Tramite administratiboek dakarten traba gaindituta, Leintz bailaran Ekiolaren parte diren herritarrak hasi dira dagoeneko Garaian dagoen instalazio fotovoltaikotik energia jasotzen. "Azken hilabeteetan, berez, instalazioa energia sortzen egon da, baina oraindik ez geneukan bazkideen kontratuetara lotuta. Orain bai, eta, gauzak horrela, abuztuan jasoko dugu bazkideok faktura berria", adierazi du Leintz Bailarako Ekiolako presidente Iñaki Aranburuk.
Momentuz, instalazioetatik sortzen den energiaren %72 banatzen da bazkideen artean. Hala ere, Ekiolaren asmoa energia guztia bazkideen artean esleitzea dela adierazi dute; ahal den heinean, familia eta etxebizitzen artean banatuta. Gainontzekoa, momentuz, energia sarera botatzen dute: "Esleituta ez dagoen %28 horrek sortzen duen energia sarera botatzen dugu, eta horregatik zeozer kobratuko dugu eta kooperatibarendako onura izango da, baina ez da hori gure helburua, baizik eta Leintz Bailarako herritarren artean partekatzea instalazioak sortzen duen energia".
Leintz bailarako Ekiolak bostehun watteko 2.520 panel ezarri zituen Arrasateko Garaia Gunean, eta orduko 1.375 megawatt sortzeko gai izango direla aurreikusten da. Ekiolaren arabera, honek, kostu jasangarri eta egonkorra suposatuko du bazkideentzat, merkatuko aldaketak ekidingo dituelako.
Bazkide kanpaina
Garaiako parkearen aurrerapausoak ikusita, bazkide kanpaina martxan jartzeko momentu ona dela uste du Aranzaburuk: "Uste dugu une hau gakoa dela bazkide berriak egiteko. Garaiako instalazio berriztagarriak ematen dituen onurak ikusten hasiko gara berehala, eta, gure ustez, hori herritarrek apreziatu egingo dute". Izen ematea leintzbailara.ekiola.eus atarian egin daiteke.