Hiria eta kirolariak, biak olinpiko

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko uzt. 30a, 14:32

Eraztun olinpikoak Eiffel dorrean jarri zituzten jokoak hasi baino 50 egun lehenago; 29 metro zabal eta hamahiru metro garai dira.

Uztailaren 26tik abuztuaren 11ra egingo dira udako Olinpiar Jokoak, Parisen, eta abuztuaren 28tik irailaren 8ra Paralinpiarrak toki berean. Aurten ere ez da kirolari debagoiendarrik egongo, baina bai ikusleen artean. Lehiatzen zein lanean ibilitakoak izan direnek, berriz, denetariko oroitzapenak dituzte.

Puntua aldizkariaren 421. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Anne Hidalgo Parisko alkatea eta Tony Estanguet Parisko 2024ko Olinpiar Jokoen Antolakuntza Batzordeko presidentea Sena ibaian bainatu ziren hilaren 17an, proba olinpiko batzuk egingo diren errekako ura osasungarria dela erakusteko. Baionako festak ere astebete aurreratu zituzten, hango poliziek Parisen egon behar dutelako Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan. Ingurumena errespetatu eta aurrekoak baino joko merkeagoak eta seguruagoak antolatuko zituela aginduta irabazi zuen Parisek, eta kirol lehiak egiteko azpiegitura txukunak dituela eta segurtasunaren gaia landu duela erakutsi gura izan du. Gaurtik – uztailak 26– abuztuaren 11ra egingo dira han udako Olinpiar Jokoak, eta abuztuaren 28tik irailaren 8ra, Paralinpiarrak.

Igerilariak Senan

Hirugarren aldiz izango da Olinpiar Jokoen topagune Paris: 1900. urtean egin ziren Frantziako hiriburuko lehenak; eta azkenak, duela 100 urte, 1924an. Apirilaren 16an Pariserako bidaia hasi zuen zuzi olinpikoak, Greziatik, eta maiatzaren 8an heldu zen Frantziara, Marseillara; eta gaur, hiriburura helduko da –maiatzaren 20an Errobi ibaia zeharkatu zuen zuzi olinpikoak Baionan; Biarritzetik, Angelutik eta Donibane Lohizunetik ere pasa zen–. Parisko udaletxe aurrera iritsi arte ibiliko da eskuz esku, hain zuzen ere, joko hauetako azken egunean, azken proba, maratoia, abiatuko den tokira. Baina horren aurretik, 2024an Olinpiar Jokoak jasoko zituen konfirmazioa jaso zuenetik –2017an– ibili da okasiorako prestatzen Frantziako hiriburua.

Mikel Albistur: "Hiru egunetan joango naiz probak ikustera Saint-Denisera"



Lagunak ditu Parisen Mikel Albistur arrasatearrak, eta hilabete asko pasa dira Olinpiar Jokoak ikustera joateko plana egin zutenetik: "Duela urte eta erdi inguru, atletismoko sarrerak erosi ahal izateko zozketa batean eman nuen izena. Zortea izan nuen eta prezio merkeagoan erosi ahal izan ditut sarrerak. Ikusiko ditugun probak dira: nesken luzera-jauzia eta 400 metroko hesi-lasterketa eta gizonen 200 metroko lasterketa, 110 metroko hesi-lasterketa eta xabalina- jaurtiketa. Proba guztiak estadio berean dira, Saint-Denisko Frantziako estadioan".

Astebeterako joango da Parisera, hiru egunetan probak ikustera. Aurten ere egingo die jarraipena jokoei telebista bidez

Parisko eta inguruko kirol instalazioak prestatu eta erabiliko dituzte askotariko kiroletako probak egiteko. Frantziako beste herri batzuetan ere egingo dira hainbat kirol –eskubaloia eta saskibaloia, adibidez, Lillen, Marseillan bela eta Tahitin surfa–. Sena bera ere izango da guneetako bat. Inaugurazio ekitaldia izango da haren bazterrean, eta triatloiko eta igeriketako maratoi probak egingo dira, bestalde, errekan bertan. Baina inguru horretako aldamenean dagoen Saint-Denis gunea da, akaso, eraldaketa handiena izan duena. Hantxe eraiki dute, esaterako, olinpiar hiria, jokoak irauten duten bitartean kirolarien egoitza izango den espazioa. "Sekulakoa izaten da hori. Londresko (Ingalaterra) jokoetara joan nintzenean, probaren aurreko egun pare bat eta osteko hiruzpalau egin genituen. Baina Pekinen (Txina) egun gehiago egin genituen eta sekulakoa zen; areto-joko handi bat zuen barruan, eta izugarria izan zen, adibidez, saskibaloi jokalari estatubatuarrekin parez pare egotea", du gogoan Maider Unda kirolari olinpiko aramaioarrak.

Maskotak dendetan

Parisen egin duten hiri olinpiarra nolakoa den ikusi du iaz Parisera bizitzera joan zen Paula Valcarcel oñatiarrak, eta horrekin gero zer gertatuko den jakin gura du hark: "Etxebizitza mordo bat egin dituzte, eta ikasleok, adibidez, arazoak izaten ditugu bizitzeko etxe bat topatzeko". Historia ikasten ari da Valcarcel Parisen. Joan den irailean sartu zen ikasleen egoitza batean, urtebeteko kontratuarekin, baina lehenago eten diote: "Gure geletan turistak hartuko dituzte udan, gehiago kobratzeko, eta ekainerako egoitza utzi egin behar genuela esan ziguten. Ez gurean bakarrik, baita beste batzuetan ere. Udan lan egin behar dutenek beste toki bat bilatu behar izan dute; ni Oñatira etorri naiz. Hiri erdigunean bizi direnek ere mezua jaso zuten eskuko telefonoan laster QR bat jasoko zutela esanez, eta hori erakutsi beharko dutela euren auzora sartzen diren bakoitzean. Kontrolak egiten hasiak dira, egia esan, eta badirudi zorroztu egingo dituztela jokoak diren egunetan". Hiriburua Olinpiar Jokoen apaingarriekin janzten duela gutxi hasi direla gaineratu du: "Oroigarrien dendak maskotaz beteta daude eta hoteletan ere, adibidez, maskoten irudia –txapel gorri batzuk– agertzen da plateretan eta pasilloetan eta geletan. Kaleetan, baina, apaingarri gutxi dago. Bestetik, Parisko metroa kolapsatu egiten da egun momentu puntualetan, eta ez dakit nola erantzungo dion egoerari Olinpiar Jokoak egiten diren egunetan".

35 egoitza, 329 proba

Guztira, 10.500 atletak hartuko dute parte Parisko udako jokoetan –206 Batzorde Olinpiko Nazional eta NOBko Errefuxiatuen Talde Olinpikoa–, Basque Team-ek jasota dituen datuen arabera. 754 ekitaldi –lehiaketak eta ekitaldiak– eta 349 proba 35 egoitzatan. Kirolak, 32 –askotariko diziplinak bakoitzean–; horien artean, breakdancea, aurtengo berritasuna. Ohikoez gain, mantendu egin dituzte, esaterako, Tokion kirol olinpikoak izan ziren surfa, skatea eta kirol eskalada, baina aurten kanpoan gelditu dira karatea eta beisbola.

Iñaki Ugarteburu: "Ez da batere gustatu prozesua, ez da gardena izan"

Bartzelonan izan zen eta Parisera ere badoa Elgetan bizi den Iñaki Ugarteburu eibartarra. Irrikan dagoela aitortu du, eta zortekoa dela sarrerak lortu dituelako. "Prozesua nekeza bezain frustragarria" izan dela gaineratu du. Atletismoa ikusi nahi zuten, "baina 600 euro zen eguneko sarrera; saskibaloikoak merkeagoak, baina garestiak, hala ere. Azkenean, boleibola, nesken errugbia, eskubaloia, tenisa eta waterpoloa ikusiko ditugu; 100 euro inguruko sarrerak, eta ez dira finaletarako. "Disfrutatzeko aukera izango dugu, bikainak direlako bertan parte hartuko duten kirolariak, eta espero dugu giroa ere bikaina izatea, baina ez zait batere gustatu prozesua, ez da gardena izan eta prezioak, estratosferikoak".

Basque Teamek emandako datuek diote Olinpiar Jokoak bertatik bertara jarraitzen mundu osoko 20.000 kazetari egongo direla akreditatuta. Herrialde bakoitzeko federazioek eta Olinpiar Jokoetako Komiteak emandako baimenarekin jardungo dute. Aitor Biain –Olinpiar Jokoetan– oñatiarra eta Uxue Otxoa – Paralinpikoetan– arrasatearra, esaterako, Basque Team taldearendako lanean aritu ziren 2016ko jokoetan, Rio de Janeiron. Rafa Mungia arrasatearra ere birritan egon da kazetari, Pekinen (Txina) eta Sochiko (Errusia) neguko Olinpiar Jokoetan: "Txinak erakutsi gura zuen gai zela horrelako ekitaldi erraldoi bat antolatzeko, eta goitik behera aldatu zuen hiriburua; erakusleiho bihurtu zuen. Hango herritar guztiak zeuden prest laguntzeko, eta militar gisa funtzionatu zuten. Errusiarendako ere apustua ziren neguko joko haiek, eta elurra ez zegoen guneetara ere elurra eraman zuten. Paris bestelako hiria da eta ez da hori gertatuko, badituelako aurretik eraikinak, baina Olinpiar Jokoak erraldoiak dira eta hori nabaritu egingo da modu batera edo bestera". Maider Undak egindakoak duen garrantzia azpimarratu gura izan du, bestetik, Mungiak: "Olinpiar Jokoak hamabost edo hogei eguneko tartean dira, baina batetik besterako denbora, lau urteko olinpiadak, lagun batek azaldu zidan moduan. Olinpiada horiek oso gogorrak dira, proba asko, zainketak lesiorik ez izateko... Londresko Olinpiar Jokoetara heldu aurretik Undak egin zuen nazioarteko ibilbidea jarraitu nuen, eta sekulakoa egin zuen". Felix Sanchez argazkilaritza-zale oñatiarra, aldiz, Parisen egongo da, argazkiak ateratzen. Gainera, Espainiako Etxea gunean haren argazkien erakusketa jarri dute.

Felix Sanchez Arrazola: "200.000 bat argazki aterako ditut"

Tokioko Olinpiar Jokoetan bezala –2021–, argazkiak ateratzen ibiliko da Felix Sanchez (Oñati, 1979) –@fotorunners.es– Pariskoetan. Han egingo ditu opor egunak.



Ze probatan egongo zara argazkilari?

Atletismoko guztietan. Abuztuaren 1ean da lehena eta 11n azkena, maratoia.

Zaila izan da akreditazioa lortzea?

Olinpiar Jokoen Komiteak edo herrialde bakoitzeko kirol federazioek eman dituzte akreditazioak. Niri Espainiako Atletismoko Federazioak eman dit; akreditazioarekin, doan ditugu garraio publikoak. Arratsaldeko probetarako, baina, finaletarako, sarrerak eskatu behar ditut, akreditatuta egon arren.

Nola egingo duzu lan?

Nik, berez, ez dut momentuan argitaratzeko argazkirik aterako. Berez, biltegirako dira; hau da, hurrengo hilabeteetan edo urteetan erabiltzeko. Probetan, agentzia handien atzean egongo gara gu, eta finaletan ezingo gara pista barruan egon. Baina badakit asko disfrutatuko dudala.

Ze ekipo eramango duzu?

Nire kamera bat eramango dut, baina Sony etxeak emango dit han argazkiak ateratzeko behar dudan material guztia: izan kamerak, tripodea edo objektiboak. Kalkulatzen dut ia 200.000 argazki egingo ditudala. Sei bat hilabeteko lana dut, gero, argazkiak garbitzen, txukuntzen eta sailkatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak