Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak hitzarmena sinatu du eskualde ezberdinetako instituzioekin, tartean Debagoieneko Mankomunitatea, Dorleta Elkorobarrutia presidentearen eskutik. Guztira, 550.000 euroko inbertsioa egingo du Jasangarritasun Departamentuak, eta horietatik 55.000 euro bideratuko dira Debagoienera; energia-planak sustatu, pobrezia energetikoari aurre egin eta eskualdeko eredu energetiko jasangarria sustatu ahal izateko.
Akordioaren helburua Gipuzkoako jasangarritasun energetikoaren estrategia zabaltzea da, eskualdeko energia-planak bultzatuz. Modu honetan, eskualde guztiek beren energia-plan propioa izatea nahi da, jasangarritasun energetikoaren bidean aurrera pausoak eman ahal izateko, Gipuzkoa Klima 2050 estrategian ezarri ziren helburuekin bat etorriz. "Funtsezkoa da Gipuzkoan trantsizio energetiko bidezko eta jasangarri baterantz aurrera egitea. 550.000 euroko inbertsio honen bidez, gure eskualdeei laguntzen diegu energia berriztagarrien erabilera eta energia-eraginkortasuna sustatuko duten tokiko energia-planak gara ditzaten. Horrek pobrezia energetikoari aurre egiten lagunduko du, gure mendekotasun energetikoa eta CO2 emisioak murriztuko ditu, klima aldaketari buruzko Gipuzkoako "Gipuzkoa Klima 2050" estrategiaren ildotik. Eskualde-garapeneko agentzien parte-hartzea funtsezkoa da, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak baitira eta tokiko ekintza eraginkorrak koordina baititzakete." adierazi du Jose Ignacio Asensiok, Jasangarritasuneko diputatuak.
Debagoieneko plangintza
Debagoieneko kasuan, enpresei zuzendutako energia-efizientzia azterlanak egitea proposatzen da, energia berriztagarriak erabiltzeko aukerak zeintzuk diren ikusi ahal izateko. Bide horretan, industrialdeetan autokontsumo partekaturako instalazio fotovoltaikoak egitea nahi da, eta industria-, merkataritza-, ostalaritza- eta lehen sektorean energia berriztagarriak sustatzeko neurriak hartzea.