EH Bilduk eskualderako proiektu estrategikoa aurkeztu du

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko eka. 13a, 15:48

Hiru ardatzetan banatu dute proiektu estrategikoaren ekintza plana: ongizatea, trantsizio ekosoziala eta sozioekonomia. Arlo bakoitzean dauden erronkak eta haiei aurre egiteko dituzten proposamenak aurkeztu zituzten jendaurrean.

Atzo Bergarako Seminarixoan egindako agerraldian, Euskal Herria Bilduk Debagoienerako prestatu duen proiektu estrategikoaren berri eman zuen. Eskualdeko proiektuak sei beharri erantzuten diela azaldu zuten, eta behar horiei erantzuteko hiru ardatzetan banatutako ekintza plana finkatu dute: ongizatea, trantsizio ekosoziala eta sozioekonomia. "Momentua iritsi da urrats hau egiteko. Gaur egungo erronkek eskatzen dituzten akordioak eraikitzeko eta Debagoieneko eragile sozial, kultural eta ekonomikoek izan behar duten protagonismoari bide emateko", adierazi zuen Haize Kortabarriak, Debagoieneko EH Bilduren Herrigintza arduradunak. Gainera, erronkei aurre egiteko elkarlanaren eredua azpimarratu nahi izan zuten.

Ongizatea

Arlo horretan pobreziari eta gizarte bazterkeriari aurre egiteko neurriak hartzeko beharra eta aldaketa demografikoen aldaketen aurrean zaintza-sistema zerbitzuak egokitzeko erronkak dituztela adierazi zuten Nagore Ipiñak eta Nerea Zubiak: "Debagoiena inklusibo bat dugu helburu. Bertako herritar bakoitzaren eta guztien ongizatea bermatzeko eta bizitza-proiektu duin batzuk eraikitzeko testuinguruak eta baldintzak eskaintzen dituena". Hori lortzeko, ongizatearen arloan hiru proposamen jarri nahi dituzte martxan: eskualdeko harrera herrien sarea eratzea; zaintza lanak egiten dituzten langileen antolakuntzarako egiturak sustatzea; eta etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurriak hartzea.

Trantsizio ekosoziala

Bigarren lan-ildo bezala trantsizio ekosoziala azpimarratu zuten Garazi Etxeberriak eta Nestor Aranak. Lehentasunezkotzat jo zuten erregai fosilekiko dagoen dependentzia murriz-tea eta natura-baliabiden erabilera arduratsuago baterako bidea hartzea. "Gainditu diren muga kopuruak eta daramaten eboluzio negatiboak emergentzia ekologikoaren eszenatoki konplexu batean jartzen gaitu. Gainera, erregai fosilen dependentziari erreparatuta, Euskal Herria egoera bereziki zaurgarrian dago. Horregatik oso garrantzitsua da natura-baliadideen erabilera arduratsuagoa egitea", dio Nestor Aranak.

Erronka horiei aurre egiteko lau proposamen aurkeztu zituzten: eskualde mailako mugikortasun plan estrategikoaren eraikuntza; energia sorkuntzarako aukeren ikerketa burutzea; eskualde mailako energia aholkularitza zerbitzua martxan jartzea; eta trantsizio ekosozialaren bidean adostasun zabalak lortzeko lan egitea.

Eremu sozioekonomikoa

Hirugarren lan-ildoak dituen erronkak Iosu Lizarraldek eta Ibon Unzetabarrenetxeak aztertu zituzten. Erronka nagusia etorkizunean langileak ordezkatzeko egongo den zailtasunari erantzutea izango dela diote; batez ere, txikizkako negozioen oinordekotza bermatzea. Horrez gain, lehen sektoreari lotutako eta industriari lotutako erronkak ere atzeman dituzte. "Eskualdean eskumen guztiak ez dira berdinak; beraz, batzuetan bultzatzaileak izan beharko dugu eta beste batzuetan bidelagun izan beharko dugu", adierazi zuen Iosu Lizarraldek.

Arlo horretarako hiru pro posamen dituzte: txikizkako negozioen beharrei erantzun eta oinordekotza bermatzea; Debagoieneko elikadura sistema aztertzea eta agroekologiaren bidean indartzeko urra- tsak proposatzea; eta Debagoieneko sare industrialeko konposizio eta konpetentzien argazkia egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak