Puntua aldizkariaren 415. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Adineko Pertsonen Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen zapatuan, ekainak 15. Adinkeriari buruz gero eta gehiago entzuten ari garen honetan, hainbat adituk diote hori izango dela datozen urteetako borroka handienetako bat; adinarengatik eta estereotipoetan oinarrituta modu kontzientean zein ez kontzientean eragindako diskriminazioari aurre egitea.
Robert Butler gerontologo estatubatuarrari zor diogu kontzeptua; 1969an sortu zuen, eta ordutik hainbat gogoeta eragin ditu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2020an egindako inkesta baten arabera, hiru pertsonatik batek uste du adinekoak gaizki tratatzen dituela gure gizarteak.
Zaintzaren arkitekturak liburuan Irati Mogollonek eta Ana Fernandezek diote "betiko gaztetasunaren gizarteak baztertu eta diskriminatu" egiten dituela adineko pertsonak. Azaltzen dute estereotipo negatibo ohikoenak lotuta daudela narriadura fisiko eta kognitiboarekin, gaitasun faltarekin, gizarte isolamenduarekin, jarduerarik ezarekin eta baliorik ezarekin. "Oso ohikoak dira, halaber, adineko pertsonekiko erruki sentimendua, eta horrek jokabide jakin batzuk sor ditzake; esaterako, gehiegizko paternalismoa edo nork bere erabakiak hartzeari uztea (...) Gerta daiteke, gainera, diskriminazio hori beste diskriminazio batzuekin metatzea –generoa, arraza, egoera sozioekonomikoa...–, eta, beraz, ondorio negatiboak areagotzea".
Adituen arabera, adinkeria instituzionala, interpertsonala edo norbere buruarekikoa izan daiteke. Adinkeria gertatzen da, baita ere, adinekoak umetzen ditugunean edo zaintzan duten partaidetza kontrolatzen dugunean, eta haien erabakitzeko ahalmena mugatu.
Kontzeptuen garrantzia
Argi dago paradigma aldaketa sakon baten aurrean dagoela gure gizartea. Lorpen handiak egin dira eta bizi-itxaropena asko handitu da. Urteak dira hirugarren eta baita laugarren adinari buruz ere hitz egiten dugula.
Hala, ezin dira adineko pertsona guztiak zaku berean sartu. Lehentasunak, zaletasunak eta gaitasunak askotarikoak dira, eta gero eta agerikoagoa da ez dagoela adinari lotutako ez osasun egoera egokirik, ez portaera edo jarrera egokirik. Askotan oraindik ere kontrakoa uste bada, adinak ez du zertan eta beti garena markatzen.
Juanjo Sagarzazuk esperientzia luzea du sendagile moduan, eta adin guztietako makina bat paziente izan du, erretiroa hartzeko unea iritsi zaion arte. Kontzeptu moduan adinkeria ez du gustuko. "Uste dut hitzak oso garrantzitsuak direla, eta iruditzen zait adinkeria erabiliz arazoa handitu egiten dugula. Ez dut uste adinkeria –pertsona nagusien bazterkeria– arazo larria denik gure ingurunean. Bai uste dut egon daitekeela gertatzeko arriskua, eta ikusten ditut era desberdinetako kasu konkretuak gure artean, baina iruditzen zait gehiago direla baliabide mugatuen banaketak sortutako arazoak, eta ez kontzientzia faltagatik –eta gutxiago asmo txarrengatik– sortutakoak", azaldu du.
Hobetu beharreko gabeziei loturiko arazoak ikusten ditu gehiago, eta baliabideak neurtuak direlako gertatzen direnak. Eta adibide bat eman du: "Gure eskualdeko Aita Menni ospitalean, esaterako, ez dira onartzen Osakidetzako 65 urtetik gorako gaixoak".
Horrek ez du kentzen adinkeria benetako arrisku moduan ulertzea eta argi ibiltzea eskatzen duen gaitzat hartzea: "Eremu oso zehatzetan prebentzio neurriak hartzeko".
Gabezia nagusiei aurre egiteko, pentsio duinak, kalitatezko zainketak, desgaitasunak dituzten pertsonendako etxebizitza alternatiboak eta bakardadeari aurre egiteko neurriak jotzen ditu lehentasunezkotzat Oñatiko sendagileak.
Oñatiko Nagusien Mahaiko kide ere bada Sagarzazu, eta azaldu du bertan sortuta daukatela herriko egoera zein den neurtzeko ekimena. "Gaia konplexua da eta ikertzen ari gara oraindik ere".
Dena den, hainbat adibide jarri ditu: "Oztopo arkitektonikoei dagokienez, asko dago eginda, baina oraindik ere salatzen ditugu eginbeharrak. Teknologia arloan, gaitasun informatikoetan trebatzeko beharra ikusten dugu, Gizarte Segurantzarekin, finantza erakundeekin eta abar... dugun esperientziari eta eskaintzen diogun denboraren erabilgarritasunari probetxu hobea ateratzeko...".
Gai konkretu batek kezkatzen du, bereziki: "Alde batetik, zaintzaile faltak; eta, bestetik, zaintzaileen artean dagoen lanik ezak. Dokumentu faltagatik etorkinen artean sorgin zirkulu bat dago osatuta, eta etorkinen legalizazioarekin saihestuko litzateke arazoa".
Sagarzazuk argi du baliabideak beti izango direla mugatuak eta perfekzioa utopia dela. "Ongizatea eta elkarrizketaren eta negoziazioaren bidezko baliabideen banaketa arrazoizkoa eta zintzoa ditut nik helburu", azaltzen du.
Zahartzaro kontzienteak helburu
Zahartzaroak gero eta luzeagoak eta osasuntsuagoak badira ere, ia ukaezina da helduko direla mendekotasun eta zaintza premiak. Adineko pertsonek ardura handia adierazten dute: Nolakoa izango da nire bizitza? Nolakoak izango dira nire ongizate fisikoa eta emozionala? Nork zainduko nau beharra heltzerakoan?...
Galdera potoloak dira eta aditu gehienek diote bakarka zein modu kolektiboan egin beharreko bidea dela, eta garrantzitsua dela pertsona nagusien errealitateak eta kezkak ulertzea.
Instituzioek bultzatu edo lagundu beharreko prozesua da, eta, neurri batean, ekin diote bideari. Nork bere buruarekiko etxeko lanak ere bere gain hartu behar ditu, ordea. "Gizarteak kontziente izan behar du zabalduta dauden jarrera batzuk zuzendu egin behar direla. Eta zahartzaroa gerturatzen doan heinean ulertu behar dugu aurreikuspen batzuk egitea garrantzitsua dela, bestela beste batzuek hartuko dituzte erabakiak gure ordez", dio Mogollonek.
Hala, adineko pertsonek ere aktibo izan behar dute euren ongizatean, eta instituzioek, gizarteak zein familiek lagundu egin behar dute bide horretan. Prest egon behar da mendekotasun egoerak eta zaintza premiak agertzen direnerako; ahal dela, erabakiak autonomiarik galdu gabe hartzen jarraitzeko.
Horretarako, zahartze-prozesuaren kontzientzia izatea eta erabakiak aurreikuspenez hartzea ezinbestekoa da. "Euren bizi- zikloetara adi dauden ahaldundutako pertsonak behar dira, eta hori landu egiten da", dio Mogollonek. "Politika eraginkorrak formulatzeko eta zahartze osasungarriari buruzko neurriak hartzeko, ezinbesteko dira ezagutza, hausnarketa eta pentsamendu kritiko handiagoa gizarte osoan".
Garrantzitsua da, beraz, gaiaren inguruan informatzea, informazioa zabaltzea eta ingurukoekin adinari, mendekotasun egoerei eta adinkeriari buruz hitz egitea. Gaur egin, gehienetan, saihestu egiten diren gaiak dira.
Goienagusin ohartuta daude azken urteetan paradigma aldaketa bat gertatu dela. "Lehen, zaharra izatea balio positiboa zen. Gaur egun, ezkutatu beharreko zerbait da, eta badakigu ondorioz bakardadea, bazterkeria, ikusezintasuna eta zaurgarritasuna agertu edo areagotu egin direla", dio Gardokik. "Inportantea da adinkeria izenez ezagutzen dugun hori eztabaida publikora ekartzea eta gure erakundeei eskatzea kontuan har dezatela politikak garatzerakoan, egoera sozioekonomiko prekarioenetan bizi direnengan arreta berezia jarriz". Goienagusin argi dute, ordea, euren eginbeharra ez dela eztabaida eta aldarrikapenetan aritzea, gauzak egitea baizik. "Saiatzen gara eskaintza ahalik eta zabalena antolatzen gure ezagutza eta gaitasun intelektualak zabaldu eta trebatzeko asmoz, gure osasun fisiko eta mentala zainduz eta lagun-arteko harremanak sustatuz".
Zahartze prozesu hobeak
"Adinekoak izanagatik, oso-osorik gordetzen ditugu gure bizitzeko grina eta ikasten zein disfrutatzen jarraitzeko gogoa. Uste dugu gurea bezalako eginkizunetan parte hartzeak zahartze prozesu hobea, luzeagoa, aktiboagoa, osasungarriagoa eta pozgarriagoa izateko aukera ematen duela".
Kalteberatasunak sortutako bakardade eta depresio egoerekin kezkatuta daude Aretxabaleta Lagunkoia taldean. "Gizarteak estereotipo negatiboak nabarmentzen ditu, baita adineko jendeak ere", dio Zabalak. Esperientzia, maitasuna, tolerantzia eta halako alderdi positiboak gehiago baloratu beharko liratekeela uste du. "Egia da gehiago transmititzen dela jarrera aktiboa eta bizimodu osasuntsuagoa egiteko interesa duten adineko pertsonen irudia; izan ere, adinak mugatu egin dezake, baina norberaren jarrerak zehazten du proiekzioa".
Jarrerak aldatzeko premia
Basotxo elkartearen bidez sozializaziorako jarduerak egiten dituzte –bidaiak, kultura ekintzak, memoria tailerrak, ospakizunak...–, eta gizartearen sentsibilizazioa lantzen dute institutuan, Lanbide Eskolan eta GRS egoitzan antolatutako ekintzen bidez. Adin guztietako jendearendako ona den mundu bat egitea posible den galdetuta, hauxe dio: "Ez dakit posible izango den; izan ere, gero eta indibidualistagoak gara. Egiten dugun hori erakundeek bideratuta egiten dugu edo interesatzen zaigun horretan baino ez dugu parte hartzen. Joerak aldatu eta konpromiso sozial handiagoa hartu beharko genuke".
Eskubideen eta dauden baliabideen gaineko informazio ulerkor baten falta, tramiteetarako laguntzaile falta, konpetentzia digitaletan eguneratzeko bidelagun falta... Askotariko gabeziak sumatzen ditu Gorrotxategik pertsona nagusien egunerokoan. Horregatik, besteak beste, adinekoen bulegoak, hausnarketa espazioak eta formakuntza saioak sortzea proposatzen du. Uste du adinarteko ekintza gehiago bultzatu beharko liratekeela, eta auzoetan eta herrietan boluntario sareak antolatu beharko liratekeela.
Sasoibide taldeari dagokionez, sozializazioan eta osasunean lagungarriak diren paseoak antolatzen dituzte – astean bi–, eta parte hartzea sustatzeko askotariko proposamenak egiten dituzte, hala nola Emakumeak zientzian jardunaldiak, Hariak kontzertuak eta Minbiziaren Aurkako Martxa.
Politika hobeagoen premia
Egokiagoak diren politikak egitea posible dela uste du Gorrotxategik: "Horretarako, sentsibilitatea, gizatasuna eta inteligentzia areagotu egin beharko dira politikagintzan. Planifikatzen eta erabakitzen dutenek jakin beharko lukete denborak aurrera egin ahala adinekoak izango direla. Hori gogoan izanez gero, bestelakoak izango lirateke zenbait erabaki".