Haur eta nerabeak baino 1.002 txakur gehiago daude Debagoienean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko eka. 18a, 07:00

Eskualdean ez ezik, Aramaion, Elgetan, Eskoriatzan, Leintz Gatzagan eta Oñatin ere gehiago dira txakurrak 15 urtez azpiko herritarrak baino; datuak bestelakoak dira, ordea, biztanleria orokorrari erreparatuz gero.

EAEko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorreko datuak aintzat hartuz gero, 15 urtetik beherako herritarrak baino 1.002 txakur gehiago daude gaur-gaurkoz Debagoienean, aurtengo maiatzeko erregistroen arabera: 8.851 haur eta nerabe daude, eta 9.853 dira txakurrak. Beste adierazle batzuei erreparatuz gero, honakoa da bailarako errealitatea: hamar umeko 11,1 txakur daude.

Biztanleria orokorraren eta txakurren arteko konparaketa eginez gero, aldiz, bestelakoa da egoera, txakurrak gutxiago baitira. Emandako datuen arabera, eskualdean 64.178 biztanle eta 9.853 txakur daude guztira; eta, beraz, 1,5ekoa da hamar biztanleko txakur kopurua.

Herriz herriko egoerari dagokionez, Arrasaten daude txakur gehienak, baina hamar herritarrekiko datuarekin alderatuz gero, Debagoieneko baxuena da; hau da, hamar biztanleko 1,09 txakur daude. Era berean, hamar haur edo nerabeko txakur gutxien dituen herria ere bada: 8,8.

Beste bi herritan ere, Antzuolan eta Aretxabaletan, Arrasateko joera berdina antzematen da, 15 urtetik beherako biztanleak txakurrak baino gehiago baitira; hurrenez hurren, Antzuolan 9,1 txakur daude hamar haur eta nerabeko, eta 9,5 dira Aretxabaletan. Bergaran ere txakurrak baino gehiago dira profil hori duten herritarrak, baina lauko aldea dago soilik haien artean.

Arrasaten, Aretxabaletan eta Antzuolan, beraz, 15 urtetik beherako gazteak txakurrak baino gehiago dira. Ez da horrela, ordea, beste herrietan.

Esate baterako, Aramaio da azpimarratu beharreko eremuetako bat: 15 urtez azpiko 204 herritar eta 706 txakur daude. Beraz, hamar haur edo nerabeko txakur kopurua 34,6koa da; hirukoitza, beraz. Areago, nabarmena da Leintz Gatzagako errealitatea ere, laukoiztu egiten baita txakurren kopurua hamar umeenarekiko alderatuta: 41,4.

Dena den, gogoan izan behar da herri txikiagoak direla, eta, beraz, demografikoki, umeen kopurua ere baxuagoa dela beste herri batzuekin alderatuta. Gainera, era berean, landa eremuak izan ohi dira, eta horrek txakurren kopuru handiagoan eragina izatea litekeena da.

Elgetan eta Eskoriatzan ere gehiago dira txakurrak 15 urtez azpikoak baino. Elgetako kasuan, hamar haur edo nerabeko 14,8 txakur daude, eta Eskoriatzan, berriz, 19,9. Are gehiago, Eskoriatzako kopuru absolutuko diferentziala da nabarmenena, 15 urtetik beherako 544 herritar eta 1.080 txakur baitaude; hau da, erdia.

Txakurren erdia, konpainiarako

EAEko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrak txakurrak zertarako erabiltzen diren ere jasotzen du, lau multzo banatuta: konpainia, ehiza, zaintza edo artzaintza, eta beste erabilera batzuk. Bada, hori gogoan izanda, ondorioztatu daitekeena da bailarako txakurren erdia –%51, zehazki– konpainiarako erabiltzen dela, ondoren ehizan erabiltzeko –%34– eta, azkenik, zaintza edo artzaintzarako –%15–.

Herriz herri, Arrasaten, adibidez, txakur gehien edukitzeaz gain Debagoieneko herrien artean, hamarretik ia zazpi –%66,9– konpainiarako erabiltzen dira. Datua ez da harritzekoa, hirigunea baita; kontrara, ordea, landagunea izanik, harridura sor dezake Leintz Gatzagak, txakurren %58,2 erabiltzen baita funtzio horretarako. Txakurrak konpainiatzat gutxien erabiltzen dituzten debagoiendarrak, azkenik, aramaioarrak dira: hamarretik hiru inguru –%32,6– darabilkie horretarako.

Ehizarako erabilerari dagokionez, Oñatikoa da daturik deigarriena: txakurren %46,7 erabiltzen da ehizan egiteko, eta hurrenez hurren du Aramaio –%42,9–. Beste aldeari erreparatuz gero, gutxien, Leintz Gatzagan: %14,3.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak