Oporraldi "osasuntsua" pasatzera etorri dira Ukrainatik

Mireia Bikuña 2024ko uzt. 19a, 18:00

Chernobil Elkartearen bidez 108 adingabek pasako dute uda EAEn eta Nafarroan; horietatik 50ek, Gipuzkoan. bailarako familietan zortzi egongo dira, abuztuaren 27ra arte: hiru ume Bergaran, bina ume Eskoriatzan eta Oñatin eta bat Elgetan.

1995ean sortu zenetik, Chernobil Elkarteak Txernobylgo (Ukraina) istripu nuklearrak kaltetutako bazterketa eremuaren ondoan bizi diren adingabeen aldi baterako harrerak sustatzen ditu EAEn eta Nafarroan. Hilaren 1ean 108 adingabe heldu ziren, 100 harrera-familiari esker. Horietatik 50ek Gipuzkoan pasako dute oporraldia, eta zortzi dira Debagoienean daudenak: hiru ume Bergaran, bina Eskoriatzan eta Oñatin eta bat Elgetan. Oporraldien helburu nagusia da istripu nuklearrak eragindako kalteak eta gaixotasunak arintzen laguntzea. Aurten, baina, Ukrainako gerrak eragindakoa gehitu behar zaio. "Gerraren ondorioak arintzeko balioko die oporraldiak; baina helburu nagusia osasuna hobetzea da", aipatu du mutiko bat etxean duen Lierni Altube oñatiarrak.

Hizkuntza, ohiturak...

9 urteko Anna Beliak bigarren urtez etorri da Elisabete Olaberen etxera. Adin berarekin haren ama egon zen harrera-familia batean. "Nire amaginarrebaren etxera etorri ziren Annaren ama eta amama hainbat alditan. Ostean, gu animatu ginenean, propio eskatu genuen Anna etortzea. Egia esan, esperientzia polita eta aberasgarria da, baina zaila ere bai. Izan ere, familiara kanpoko pertsona bat dator, horrek dakarren guztiarekin. Hankaz gora ipintzen ditu gauza asko. Era berean, etxean hartzen dugun umearendako ere egoera zaila da: pertsona ezezagunak, hizkuntza ezezaguna, ohitura ezberdinak...".

Bigarrenez

Iritzi berekoa da Saioa Bardeci bergararra; bigarrenez hartu dute etxean Nastya Hnidenko: "Alaba txikiarekin ondo konpontzen da. Adinez antzekoak izan arren, zaharrenarekin zailagoa da. Gainera, ume obedienteak dira, baina oso isilak. Elkarren artean berba egiten dugu, noski, baina ez dute haiei buruz ezer kontatzen. Gerra bete-betean sufritzen ari dira, eta ezusteko zaratak edo etxafuegoak daudenean asaldatu egiten da apur bat".

Bogdan Tovstenko mutikoak Sorkunde Madinaren etxean pasako ditu udako oporrak. 2023ko Gabonetan ere egon zen, hilabetez: "Guk ez daukagu seme-alabarik, eta halako harrerarekin ume bati lekua egiten diogu etxean. Guretzat oso esperientzia polita da. Udako oporraldian eta Gabonetan etorri izan da gurera, eta apurka-apurka bagoaz harremanak estutzen eta elkar hobeto ulertzen".

Abuztuaren 27ra arte

Abuztuaren 27an itzuliko dira Ukrainara, eta, pasatakoak pasata, une tristea izango da  guztiendako. "Harrerak eman duena aztertu eta izandako gazi-gozoekin merezi izan duela berres- ten dugu. Hemen gaudenok errepikatu egin dugu; beraz, bai, merezi du", esan dute.

Ukrainatik Debagoienera etorri diren gaztetxoek ere berresten dute oporraldi "osasuntsuak"
dibertigarriak direla: "Hondartzara joaten gara, igerilekura, mendira, bizikletan ibiltzen gara... Gustura etortzen gara eta oso ondo pasatzen dugu gure harrera-familiekin", esan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak