Urte eta erdiko lana izan da ordenantza berria lantzea, 2006tik indarrean dagoena eguneratu baitute, eta Eudelek helburu izan du, esate baterako, azken legedietan jasota dagoena ordenantzan txertatzea. "Ondorioz, udalek eskumen handiagoak dituzte animalien ongizateari buruzko araudi berria kontrolatzeko eta zaintzeko", adierazi du Esther Apraizek, Eudeleko lehendakariak. Haren arabera, udal ordenantza honek "jauzi kualitatiboa" dakar, "animalien ongizatearen kontzeptua barneratu duelako eta izaki bizidun sentikortzat" aitortzen duelako: "Animalien edukitza arduratsua arautuko duten betebeharrak eta debekuak ezartzen ditu, izaki sentikorrak diren errespetutik; gizarte aurreratu batean onartezinak diren portaerak saihesteko, hala nola tratu txarrak edo abandonua".
Hain justu, ordenantzan gogoan izan duten legeetako bat da Animalien Ongizatearen Legea. Espainiako Kongresuak iazko martxoan onartu zuen, eta orduz geroztik martxan da Hego Euskal Herrian ere. Bada, erabaki hori animalien ongizaterako urrats garrantzitsutzat jotzen du Itziar Zabaletak, Arrasateko Altamira albaitaritza klinikako albaitariak: "Lege honen beharra zegoen, animaliak izaki sentikortzat izendatzen baititu eta, horrekin batera, babes juridiko bat lortzen baitute; lehen, gauza edo objektu bat balira lez tratatzen genituen". Haren esanetan, gainera, legeak "betebeharrak" ezartzen dizkie animalien tutoreei –eta ez jabeei–, baina badira bi puntu zehaztu gabeak: "Legeak dio prestakuntza behar dela jaso animalia bat izan aurretik, baina ez du jasotzen horren xehetasunik; horrez gain, ardura zibileko segurua izan behar dutela dio, baina ez dago zehaztuta nola egin behar den".
Betebeharrak eta debekuak
Lege bat edo beste izan, ordea, Eudelek horietako batzuetatik zipriztinduta ondu du ordenantza. Etxeko animaliak –batez ere txakurrak, katuak eta hudoak– ez ezik ordenantzaren aplikazio eremuan daude animalia laguntzaileak –esate baterako, artzain txakurrak eta erreskatekoak– eta exotikoak. Hala, hori gogoan izanda, udalen eskumenei dagokienez, zenbait puntu zerrendatu ditu: berariaz debekatuta dago etxeko animaliak parkeetan eta kirol anitzeko pistetan sartzea, eta, horrez gain, ezingo dira iturri apaingarrietan bainatu eta ezingo dute giza kontsumoetarako diren iturrietatik uda edan. Are gehiago, udalak zehaztuko ditu txakurrak aske egon daitezkeen ordutegiak eta udalerriko eremuak, eta ezingo dira, gainera, elikagaien salmentarako establezimenduetan, ikuskizun publikoko guneetan, igerilekuetan edo osasun zentroetan sartu.
Ordenantzak araututako esparruetan ere bada osasun publikoari dagokion bat, eta bi atal ditu nabarmenduta: batetik, jabeek ezingo dituzte animalien gorpuak bere kontura desagerrarazi, ezta zaborrontzietan utzi ere; bestetik, debekatuta egongo da animaliei janaria eremu publikoan uztea, Udalak onartutako katu-kolonien kasuan izan ezik; izan ere, udalari dagokio katu kolonien eta katu komunitarioen kontrola eta kudeaketa.
Isunak zehaztuta
Eudelek arau-hausteak eta zehapenak ere jaso ditu ordenantza berrian, hiru mailatan banatuta: arina bada –mina, beldurra edo estresa eragitea; eskualdaketa egin aurretik ez esterilizatzea; albaitaritza tratamendurik ez ematea...–, ohartarazpen bat edo ehun eurotik 3.000 eurora arteko isuna ezar liezaiokete jabeari; larria bada –lesioak eragitea; katua edo hudoa 24 orduz bakarrik uztea edo txakurra 12 orduz...–, 3.001 eurotik 10.000 eurora arteko isuna jar daiteke; eta azkenik, oso larria –tratu txarrak egitea; albaitariaren kontrolik gabe hiltzea edo esterilizatzea; mutilatzea...– izanez gero, 10.001 eurotik 100.000 eurora artekoa izan daiteke isuna.