Lurraren aurkako erasoen inguruan jardun dute Arrasaten

Itziar Larrañaga Sarasola 2024ko eka. 20a, 11:14

Hizlariak mahai-inguruaren hasieran.

Aramaioko Orixol Mendizale Elkarteak, Aramaixo Bizirik-ek eta Askapenak antolatuta trantsizio ekologikoaren testuinguruan lurraren aurka egindako erasoak izan zituzten berbagai atzo, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan.

Hamabost bat lagun elkartu ziren Aramaixo Bizirik-eko Beñat Arregi, Araba Bizirik-eko Iñigo Leza eta Erdiz Bizirik-eko Jon Elizetxe hizlariak entzuteko gogotsu, eta solasaldirako giro atsegina sortu zen.

Aramaioko Beñat Arregik hartu zuen hitza lehenengo. Itsaraz parke eolikoa (Statkraft) proiektuaren inguruan jardun zuen; Aramaio eta Eskoriatza artean 200 metro inguruko 8 eoliko jartzeko proiektuaz hain zuzen ere.  

Proiektuaren atzean Statkraft enpresa dago, eta Arregiren hitzetan, hasieran herria entzungo zutela esan arren, "errealitatean beraien proiektua aurkeztu eta gutxi gehiago" egin dute. Eta gogora ekarri zuen herrian 618 lagunek proiektuaren kontra sinatu zutela.

Itsaraz proiektuaren "atzean" daudenez ere jardun zuen. Arregik esan zuenez, proiektua gauzatuko lukeena Statkraft den arren, interesa dutenak beste batzuk ere badira: "Fagor da interes handiena duena, taldeak energia behar handia duelako". Bide horretan Krean dutela bidelagun esan zuen, eta Jaurlaritzaren babesa ere badutela.  Eta gaineratu zuenez, bailarako energiaren "ia %20 Fagor taldeak xurgatzen du".

Euskal Herriko ekonomia ereduak energiaren kontsumoan duen eraginaz ere hitz egin zuen Aramaixo Bizirik-eko kideak. Eta datu moduan partekatu zuen "kontsumitzen den energiaren %50a garraiora" bideratzen dela. "Bereziki inportazioan eta esportazioan oinarritzen da gure industria, materia prima hartu, eraldatu eta hori saltzen da; ekonomia lineala da", eta gaineratu zuen, horren garraioa "erregai fosilak erabiltzen dituzten kamioien bidez" egiten dela.

Itsaraz proiektuari dagokionez, bigarren alegazioa jarri dutela azaldu zuen, eta horretarako Udalaren laguntza izan dutela azpimarratu. Madrilen ari dira gaia tramitatzen, eta esperantza dute parkea atzera botako dutela.

Beñat Arregi alegatu diren puntuak azaltzen, atzo Kulturaten.

Parke eolikoen aurka daudenei kontrako jarreraz gain, alternatibak proposatzea ere eskatzen zaiela esan zuten hiru hizlariek. Testuinguru horretan, Arregik D2030ek egindako ikerketa bat ekarri zuen gogora. Biomasa eta teilatuetan eguzki-energiak erabiltzea proposatu zuen.

Arregiren ostean, Araba bizirik!-eko Iñigo Lezak hartu zuen hitza. Araba mailan indarrak batzea erabaki zutela azaldu zuen, bertan zeuden proiektu ezberdinen aurka elkarrekin ekinez. Manifestu bat adostu eta egitasmo ezberdinak txertatu zituzten: eolikoak, fotovoltaikoak nekazal lurretan, AHT, etab.

Euskal Herrian planteatzen diren proiektu eolikoen inguruan ez dagoela plan orokorrik ere salatu zuen. Beraien hitzetan "txanpinoien moduan ari dira agertzen proiektu eolikoak, plagintza orokor gabe, inprobisatzen".

Azkenik, 2007an sortu zen Erdiz Bizirik!-eko Jon Elizetxek hitz egin zuen. Baztan mailako plataforma bat dira, eta Magna multinazionalaren proiektuaren aurka egiteko sortu ziren. Gainera, mugimendu sozialaren indarrari esker, une hartan proiektua gelditzea lortu zutela nabarmendu zuen, proiektuak gelditzea posible dela aldarrikatuz: "Une hartan Erdizeko proiektu gelditu zen arren, berriz ere heldu dira. Baina oraingo honetan ere geldituko dugula espero dugu". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak