Idoia Asurmendi: "Aspaldiko ametsa dut Monterronen kantatzea"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko eka. 14a, 12:40

Boskote formatuan aurkeztuko du De amar y desandar bilduma berria bihar, zapatua, arrasateko Monterron parkean –eguraldi txarra bada, Amaia antzokian–, 19:30ean.

Martxoaren 22an argitaratu zuen bigarren bilduma, eta "gogotsu" dago Idoia Asurmendi (Aramaio, 2000) kantu "pertsonalak" Arrasaten partekatzeko.

Zelan zaude?

Pozik; hasiera ederra ari da izaten. Mimoz egindako lana da eta mimoz ari naiz aurkezten.

Ondo hartu zaitu publikoak Amar y desandar lanarekin?

Maitasun handia igarri dut kontzertuetan eta oso eskertuta nago. Bi urtean ibili naiz diskoarekin bueltaka, baina jendearentzako berria da. Bi hilabete eta erdi bakarrik dira kaleratu genuela, eta dagoeneko jendea entzuten dut kantuan!

Lehenengo lanarekin sekulako arrakasta izan zenuen.

Bai, egia esan, urrun ikusten dut, baina Euskal Herrian zehar bira potentea egin genuen.

Baina gorputzak geratzeko esan zizun gero.

Bai; denboraz konturatu nintzen. Gauza berri asko ari nintzen bizitzen, aldaketa asko, eta denbora gutxi hori guztia asimilatzeko. Gorputzari entzunda, atseden hartu nuen.

Eta ikasketa prozesu horren isla du De amar y desandar bildumak, disko kontzeptuala dela diozu eta.

Bai; azken bi urteetako nire etapa kontatzen du diskoak. Kantu bakoitza badelako oroitzapen bat, bizipen ezberdin bat. Horregatik esaten dut kantu oso pertsonalak direla; nire lanketa pertsonalaren emaitza.

"Niretzat oparia eta gertukoei eskerrak emateko modua da 'De amar y desandar' diskoa"

Inguruan duzun sareari eskerrak emateko ere baliatu gura duzu; nor eskertzeko, adibidez?

Inguruan dudan jendeari garrantzia eta balioa eman gura diot. Niretzat disko hau oparia izan da, eta gertukoei eskerrak emateko modu bat ere bai. Sare handia daukat; disko fisikoko amaierako orrialdeetan tarte bat hartu dut izen mordo bat idazteko, baina motz geratu zitzaidan; kar-kar.

Aurkeztuko dituzu musikariak?

Batetik, aurreko diskoko kontzertuetan nirekin izan zirenak: Joanes Ederra, baxuarekin; Ander Ederra, gitarrarekin; eta Karlos Aranzegi bateria-jolea. Eta bestetik, Txus Aranburu taldekide berria, teklatuekin eta akordeoiarekin. Errepertorioa aldatu egin da, musika estilo ezberdina da.

Zertan aldatu da soinua?

Zaila egiten zait nire kantuak etiketatzea, baina uste dut kantuak gordinagoak direla, soilagoak, produkzio handi barik, instrumentu gutxirekin; kantu batzuetan nire arnasa entzuten da. Naturaltasun hori lortzen saiatu gara. Teknologiaren mundua garatuta dago gaur egun; bada, gu kontrara joan gara.

Horregatik esan dizute ausarta zarela?

Bai; jende askok esan dit, eta bitxia iruditu zait. Ausarta izatea, betiko zerbait eginda, bada, kuriosoa iruditu zait; erraietara joan gara eta nire erreferentziak kantautore zaharrak izan dira, eta, horrenbestez, paradoxikoa iruditzen zait ausarta naizela entzutea.

Hasiera batean, Monterronen izango da kontzertua; gustuko tokia?

Oso; elkarrizketetan kontzertu bat jotzeko nire ametsetako tokia zein den galdetzen didatenean, Monterron esaten dut. Orain dela bost urte Mikel Urdangarin ikusten egon nintzen lagun batekin, eta, etxerako bueltan, Monterronen kontzertua egitearekin amestu genuen.

Bea ahizparekin Londresen egin zenuen kontzertua; zer moduz?

Oso polita izan zen Camdem Townen jotzea; nork bere kantuak lehenengo, eta elkarrekin gero.

Zelan dator uda zuretako?

Lasai; laster iragarriko ditut kontzertu batzuk, baina gutxi izango dira. Udazkenean abiatuko dugu indarrez bira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak