Gazteen ongizate emozionalaren diagnostiko zehatza egitea dute jomuga Aretxabaletako eta Eskoriatzako udal ordezkariek, ondoren neurri zehatzak hartu ahal izateko. Prebentzio Mahaian du abiapuntua ekimenak. "Orain dela urte batzuk sortu zen mahai hori, une hartan zeuden beharrei erantzuteko. Eta orain ere horrek lideratuko du", adierazi du Ongizate Saileko zinegotzi Nerea Zubillagak. Mahai horretako kideek –bi udaletako ordezkariak, ikastetxeetakoak, osasungintzakoak, guraso elkarteetakoak, gaztelekuakoak...– ikusi dute bere garaian abian jarritako ekintzek eguneratu beharra zutela, bereziki, "adikzioen fenomenoa aldakorra delako", eta lanketa bat egitea proposatu dute. Diagnostikoa idazteko eta prozesu hori dinamizatzeko ardura Garaia Osasunerako Sustapena SL enpresak izango du, osasun hezkuntzan eta adikzioen prebentzio arloan adituak.
Gizarte eragileen parte-hartzea
Ongizate emozionalaren gaineko lanketa horretan adikzioak aztertuko dituzte, baina baita nerabeen aisialdia eta harremanak ere: "Substantzien kontsumoarekin eta bestelako adikzioekin zerikusia duten arriskuak eta babes faktoreak ezagutuko ditugu", adierazi du Maider Etxanizek, Udaleko Gazteria teknikariak. Horregatik, nerabeekin zuzenean egingo dute lan, baita haiekin hartu-emana duten udalerrietako eragileekin, elkarteetako ordezkariekin eta herritarrekin ere.
Hainbat fasetan banatu dute lanketa. Lehenengoa izango da gazteen foroa osatzea; ekainaren 18an egingo dute hori, 12 eta 16 urte bitarteko nerabeekin. DBHko 40 ikaslek hartuko dute parte; Arizmendi Ikastolako eta Kurtzebarri Institutuko lehen zikloko hogei eta bigarren zikloko beste hogei elkartuko dira. Bizi-ohituren, kontsumoen eta bestelako jarreren inguruan egingo dute berba foro horretan.
Ondoren, udazkenean, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako, DBHko, batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei inkesta bat bideratuko diete.
Gero, herriko eragileekin osatutako eztabaida-taldeak sortuko dituzte, gaur egungo egoeraren gainean hausnartzeko; hiru talde izango dira. "Udalerrietako gizarte ordezkaritza zabala gonbidatuko da. Horrez gain, herritar orok bere iritzia emateko aukera izan dezan, udaletako webguneetan gaiaren inguruko inkesta bat zintzilikatuko da", dio Etxanizek.
Diagnostikoaren faseak
Gazteen ongizate emozionala lantzeko jarritako epeak:
• Ekaina: gazteen foroa osatu 12 eta 16 urte bitarteko nerabeekin.
• Iraila: galdetegi bat zabaldu ikastetxeetan, LHko 5. mailatik hasi eta DBHko, batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleek betetzeko.
• Urria: herriko eragileekin foroak osatu: hezkuntza formaleko eta ez-formaleko ordezkariek, osasungintzako profesionalek, dendari eta ostalariek...
• Abendua: diagnostikoaren aurkezpena.
• Azken fasea 2025ean: neurri zehatzak definitu, lehentasunezko esku-hartze lerroak ezarrita.
Diagnostikoaren aurkezpena
2024ko abenduan egingo dute, ondo bidean. Eta 2025ean prozesuaren azken faseari helduko diote. Prebentzio, sentsibilizazio eta hezkuntza zein arlo komunitarioan garatu daitezkeen neurri zehatzagoak definituko dituzte, datozen urteetarako lehentasunezko esku-hartze lerroak ezarrita.