Ezinbestean, gurasoen etxean

Gontzal Belategi Zubia 2024ko uzt. 16a, 13:51

Bi lagun etxebizitza salmenta baten proposamenari begira. Irudia: Goiena.

Etxebizitzaren auzia arazo bilakatu da gurasoen etxetik irten ezinda dauden milaka gazterentzat. Datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko gazteek ez dute emantzipatzerik lortzen ia 30 urte bete arte. Belaunaldi oso batek lehen pertsonan bizi du ustez eskubide osoarekin negozioa egiten dela ikustea.

Puntua aldizkariaren 419. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Etxebizitza eskubide gisa aitortzen duten hainbat testu juridiko existitzen dira kodeetan. Espainian gehien nabarmentzen dena Konstituzioa da; zehazki, haren 47. artikulua. Honako hau dio artikuluak, zehazki: "Guztiek etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea dute. Botere publikoek behar diren baldintzak bultzatuko dituzte eta arau erakoak ezarriko eskubide hori egiaztatzeko, lurraren erabilpena arautuz interes orokorraren arabera espekulazioa baztertzeko. Erkidegoak erakunde publikoetako hiri ekintzek dakartzaten plusbalioetan parte hartuko du".

Hala ere, Euskal Herrian ugariak dira emantzipatu ezinean dauden gazteak. Haietako asko dagoeneko jabetuko ziren lege horren esana eta euren errealitatea ezberdina dela. Zelanbait esateko, legeak tranpa egin die emantzipatu ezin diren gazteei. Tranpa hitza ez da ausazko hitz bat, eskubide izenaren eta izanaren atzean beste hainbat detaile ezkutatzen direlako. Konstituzioaren adibideari jarraituz, aipatu beharrekoa da bertan zati dogmatikoa eta zati organikoa bereizten direla. Zati organikoan oinarrizko eskubideak daude bilduta, baina etxebizitza duina izateko eskubidea ez dago oinarrizko eskubide horietan.

Horrenbestez, 47. artikulua politika sozial eta ekonomikoaren printzipio gidaria dela esan daiteke, baina ez oinarrizko eskubide bat. Are gehiago, Konstituzioan duen kokapena medio, etxebizitza eskubide arrunta ere ez dela ondorioztatu daiteke; hau da, ez dago oinarrizkoa izan gabe ere berme bat duten eskubide gorenen artean. Beste modu batera esanda, etxebizitza duina izateko eskubidea du edonork, baina instituzioek ez dute zertan etxebizitza hori eskuratzen dela bermatu. Izatekotan, erraztasunak jartzera derrigortuta daude, ez gehiago.

Emantzipazioa Euskal Autonomia Erkidegoan

Lehen azalpenak emateko Espainiako legedia erabili arren, argitu beharreko kontua da EAEn Eusko Jaurlaritzak duela etxebizitzaren eskuduntza, baina jarraibidea, finean, aurrez azaldutakoren berbera da. Legeditik harago, datuetara jota, EAEn etxebizitzaren auzia puri-purian dagoela ondorioztatu daiteke. Gazteen Euskal Behatokiak emandako datuen arabera, 2022an, eskuragarri dauden azken datuetan, 18 eta 34 urte arteko gazteen %34,2 bakarrik daude emantzipatuta. Datuok, hainbat gorabehera izan arren, auziak denborarekin okerrera egin duela erakusten dute. 2011ko datuei erreparatuta, adin tarte bereko gazteen %45,4a emantzipatu zela ikusi daiteke. Bi datuen artean 11,2 puntuko aldea dago, egoeraren okertzearen adierazlerik nabarmenena.

MAIALEN ARRIZABALAGA, HEZITZAILEA: "ALOR HORRETAN ERE GENERO ARRAKALA EXISTITZEN DA"

Ezin izaten da ahaztu estatistikek erabiltzen dituzten ehunekoen atzean hezur-haragizko pertsonak daudela. Akaso, egoeraren tamainaz jabetzeko, pertsonen datuak ematea da egokiena. Aurreko adin tarte beraren barruan, diru-sarrera eta errenta propioak dituzten eta etxebizitza eskuratzeko beharra duten gazte ez-emantzipatuen kopurua 58.289 pertsonakoa da.

Adinari erreparatuta, emantzipatzeko batez besteko adina 29,3 urtekoa da. Horrek asko kontrastatzen du gazteen emantzipatzeko adin idealarekin, haientzat 24,4 urterekin emantzipatzea izango litzateke-eta perfektua. Horrenbestez, batez besteko adin errealaren eta adin idealaren artean, 4,9 urteko aldea dago.

Garai zailak

Etxebizitzaren ikuspuntutik gazteentzat garai gogorrak datozela aurreikusten du Joanes Plazaolak, Deba bailarako Etxebizitza Sindikatuko kideak. Enpresariek euren etekinak haztearekin lotzen du egungo koiuntura bergararrak: "Datorkiguna ez da atsegina. Bizi dugun irabazien geldialdiaren aurrean, enpresak irabazi horiek mantentzen saiatuko dira, soldatak gutxituz. Gutxi dugunok gutxiago izango dugu, zerbait dutenak dutenari eusten saiatuko dira, adibidez, bigarren etxea alokatuz soldata osatzeko, eta asko dutenek aberastasuna metatzen jarraituko dute, alokatzeko etxe bloke berriak eginez, etxebizitza lote osoak erosiz eta prezioekin espekulatuz".

Plazaolak aipatutako etorkizun desatseginaren azalpen praktikoa egin du Maialen Arrizabalaga irakasle aretxabaletarrak: "Aspalditik nahi izan dut emantzipatu, baina nire egoera ekonomikoagatik ezin izan dut. Enplegu bat baino gehiago ditut, dirua izan badut, baina ez dira lan seguruak. Etxebizitza batean sartzea, izan alokatuta zein erosita, ez da aukera bat, ez dut-eta ziurtasunik etorkizunean ordaintzen jarraitu ahalko dudan, eta gazte askok bizi dugu hori". Arrizabalagarekin bat dator sindikatuko kidea, baina zehaztapen bat gehitu du: "Gazteak ez dira gurasoekin bizi nahi dutelako, beste aukera bideragarririk ez dutelako baizik. Hala ere, arazo horrek ez die gazte guztiei eragiten, familia dirudunetako gazteek ez dute inolako zailtasunik etxebizitzara sarbidea izateko".

Gazte emantzipatuen perspektiba

ALAZNE JAUREGI: "HERRIAN ALOKATZEKO AUKERA GUTXI ZEGOEN"

27 urterekin, adinak bultzatuta, emantzipatu zen antzuolarra. "Aurrez ere etxetik joateko gogoa nuen, baina herrian alokatzeko aukera gutxi zegoen, eta oraindik ez nengoen etxe bat erosteko moduan". Haren bizitza egonkortu zenean, etxea erosteko hautua egin zuen, aukera onena zelakoan.

JOSU IRURE: "EZAGUNEN ARTEAN GALDETUTA LORTU GENUEN"

Ikasle-pisuetan izandako esperientziagatik emantzipatu zen aretxabaletarra, 25 urterekin: "Aukera sortu zenean joan nintzen". Lagunekin pisu bat alokatu zuen, kostata: "Azkenean, ezagunen artean galdetuta lortu genuen etxe bat bilatzea". Bakarrik emantzipatu ahal zen arren, zail egingo zitzaion.

BEÑAT UGALDE: "KALEAN IKUSTEN ZUTEN EUREN BURUA PISUKIDEEK"

25 urterekin emantzipatu zen oñatiarra: "Unea zela ikusten nuen". Alokairuan bizi da, lagunekin. Pisukideek aurrez arazoak izan zituzten: "Egun batetik bestera kalean ikusten zuten euren burua". Gazteen bizi baldintza ezegonkorrek emantzipazioa zailtzen dutela dio, eta hura bakarrik ezingo zela emantzipatu.

Datuek berretsi egiten dituzte bi gazteek adierazitakoak. Gazteen Behatokiaren arabera, gazteon langabezia tasa %12,6koa da, eta lanean dabiltzanen artean lanaldi partziala –30 ordu baino gutxiagoko lanaldia– dutenen tasa %32,4koa da. Aldi baterako lana dutenen tasa, berriz, %46koa da.

Etxebizitza bat izatearen negozioa

Aurrez aipatu bezala, teorian ez bada ere, etxebizitza eskubide bat da, baina ohiko bilakatu dira horrekin negozioa egitea eta espekulatzea. Turismora bideratutako etxebizitzak ekarri izan dira lehen lerrora, haiek izan duten gorakadagatik. EAEn 4.655 pisu turistiko daude gaur egun. Debagoienean arazo hori ez da horren nabarmena, hamaika pisu bakarrik daudelako turismora bideratuta, erregistro ofizialen arabera. Hala ere, horrek ez du esan nahi eskualdean etxebizitzarekin negoziorik egiten ez denik. Horren gaineko datuak existitzen ez diren arren, Arrizabalagak pista bat ematen du Debagoieneko espekulazio formen inguruan: ikasle- pisuak. "Arrasaten badakit gertatzen dela. Kanpoko jendea etortzen da, etxebizitza bat erosten du eta inbertsio modura erabiltzen du, unibertsitateko ikasleei bakarrik alokatuz. Jendea, horrelako kasuetan, aprobetxatu egiten da", dio aretxabaletarrak.

Plazaolaren arabera, ez da zilegi etxebizitzarekin horrelako negozioak egitea, baina kapitalismoaren logikari erantzuten diolakoan dago: "Ez da zilegi oinarrizko bizi baliabide baten jabetza esklusiboa beste batzuen kontura dirua ateratzeko erabiltzea, baina hori da jabetza pribatuaren logika, kapitalaren metaketaren logika bera. Etxebizitzak guztiontzat kalitatezkoa eta doakoa izan behar duela defendatzen dugu, eta hori ez da posible kapitalismoaren logikaren baitan".

Bestelako problematikekin harremana

Etxebizitzarena ez da auzi isolatua, eta bestelako problematikekin harremana du. Generoaren auzia nabarmendu du Arrizabalagak, eta arrakala nabarmena dagoela adierazi. "Datuak aztertzerakoan nahiko harrigarria egin zitzaidan alor horretan ere genero arrakala existitzen dela. Emakumezkoek lehenago emantzipatzeko joera dute, baina ohikoagoa da gizonezkoak bakarrik emantzipatzea. Emakumezkoek bikotekidearekin edo lagunekin emantzipatzera behartuta ikusten dute euren burua".

Datuek arrazoia ematen diote Arrizabalagari. Gazte emantzipatuen datu orokorra %34,2 den arren, generoz genero aztertuta, gizonezkoen %30,9 soilik dago emantzipatuta, eta emakumezkoen kasuan, berriz, %37,6. Emakumeak bakarrik emantzipatu ezinaren arazoa haien soldataren eragina izan daiteke. 18-34 urte bitarteko gazte soldatadun batek bere hileko soldata garbiaren %51,9 bideratu behar du, batez beste, alokairua ordaintzera. Datu hori genero ezberdinen artean alderatuz gero, gizonezkoek euren soldataren %49,1 bideratu behar dute eta emakumeek, aldiz, %56,6 bideratu behar izaten dute.

JOANES PLAZAOLA, ETXEBIZITZA SINDIKATUA: "GAZTEAK EZ DIRA GURASOEKIN BIZI NAHI DUTELAKO"

Etxebizitzarekin estuki lotuta dagoen beste arazo bat demografia da. Zail da etxebizitza bat izateko aukerarik gabe familia bat osatzea izatea buruan. "Etxebizitza bat izatea, kasik, pribilegio bilakatu da, eta, horrenbestez, guraso izateko aukera izatea ere bai". Eskuragarri dauden datuei begiratuta, etxebizitzaren auziaren eta auzi demografikoaren artean korrelazio bat badela pentsatu daiteke. 1996tik 2011ra, ama gazteek –35 urte baino gutxiagokoak– izandako haur kopurua 12.000 inguruan zegoen beti. 2011tik 2022rako datuei erreparatuta, berriz –emantzipazioaren konparaketa bat egiteko erabili diren datu berberak–, jaitsiera nabarmena izan dela ondorioztatu daiteke: 2011n gazteek izandako haur kopurua 12.157 zen eta 2022rako 6.812raino jaitsiak ziren jaiotzak.

Dirulaguntzen auzia

Instituzioak horren guztiorren jakitun dira, eta, horretarako, laguntzak jartzen dituzte herritarren eskura. Horren adibide da Emantzipa, 25 eta 29 urte bitarteko gazteen emantzipazioa bultzatzeko Jaurlaritzak sortutako laguntza. Erreportaje honetan ahalik eta ahots gehien jasotzeko asmoz, Emantzipako arduradunekin harremanetan jartzea izan da hasieratik asmoa, baina Emantzipak ez du inolako erantzunik eman, eskaera zuzendaritzara heldu dela ziurtatu den arren. Ahotsen faltan, sarean eskuragarri dauden datuetatik tiraka, esan daiteke Eusko Jaurlaritzak 2023aren hasieran gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategia onartu zuela.

Estrategiaren helburua 2030erako gazte emantzipatuen tasa %50ean kokatzea da, eta lehentasuna dela aipatzen du, aurrez aipatutako auzi demografikoan arreta jarrita: "Emantzipatzeko batez besteko adina aurreratzea lotuta dago gazteen aukerekin, euskal gizartea gaztetzearekin eta belaunaldi arteko eta belaunaldi barruko kohesioarekin. Herri-helburua da, eta lehen mailako lehentasuna Eusko Jaurlaritzarentzat". Auziaren diagnosi bat aurkezten du aurkezpen oharrak, eta honela laburbiltzen ditu emaitzak: "Emantzipazioaren atzerapenaren faktoreak ez dira materialak bakarrik, kulturalak ere badira". Faktore materialen artean "enplegua, etxebizitza eta errenta erabilgarria" aipatzen ditu Jaurlaritzak, eta konponbideak bost lan-lerrotan banatu: "Enplegua, etxebizitza, errenta, kohesioa eta erresilientzia".

Etxebizitzaren lan-lerroan hainbat neurri jasotzen dira; adibidez, "neurri txikiko bizitoki-irtenbideak eskuratzeko aukera" ematea eta "belaunaldien arteko cohousing-a eta coliving-a bultzatzea". Errentaren atalean, berriz, Emantzipak eskaintzen dituen 300 euroko dirulaguntzak azpimarratzen dira, bereziki, eta beste dirulaguntza batzuekin bateragarriak direla zehazten da, haren mugak ere aurkeztuta. Jaurlaritzak aurrerapauso gisara saldu arren, Arrizabalagak eta Plazaolak errezeloz begiratzen diete dirulaguntza horiei. Alde batetik, independizatzea gisa ezagutzen den fenomeno batek dependentzia egoera bat betikotzen duelako. Bestalde, laguntzen atzeko burokraziak dakarren oztopoa aipatu du Plazaolak: "Burokrazia horretarako egina dago, jasotzeko beharra duen horri bidea zaildu, eta amore eman dezan. Gainera, jende askorentzat ez da zaila, ezinezkoa da; batez ere, behar handien duten migranteentzat, laguntzak jasotzeko bete behar diren baldintzak ezin dituztelako bete".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak