñatikoa 60.000 debagoiendarri zerbitzua emateko dago, baina medikurik ez dagoen egunean larrialdiren bat badago, beste zonalde bateko anbulantzia medikalizatuak etorri behar izaten du ibarrera. Adibidea eman du Dublanek: "Aretxabaletako igerilekuan norbait itotzen bada, hemengo anbulantzian ez badago medikurik, beste anbulantzia batek etorri beharko luke –normalean, Elgoibartik edo Tolosatik–".

Halakoak gertatu zaizkiela adierazi du eta denboran jarri du azpimarra: "Tolosatik etortzen bada anbulantzia, handik honaino etorri behar du. Denborak garrantzitsuak dira gauza larrietan eta ez dira betetzen. Horrelakoetan 20-30 minutu tardatzen ditugu; bestela, 8-10 minututan hor egongo ginateke".

Gehitu du saiatzen direla euren lana egiten: "Askotan entzun dugu asko tardatzen dugula, baina jakin ezazue beti ez dagoela gure esku eta garrantzitsua dela jakitea ze baliabide dauden, eta borrokatu egin behar dela horiengatik. Bestela, ez dugu ezer lortuko".

Hori guztiagatik, Osasun Sailari eskaten diute Oñatiko ZIUko medikua bertan mantentzeko "hemengo biztanleria ez izateko bigarren mailako biztanleria. Mantentzeko hemen dagoen medikua lan egin behar duelako bere plazan eta horretarako, Osakidetzak, Emergentziak gure kasuan, egin beharko luke prebisio bat, ikusi nola gauden eta bete hutsune horiek".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak